Kalean zegoen jada 2020. urteko bukaeratik, baina orain esan daiteke benetan libre dela Frederic «Xistor» Haranburu. Eskumuturreko telematikoa kendu diote eta baldintzapeko askatasuna lortu du. Atzean, hiru hamarkada baino gehiago preso, Etxeratek gogoratu duenez, biziarteko zigorra ezarrita.
Frederik Xistor Haranburu euskal preso poilitikoari eskumuturreko telematikoa kendu diote eta baldintzapeko askatasunean geratu da. 31 urte eta erdi eman ditu espetxean preso lapurtarrak. Ongi etorri Xistor! #batgutxiago
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) May 25, 2022
Oharra https://t.co/hCnu6mv6oN
Epaitegiak baldintza zorrotzak ezarri zizkion kartzelatik behingoz atera ahal izateko, 2020ko azaroan. Haien artean, eskumuturreko elektronikoa eraman behar zuen eta zortzi urteko segurtasun epea bete behar zuen.
1997. urtean Parisen egin zioten auzian biziarteko kartzela zigorra jasan zuen presoak.
1990ko apirilaren 2an lehergailuz beteriko autoa zeramala atzeman zuten Unai Parot Sevillan (Andaluzia). Handik egun batzuetara, apirilaren 4 eta 5 artean, 16 bat herritar atzeman zituzten Ipar Euskal Herrian. Horien artean ETAren ‘Argala’ taldeko hiru kide atxilotu zituen Polizia frantsesak: ‘Xistor’ Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot.
Gainerako hiruek espetxean segitzen dute oraindik eta beraiek askatzeko aldarria ez da eten, pasa den ostiralean Baionako Auzitegian argi gelditu zenez.
12 urteko atzerapena
Epaiari erreparaturik Haranburuk 2008. urteaz geroztik baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskubidea bazuen.
Alta, 12 urteetan frantziar epaileek behin eta berriro ukatu zioten, kontrol judizialpean bazen ere, etxera bueltatzeko aukera. 2020ko azaroan baimendu zuten azkenean eta orain aske da.