‘Atarian’, maitasuna erdigunean kokatzen duen Maixa Zugastiren thrillerra

Oindordekotza gatazka baten ondorioz, Leandro zaharren egoitzarra bidaltzen du familiak, bere borondatearen kontra. Bertan Juan eta Paularekin egiten du topo, thriller zantzuak dituen istorio hau maitasun mota desberdinez zipriztinduz.

Maixa Zugasti bere azken lana altzoan duela.
Maixa Zugasti bere azken lana altzoan duela. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bizitzaren atarian topo egiten duten hiru pertsonaien istorioa kontatzen da Maixa Zugastiren ‘Atarian’ eleberrian, idatzi duen hirugarrena. Familian agertu ohi diren gai ez hain atseginak daude tramaren muinean; oinordekotza, dirua, boterea… baina elementurik garrantzitsuena maitasuna da. Hiru ahotsetik kontatzen zaigu istorioa, Juan, Leandro eta Paula baitira protagonistak. Lehen biak adinekoak dira, azkenak, berriz, nerabezaroa hasi berri du.

Leandro oinordekotza kontuengatik bere borondatearen kontra zaharren egoitzara eramaten dute, eta orduan hasten da thriller zantzuak dituen sei eguneko pasadizoa. Bertan Juan eta Paularekin egiten du topo. Pasartez pasarte, narratzaileak txandakatu egiten dira, katebegiak izango bailira.

Zugastik azaldu duenez, eleberriaren lehen zirriborroa 2020an bidali zuen argitaletxera, itxialdiaren hasieran. Berarentzat garrantzitsua da datu hori azpimarratzea, pandemian zehar agerian gelditu delako zaharren egoitzek bizi duren egoera zaila, eta horri buruz liburuan mintzatzea kasualitatea izan delako.

Elementu nagusiak

Zaharren egoitzek nolabaiteko presentzia izan dute bere bizitzan. Haurra zela, Tolosako egoitza baten aurretik pasatzen zen egunero, eta gerora, lanean hasi zenean, lantoki parean beste egoitza bat zuen. Era berean, berarentzat atari hitzak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. «Duela urte batzuk gure baserria hutsik gelditu zen eta nik ezagutzen nuen mundu hori desagertu egin zen. Ataria etxearen eta baserriaren artean dagoen eremua da. Oso berezia zen niretzat bertan igarotzen zutelako denbora emakumeek eta zaharrek. Nik panpinarekin jolasten nuen, eta bertan ikasi nuen josten, helduen kontuak entzuten. Amak atarira bidaltzen gintuen jolastera», kontatu du buruan zuen argazki bat deskribatzen egongo balitz bezala.

Bestalde, gaizkilearen gaia errepikatu du, aurreko eleberrietan bezalaxe. «Diote bizitzan 60 psikopata ezagutuko ditugula. Nik bizpairu gizon psikopata eta horrenbeste emakume ezagutu ditut, eta urrun nahi ditut», esan du barrez.

Elementu guzti horiek elkartuz sortu du ‘Atarian’ thrillerra, non maitasunak berebiziko garrantzia duen. Hiru protagonistek maitasuna sentituko dute, bakoitza modu desberdinean, beraien egoera eta adina desberdinak direlako. «Bizitzan gauza asko daude, baina maitasunak pisu handia du, baita zahartzaroan ere», adierazi du idazleak, eta gogoratu du lanean zegoela pareko egoitzean ikusi ohi zuela emakume bat ehuntzen. «Maitasuna modu askotan bizi daiteke. Adiskidetasuna ere izan daiteke, edo gustuko dugun zerbait. Bizitza maitatu behar duzu bizitzen jarraitu ahal izateko», azpimarratu du.