Jon Ormazabal

Aspaldiko unerik gozoenean helduko zaizkio oporrak Iñaki Artolari (22-7)

Kolpez fresko eta angeluak ondo bilatuta, inolako aukerarik ez dio eman alegiarrak bere mailaz behera aritu den Asier Agirreri Zubirin.

Iñaki Artolak partida borobila osatu du Esteribarren.
Iñaki Artolak partida borobila osatu du Esteribarren. (Gorka RUBIO/FOKU)

Ondo mereziak eta beharrezkoak izango ditu, baina aspaldiko sasoirik onenean dela helduko zaizkio oporrak Iñaki Artolari. Buruz Burukoa amaituta ia bi asteko etenaldia izango da esku pilota profesionalean eta Alegiarra konfiantzaz lepo joango da atseden hartzera, inolako aukerarik eman gabe, Asier Agirreri Zubirin 22-7 gailenduta. Etenalditik bueltan, Laso izango du aurkari alegiarrak Irunen uztailaren 1ean, baina aurretik Bizkaia torneoan berriz ere kaiolara ohitzeko partidaren bat izango du.

Buruz Burukora geldirik egon izanaren zalantzekin heldu bazen, partidak jokatu ahala bere jokorik onena berreskuratzen ari da Iñaki Artola eta aurrekoan Joanes Bakaikoari ondo irabazi bazion, gaur Zubirin aurrera pauso bat eman duela esan genezake, Asier Agirreri gainetik pasa baitzaio. Egia da iruindarra bere mailatik oso behera egon dela bere buruarekin hausnartu beharrean dela adierazi du partida amaituta, buruz buruko lehiatan berea eman ezinda ari dela eta- baina ezin aipatu gabe utzi gipuzkoarrak emandako itxura.

Fresko eta eraginkor

Lehen tantotik fresko sumatu dugu alegiarra, pilotari aurkariak baino abiadura bat, edo bi, gehiago sartu dizkio eta, frontis oso bizi batek lagunduta, Asier Agirre pilotara jarri ezinik ibili du. Eta beste zenbaitetan oso bestela ikusi badugu, gaur oldarkor aritu da Artola, airea bilatuz eta angeluak ondo topatuz denera ñ tanto egin ditu airez, beste hainbeste pilota moztuz.

Partidaren hasierak ere zeresan handia izan du, alegiarra 7-0 aurreratu denez, lehendik ere nahiko betea zuen konfiantzaren depositua are gehiago bete eta exkax zegoen Agirrerena hustuz.

Saiatu ez izana leporatzerik ez dagoen arren, Asier Agirrek ez du inolako momentutan bere aurkaria deseroso sentiarazteko formula topatu eta azkar eman du amore.

FITXA TEKNIKOA:

Artola: 22

Asier Agirre: 7

Pilotakadak: 169. Iraupena: 41,14 minutu. Markagailua: 7-0, 7-2, 8-2, 8-3, 17-3, 17-4, 19-4, 19-5, 21-5, 21-7, 22-7. Sakeak: 3 (falta 1) Artolak eta 2 Asier Agirrek. Egindakoak: 16 Artolak eta 3 Asier Agirrek. Galdutakoak: 1 Artolak eta 3 Asier Agirrek. Gorabeherak: Sarrera polita Esteribargo pilotelekuan. Mikel Artola aritu da anaia Iñakiren botilero lanetan eta Aitor Alduntzin Asier Agirrerekin.