SPONSORED CONTENT

Bertako oiloekin egindako gutiziak, Eroski dendentan

Bertako produktuak bezeroen esku jartzeko ahaleginean sakonduz, Eroski Delikatetxe kooperatibaren produktuak saltzen hasi da: oilo-salda, hanburgesak eta berdura-kontserbak, guztiak arraultzak jartzeko erabilitako oiloekin eginak. Ekonomia zirkularrean oinarritutako jakiak, orain, Eroski dendetan.

Alazne Jaio, Edurne García eta Xabier Gorrotxategi, Elorrioko Delikatetxe kooperatibako sortzaileak.
Alazne Jaio, Edurne García eta Xabier Gorrotxategi, Elorrioko Delikatetxe kooperatibako sortzaileak. (NAIZ)

Delikatetxe kooperatiba enpresa berria da. Elorrion kokatua, 2021eko amaieran eman zituen lehen urratsak Alazne Jaio, Edurne García eta Xabier Gorrotxategi ekintzaileen eskutik. Beren negozio ideia ere berritzailea da, izan ere, arraultzak jartzeko erabilitako oiloei aprobetxamendu berria aurkitu diete eta horien haragiarekin hanburgesak, oilo-salda eta berdura-kontserbak egiten hasi dira, bertako osagaiekin eta modu tradizionalean.

«Ikusi genuen baserritarrek arazo bat zutela arraultzak jartzeko erabilitako oiloekin, beren zikloa amaitzerakoan ez zekitelako zer egin haiekin. Garai batean oso estimatua zen oilo zaharra, baina gaur egun ez da aprobetxatzen», dio Edurne Garcia Arrieta bazkideak.  

Horrela, bost edo sei urtetako lanketaren ondoren –pandemia tarteko–, Delikatetxe enpresa martxan jartzea erabaki zuten. Erabiltzen dituzten osagaiak bertakoak eta kalitatezkoak dira. Alde batetik, Euskaber markarentzat arraultzak ekoizten dituzten landako oiloak, eta bestetik, inguruko nekazarien barazkiak.

Produkzio eredua ere modu tradizionalean egiten dute. Oilo-salda egiteko, adibidez, oilo-haragia, porrua, tipula, azenarioa, apioa eta gatza besterik ez dute erabiltzen, eta guztia su-motelean kozinatzen dute. Edurne Garciak dioenez, «merkatuan salda mota asko daude, baina gureak beste historia bat du atzean, eta jendea harrituta geratzen da ezagutzen duenean».



Produktu honen erabilerari dagokionez, salda moduan hartzeko edo kozinatzeko erabili daiteke, arrozak, pastak edo gisatuak prestatzeko. Pasteurizatutako ontzietan saltzen bada ere, hotzean mantendu behar da, produktu freskoa delako.

Hanburgesak, bestalde, oilo-paparrarekin eta barazkiekin egiten dituzte, eta hainbat klasetakoak dituzte: azenaroiarekin, porruarekin, tipularekin eta Idiazabal gaztarekin eginak. «Oiloen paparrak oso interesgarriak dira gastronomia ikuspuntutuik –dio Edurnek–, askok uste duenaren kontra, oilaskoenak baino koipe gutxiago eta proteina gehiago dutelako».

Oilo-salda egiteko erabili dituzten barazkiak, azkenik, ez dira botatzen, eta horiekin berdura-kontserbak prestatzen dituzte. Porruaren zati zuriarekin zainzuri moduko porruak prestatzen dituzte, eta salda egiteko erabilitako tipularekin tipula-konfita egiten dute, sukaldean erabiltzeko edo beste janariei laguntzeko.

Ekoizpen prozesu jasangarria

Jasangarritasunaren filosofia nabaria da baita ere ekoizpen prozesuan. Horrela, enpresaren instalakuntzak energia berriztagarrietan oinarrituta eraiki dira eta, salda egiteko ura berotzeko, plaka termosolarrak erabiltzen dituzte. Hozkailuen erabilpena ere oso handia denez, argindarra sortzeko plaka fotoboltaikoak jarri dituzte.

Ondorioz, ekonomia zirkularrean oinarritutako enpresa dela esan daiteke, bai produktuan zein prozesuetan, alde batetik botatzeko ziren lehengaiak erabiltzen dituztelako, eta bestetik ekoizpen prozesuan sortutako ingurumen eragina ia zero delako.

Eraikuntza ere berrerabilitakoa dela esan beharra dago. Gazeta auzoan kokatua, eraikuntza metalikoak egiteko erabili izan zen hainbat urtetan eta orain hobeto integratu dute nekazal auzo horretan, baserri itxura emanez.

Salmenta guneak

Delikatexe enpresak merkaturatze bide desberdinak erabiltzen ditu. Alde batetik, produktuak beraien web gunean saltzen dituzte, bestetik herrietako denda txiki eta azoketan, eta azkenik Eroskiko dendetan. Oilo-salda Eroskiko merkatalgune handietan aurki daiteke eta hanburgesak, momentuz, Durangaldeko eta Zornotzako dendetan, baina pixkanaka zabaltzen joateko asmoa dute.

Produktu hauek guztiak ezagutzera eman eta beren atzean dagoen historia azaltzeko, Eroskik hainbat dastaketa antolatuko ditu bere bezeroekin datozen asteetan.