NAIZ

Bake ekintzaileek Baionako Auzitegia blokeatu dute Fiskaltzaren jokabidea salatzeko

25 bat ekintzailek Baionako Auzitegia blokeatu dute desobedientzia ekintza berri batean. Bake Bideak azaldu duenez, kartzela zigor luzeak bete dituzten presoei dagozkien askatasun auzietan Fiskaltzaren jokabidea salatzea xede du protestak. Lau orduren buruan, Poliziak kanporatu egin ditu.

Baionako auzitegiaren sarrera nagusia blokeatu dute bake ekintzaileek.
Baionako auzitegiaren sarrera nagusia blokeatu dute bake ekintzaileek. (Bob EDME)

Ostiral honen arratsaldeko hirurak pasatxo 25 ekintzaile Baionako Auzitegira bertaratu dira. Horietarik zortzi egoitzaren sarreran kateatu dira. Horrela, egoitzaren sarrera nagusia blokeaturik gelditu da.

Bake Bideak oharra zabaldu du ekintzaren berri emanez. Elkarteak azaldu duenez, «ekimen honen helburua Fiskaltza Antiterrorista eta Fiskaltza Orokorraren jarrera salatzea da».

Oroitarazi duenez aste honetan «berriz ere Jon Parot eta Jakes Esnales baldintzapeko askatsunaren aurka posizionatu dira» Ministerio publikoaren ordezkariak.

Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoen baldintzapeko askatasuna oztopatzeko Fiskaltzak duen jarrera «mendekatzailea» salatu dute sare sozialen bidez ekintzaileek, herritarrei bertaratzeko deia luzatu dietela, desobedientzia ekimena babesteko.

Lau orduren buruan, arratsaldeko 19.00ak inguru, CRSen zazpi furgoneta iritsi dira Auzitegira eta Polizia ekintzaileak kanporatzen hasi da, arrastaka eta airean, eta kateatuta zeudenei kateak mozten. «Euskal presoak etxera» oihu eginez eta bakea eraikitzen jarraituko dutela esanez erantzun diete bakegileek.

 

Zazpi eta erdiak pasata bakegileek bukatutzat eman dute desobedientzia ekintza eta ekainaren 11ko hitzordurako deia egin dute.

 

32 urte espetxean

Bi preso lapurtarrek 32 urte daramatzate kartzelan eta hilabete honetan aztergai du frantses Justiziak bien baldintzapeko askatasun eskaerak.

Zehazki, maiatzaren 13an, Ion Kepa Parotek aurkezturiko seigarren eskaera aztergai izan ondoren, atzo, Jakes Esnalen bigarren galdera aztertu zuen Dei Auzitegiak.

Preso lohizundarraren askatasunari buruzko erabakia heldu den ekainaren 9an ezagutuko da, eta Ion Parotek eginiko eskaeraren gainean ekainaren 15ean jakinaraziko du jujeak.

Bakegileek eta Bake Bideak manifestazioa deitu dute zigor luzeak bee dituzte presoak berehala askatzea galdetzeko, ekainaren 11n, Baionan.

Laugarren desobedientzia ekintza

Oroitzearren, urtarrilaren 8an Baionako karrikak zeharkatu zituen manifestazioaren ostean desobedientzia ekintzetan parte hartzeko izena eman zuten herritarrak azaldu ziren San Andreseko plazan ezarritako oholtzan.

Otsailaren 18an, berrehun bat lagunek parte hartu zuten Baionako Suprefeturan eginiko lehen ekintza batean.

Euripean, Estatuaren ordezkaritzaren egoitza hainbat ordutan blokeatu zuten.

Horren ondotik, Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal atxilotu zituztenetik 32 urte bete ziren asteburuan ekintza bina egin zituzten bake ekintzaileek.

Biarritzen Zerga Etxea apirilaren 1ean okupatu ondoren, biharamunean Urruña eta Hazparnetik barraskilo operazioari bukaera emanez A63 autobidea blokeatu zuten bi norabideetan ordu erdi batez Biarritzeko peajearen parean.