Vanesa Gimbert, bizitza futbolik gabe ulertzen ez duen jokalaria
Vanesa Gimbertek gorengo mailan debuta egin zuenean, 1999an, egun Athleticeko jokalariak diren asko jaio gabe zeuden eta jaiota zeudenak, umeak ziren. Bergararrak 23 urte eman ditu futbolean jokatzen, gorengo mailan eta «bide luze hau motza egin» zaiola onartu du bere agur prentsaurrekoan.
«Ez dut ulertzen bizitza futbolik gabe». Vanesa Gimberten bizitzako leloa izan daiteke. Bergararra beti egon da baloiari lotuta eta bere bizitza erdia baino gehiago futboleko gorengo mailan jokatzen eman du. Duela 23 urte egin zuen debuta orduan Superliga deitzen zen txapelketan, Levanteren koloreak defendatuz. «Inoiz ez nuen pentsatu futbolari izatea, garai hartan pentsaezina zen. Orain hori aldatu egin da», adierazi du. Garai haietan ezezkorik ez esateagatik bere guraso eta familiak eskertu nahi izan ditu.
«Aitzindari izan direnei, bidea ireki eta bidea egin zuten horiei» ere eskertza eskaini die baina egiari zor, Gimbert bada bidea ireki zuten horietako bat, bidea egiten lagundu duena eta emakumezkoen futbolaren garapenean giltzarri sendo bat izan dena. Guztia batzen du erdilari izatetik atzelari izatera igaro den futbolariak, inoiz lekua galdu ez duen futbolariak. Beti leku egokian une egokian, baloia errekuperatzeko, jokoa hasteko, errematatzeko...
Une egokian eta leku egokian, baina fokoetatik aparte. Isil-isilik egin du bidea, «bide luzea izan dena baina motza egin» zaiona. Eta uste du erretiroa ere une «egokian» hartzen duela: «Denboraldi-aurrea molestia batzuekin hasi nuen, erritmoa hartzea kostatu egiten zait eta erritmorik gabe, gutxiago jokatzen duzu; gutxiago jokatzean, erritmoa hartzea gehiago kostatzen da... Dinamika horretan sartuta, argiago ikusi nuen hartzen nuen erabakia zuzena zela».
39 urte zituela, 2019an, minutu guztiak jokatu zituen bigarren denboraldiz jarraian. 33 urterekin iritsi zen Athleticera, «une egokian» baita ere, nahiz eta batzuentzat berandu izan. Iñigo Juaristi urtez urte bera fitxatzeagatik tematu ostean, 2013an hartu zuen etxerako bueta. Gaztea zela Bergara utzi eta Andaluziara bidea egin baitzuen, familiarengatik. Montillan hasi zen jokatzen, ondoren Levantek fitxatu eta punta-puntako taldeetan lehiatu da –Huelvako Estudiantes, Sevilla, Rayo, Espanyol eta Athletic–. Halaxe bilakatu da euskal futbolaririk loriatsuena bost liga eta bost Kopa irabazita.
Azkena, Athleticekin 2016an irabazitako liga: «2016ko uztailaren 7 hura ez dut sekula ahaztuko, Bilboko kaleetan liga garaikurra eskaini genuen eguna». Denboraldi hori bereziki ona izan zela oroitu du, «jardunaldi asko pasa baitziren ezin genuela hutsik egin eta asko disfrutatu nuen».
Bost Kopa ere irabazi ditu baina bat bera ere ez Athleticekin. Klub zuri-gorriak ez du sekula Koparik irabazi eta horren errudun, hein handi batean, Gimbert bera ere bada. Berak irabaz izuen azken Kopan, Espanyolen elastikoa defendatzen, hain zuzen ere, Athletic izan baitzen finaleko arerio (2012an). Luzapeneko azken minutuan egin zuen garaipenaren gola Maripaz Vilasek eta modu krudelenean jaso zuen porrota talde bizkaitarrak, Orueta eta Irene Paredes txartel gorriarekin kanporatuta, penaltietarako atezain aldaketa egitear zirela...
Futbolaren alde gozoak zein gaziak bizi izan ditu. 23 urtean ez dago beste erremediorik. Txanponaren beste aldea ere bizi izan zuen Athleticekin Kopako finalera iritsi zenean, 2014an, Bartzelonaren aurka penaltietan galdu zutenean. «Arantza» bat gordetzen du Athleticekin Koparik irabazi ez izanagatik, baita Hispalis taldearekin ligarik ez irabazteagatik ere: «Talde hark merezi zuen saria».
Orain Bartzelona punta-puntan ikusten dugun bezala, Gimbertek defendatu duen talde oro egon da goian. Orain batek esango luke Espanyol eta Rayo Vallecanok duopolio latza osatu zutenik... Zenbat aldatu diren gauzak, kamarada. Biak ala biak Bigarren Mailan daude –Rayo orain jaitsi da eta Espanyol, iaz– eta Gimbert, «bizitza futbolik gabe ulertzen ez» duen futbolariak erretiroa hartu du.
2010ean Basaurin jokatu zen Kopako finalean ere han zen Vanesa Gimbert, Rayoren elastikoarekin, oraingo honetan porrota jasoz. Ordukoak dira sortuak ditudan bere lehendabiziko oroitzapenak, euskaldun bat ligako punta-puntako taldean zebilela orduan ohartu bainintzen.
Etapa bat bukatzean ohartzen gara «zer galdu» dugun. Malko eta txalo zaparraden artean agurtu da euskal futbolari loriatsuena, zarata handirik egin gabe futbolaren eboluzioaren parte izan dena, emakumezkoen futbolean baldintzak hobeak izateko borrokatu duena, mito eta estereotipoei kasurik egin ez eta 42 urtera arte futbolean gorengo maila jokatu duena.
«Espero dut defendatu dudan klub bakoitzean espero bezala jardun izana, espero futbolari eman didan guztia itzuli izana». Baiezkoa ez du inork zalantzan jartzen.