NAIZ

Harrera beroa jaso dute Bera Berako eta Realeko jokalariek Gipuzkoako Aldundian

Eskubaloiko taldeak Liga irabazi berri du Ohorezko Mailan eta futboleko txuri-urdinek bigarren amaitu dute Lehen mailako Liga, historian lehen aldiz Txapeldunen ligarako sailkapena lortuz.

Bera Berako eta Realeko jokalariak, Gipuzkoako Aldundiaren aurrean jaso duten agurrari adi.
Bera Berako eta Realeko jokalariak, Gipuzkoako Aldundiaren aurrean jaso duten agurrari adi. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Egun berezia bizi izan dute astearte honetan Super Amara Bera Bera eskubaloi eta Realeko futbol taldeetako jokalariek. Izan ere, Gipuzkoako Aldundiak harrera beroa egin die Donostian duen erakinean aurten bi taldeek lortutako sari potoloengatik.

Super Amara Bera Berak, etxean jokatutako Kopako porrota sufritu eta astebetera, eskubaloiko Ohorezko Mailako Liga irabazi berri du, historiako zortzigarrena eta hirugarrena segidan. Realeko jokalariek, aldiz, bigarren amaitu dute pasa den asteburuan amaitutako Lehen Mailako Liga. Ez hori bakarrik; txuri-urdinak, historian lehendabiziko aldiz, Txapeldunen Ligarako sailkapena lortu dute eta datorren denboraldian Europako talde onenekin arituko dira.

Gipuzkoako Aldundiak zorionak eman die bi klubei eta azpimarratu duenez, «gaurko harrera berezi honekin zuen ahalegina eta hobetzeko grina txalotu nahi ditugu. Zuetaz harro gaude!».

Bi talde hauena ez da Gipuzkoak lortu dituen sari bakarrak. Izan ere, izotz hockeyko Txuri-Urdinek dobletea sinatu du aurten, historian lehendabiziko aldiz baita ere, Liga eta Kopa irabazita. Jokalari hauek martxoaren amaieran jaso zuten harrera, Aste Santuan Jacan, Kopa irabazi ostean. Gainera, maitzaren 12an, Anoetan, omenaldia jaso zuten Realaren eta ikusleen partetik.