NAIZ

Bea Sanchez pibot andaluziarrak ez du Kutxabank Araskin jarraituko datorren denboraldian

Bere garaian Ferrolen eta Espainiako selekzioan maila oso ona eman eta gero, bizkarreko arazoek asko mugatu dute 32 urte eta 1,91 metroko jokalari honen maila. Hala, Tamara Sedaren itzalean 3,2 puntu eta 2,8 errebote baino ez ditu lortu batez beste Gasteizen pasa den denboraldian.

Bea Sanchez pibota partida aurreko beroketa lanetan.
Bea Sanchez pibota partida aurreko beroketa lanetan. (@ARASKI)

Ikusi egin behar zer gertatuko den Leia Donguerekin, baina 2022/23 denboraldiari begira, goitik behera aldatzen ari da Kutxabank Araskiren barruko jokoa. Hasteko, Laura Pardo jokalari gasteiztarrak erretiroa hartzea erabaki zuen eta ostean, klub arabarrak berak Tamara Seda Mozanbikeko pibotari kontratua ez berriztea erabaki du. Orain, Tamara Seda beraren ordezko izan den Bea Sanchez jokalari andaluziarrak ere azken honen bide berbera hartuko du; izan ere, prentsa ohar baten adierazi du Kutxabank Araskik 2017ko Eurobasketean urrezko domina eta 2018ko Munduko Txapelketan brontzea jantzi zituen jokalariak ez duela Araskiren berde kolorea gehiago jantziko.

«Bea Sanchezek sekulako kalitatea dauka, baina bere bizkarreko arazoek asko mugatzen dute», onartu dio hedabide honi Madelen Urieta Kutxabank Araskiko entrenatzaileak amaitu berri den denboraldia deskribatzeko eskainitako elkarrizketa baten. «Bearen profesionaltasuna ezin da zalantzan jarri ere, baina bere ekarpena bere muga fisikoen baitan ulertu behar da», adierazi du gasteiztaren entrenatzaileak.

Zentzu horretan, fisikoki bestela ere nahikoa arazo dituen Tamara Sedaren ordezko jokalariak batez beste 16 minutu bakarrik jokatzea nahikoa adierazgarri da. Are gehiago 3,2 puntu eta 2,8 errebote baino ez dituenean pilatu jokalari andaluziarrak.

Jakina zen bere garairik onenak aspaldi pasa zirela. 2013/14 denboralditik 2017/18 denboraldira bitartean Ferrolen eman zuen bere mailarik oparoena. Handik aurrera, Gironara iritsi berritan hasi zitzaizkion arazo fisikorik gogorrenak. Hala ere, aintzat hartu behar da 2020/21 denboraldian, Lugoko Ensinorekin oraindik ere 7,3 puntu eta 5,6 errebote lortu zituela batez beste, 1989ko abenduan jaiotako jokalari honek. Bada, 33 urte betetzear dela, bere kirol bizitza pixkanaka beherantz egiten ari dela bistan da eta hargatik, Kutxabank Araskik kontratua ez berriztea erabaki du.