NAIZ

Crespo finalerdietara sailkatu da Eslovakian; Olazabalek beste aukera bat izango du C1ean

Joan Crespo donostiarrak K1eko lehenengo sailkapen-txanda baino ez du behar izan hurrengo fasean sartzeko. Klara Olazabalek, aldiz, ezin izan du txartela eskuratu eta ostiral honetan bere proba fetitxean arituko da, C1ean.

Joan Crespok K1-eko finalerdietarako txartela eskuratu du Eslovakian.
Joan Crespok K1-eko finalerdietarako txartela eskuratu du Eslovakian. (BASQUE TEAM)

Denetariko albisteak iristi zaizkigu ostegun honetan Liptovsky Mikulaseko eslalomeko Europako Txapelketatik. Joan Crespo K1eko finalerdietarako txarteka eskuratu duen bitartean, Klara Olazabalek kale egin du sailkapen proban, nahiz eta ostiral honetan egingo den C1ekoan esperantza handiagoa ipinita duen.

Crespok lan ona egin du Eslovakiako udalerrian jokatzen ari den eslaloiko Europako txapelketaren lehen jardunaldian, nahiz eta Akileseko tendoiko lesiotik sendatzen ari den.

Otsailean ebakuntza egin zioten donostiarrari, eta, zaurian infekzio batzuk izan dituen arren, nahiko ondo osatzen ari da, ostegun honetan Ondrej Cibak Whitewater Coursen egindakoak erakusten duenez.

Crespok K1eko lehenengo sailkapen-txanda baino ez du behar izan hurrengo fasean sartzeko. Akatsik gabeko jaitsiera biribildu du eta 92.19ko (+5.26) denbora markatu du, 18. postuan amaituta. Pozik bukatu du bere lanarekin. 34 urterekin, bigarren gaztaroa bizi du bere diziplinan. Alde batetik, eslalonean, brontzezko bi domina lortu ditu jokatutako azken bi Munduko Txapelketetan, eta bestetik, extremeko modalitate berria, Paris 2024ko programa olinpikoan sartuko dena, oso erronka erakargarria da berarentzat.

Klara Olazabal, ondo fetitxea ez den proban

Klara Olazabal anbizioz eta ilusioz gainezka etorri da Eslovakiara, bertan hiru probatan lehiatuko delarik. Ostegun honetan banakako kayakekoan lehiatu da –ez da bere proba fetitxea– eta, nahiz eta ez den oso gaizki sentitu, Irungo palistak 28. postuan amaitu du lehen sailkapen-txanda, 14. atean ukitu bat eta 22. atean beste bat eginez, eta 117.23ko denbora markatuta (+11.55).

Klara Olazabal, gogor lanean. (BASQUE TEAM)

Finalerdietara pasatzeko bigarren txandako lehen bosten artean sailkatu behar zuen, baina ez da posible izan. Olazabalek 11. postuan amaitu du eguneko bigarren jaitsiera, 113.82ko denborarekin (+12.82) eta bi ukiturekin, bata 16an eta bestea 17an.

Gipuzkoarra apur bat penatuta geratu da txartela ez lortzeagatik, baina uretan konfiantzarekin dagoela adierazi dio Basque Teami, eta ostiral honetan izango duela zalantzarik gabe bere benetako erronka Europar honetan: C1 proba.