NAIZ

2022ko Zegama-Aizkorri mendi maratoiak telebista eta streaming audientzia errekorra ezarri du

Euskaraz katalanez, ingelesez eta gazteleraz osorik eskaini da aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta orotara, 87.000 ikusle izan ditu telebistaren bitartez eta 123.000 ikusle Zegamako YouTube kanalean, plataforma honen historian bistaratze gehien izan dituen gaztelaniazko trail lasterketa.

Bertatik bertara eta pantailen bidez, ikusleak dira Zegama-aizkorri mendi maratoiaren arrakastaren giltza.
Bertatik bertara eta pantailen bidez, ikusleak dira Zegama-aizkorri mendi maratoiaren arrakastaren giltza. (Gorka RUBIO / FOKU)

Bi urteko etenaren ostean, joan zen asteburuan 2022ko Zegama-Aizkorri mendi maratoia jokatu zen berriz ere. Lasterketaren historian aurrenekoz, streaming bitartez osorik ikustea posible izan zen eta, hala, audientzia errekor guztiak hautsi dira aurten. Orotara, 87.000 ikusle izan ditu telebistaren bitartez eta 123.000 ikusle Zegamako YouTube kanalean, plataforma honen historian bistaratze gehien izan dituen gaztelaniazko trail lasterketa.

Lau hizkuntzatan, euskaraz, katalanez, ingelesez eta gazteleraz jarraitzeko modua izan da Teledeporte, Euskal Irrati Telebista (EITB), TV3-Esports3, eta baita Golden Trail World Series YouTubeko kanalean eta NAIZen bertan ere jarraitzerik izan da aurtengo lasterketa, eta esan gabe doa Goierriko mendi maratoi honek inoiz ez besteko oihartzuna izan duela zuzeneko emisio horien laguntzari esker.

«Guretzat aurten jauzi handia egitea esan nahi du», adierazi zuen lasterketaren aurreko egunetan Ainhoa Txurruka Zegama-Aizkorriko zuzendariak, jakitun baitzen 21. edizio honek inoizko berezienetakoa izan zitekeela. Azkenean, dena uste bezain ondo edo are hobeto atera zenez, erabateko arrakasta izan zen.

Batetik, Kilian Jornet eta Nienke Brinkman irabazleek sinatu zituzten errekorrak, eta bestetik, korrikalariak babestu zituen ikusle kopuruaren errekorrari kopuru historiko gehiago gehitu dakizkioke telebistako audientziei dagokienez.

Mendi maratoi nagusia lau hizkuntzatan jarraitu ahal izan zen, esan bezala, 21. edizio hau maratoiaren emanaldi osoa eskaintzen zen lehen aldia zen, eta ikusleen erantzuna uste baino ere hobea izan da.

Hala, 87.000 ikusle izan dira telebistan, beste 123.000 ikustaldi izan ditu Zegamako Youtubeko kanalak, 122.500, berriz, Golden Trail World Series Youtubeko ingelesezko kanalak eta 32.000, berriz, Facebookeko beronen orrialdeak. 2022ko Zegama-Aizkorri da Youtubeko historian gehien bistaratu den gaztelaniazko trail lasterketa.

Telebistako ikusle kopuruari dagokionez, 71.000 ikuslek jarraitu zuten Teledeporte kanaleak lasterketa, %1,4ko ikusle kuotarekin –kate honek berak egun osoan izan zuen batez besteko kuotaren halako bi–; RTVE Play plataformak 10.000 bistaratze erregistratu ditu. Televisio de Catalunyari loturiko Esport3 kateak, bere aldetik, 10.000 ikusle eta %1,6ko sharea izan zituen eta beste 12.000 erabiltzaile bakar web orrian; EITBk, berriz, 6.000 ikusle eta %3,8ko sharea izan zituen.