NAIZ

CAF aukeratu dute Bonn eta Madril hiriek LRV ibilgailuak eta autobus elektrikoak hornitzeko

CAF euskal taldeak bi kontratu berri lortu ditu Bonn (Alemania) eta Madril hiriak ibilgailuz hornitzeko. Bi proiektuen zenbateko osoa 110 milioi euro baino gehiagokoa da.

CAF Solaris-en Urbino 12 autobus elektrikoa.
CAF Solaris-en Urbino 12 autobus elektrikoa. (CAF Taldea)

Madril eta Bonn (Alemania) hiriek CAF taldea aukeratu dute bertako hiriko garraio publikoan zerbitzua emango duten ibilgailuak hornitzeko. Bonnen 22 LRV unitate jasoko ditu eta Madrilek bere autobusen flotaren zati bat berrituko du Solarisen (CAFen filiala) 60 unitate elektrikorekin.

Stadtwerke Bonn Verkehrs GmbH (SWBV) eta Elektrische Bahnen der Stadt Bonn und des Rhein-Sieg-Kreises GmbH (SSB) enpresek, Bonn hiriko eta inguruetako garraio zerbitzuen operadoreek, CAF aukeratu dute 22 LRV unitate eta flota horretarako parkeko piezak hornitzeko. Akordioak, gainera, etorkizunean eskaria beste 10 unitatearekin handitzeko aukera biltzen du.

SWB Bus und Bahn eta SSB ibilgailuen flotak Bonneko tren garraioa kudeatzen dute eta, gainera, hiria gertu dagoen Kolonia hiriarekin lotzen duten hiriarteko linea batzuetan ere zerbitzua eskaintzen dute. CAFen LRV berriek ibilgailuen flota hori sendotuko dute bezeroak aurrez ikusitako maiztasunen eta bidaiarien bolumenean gertatuko den igoerari aurre egiteko.

Zoru altuko eta 28 metroko bi noranzkotako unitateak dira, Stadtbahnwagen B izeneko unitateen antzekoak diseinuari eta dimentsioei dagokienez. Azken ibilgailu hori da, hain zuzen ere, Ipar Renania-Westfaliako trenbide sarean duela hainbat urtetik erabiltzen dutena.

Madril

EMTk (Madrilgo Garraioen Udal Enpresa) CAF Taldea aukeratu du Urbino 12 motako 60 autobus elektriko hornitzeko. Horixe bera da, hain zuzen ere, fabrikazio enpresaren modelo adierazgarrienetako bat. Hala, Madrilek mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du isurpenik gabeko ibilgailu isil hauek erosita. Gainera, baldintza orotarako operatibitate handia dute.

Flotaren %25 elektriko bihurtzea 2025ean, eta 2023tik aurrera diesel motorra duten autobus gehiago ez erostea dira EMT operadoreak ezarri dituen eta pixkanaka ezartzen ari den asmo handiko helburuetako bi. Horrekin lotuta, duela urte eskas, Solarisek EMTrekin akordioa adostu zuen gas natural bidezko 250 autobus hornitzeko. Ondorioz, eskari berri honek baieztatu egin du Solarisek autobusen flota berritzeko EMTrengan jarritako konfiantza.

Autobusek 12 metroko luzera eta 80 bidaiarirentzako tokia izango dute (haietako 25 eserita). Gainera, aire girotuko sistema eragingarria, USB atakak eta bidaiariei informazioa emateko azken belaunaldiko sistema izango dituzte. Ekipamendu horiek guztiek bidaiarien erosotasuna bermatuko dute.