SPONSORED CONTENT

Bergarako jaiek kultura, kirola eta festa uztartuko dituzte

Bi urteko etenaren ondoren, hemen dira berriro ere Bergarako jaiak, kultura, kirola eta festa uztartuko dituzen egitarau zabalarekin. Txupinazoaren jaurtiketa Aspace elkarteko kideei egokitu zaie aurten.

Txupinazoa eta Bitorianatxoren jaitsiera, Udaletxeko balkoian.
Txupinazoa eta Bitorianatxoren jaitsiera, Udaletxeko balkoian. (Jon URBE | FOKU)

Bost egunez luzatuko den egitaraua herriko norbanako eta eragile askoren hilabeteetako lanaren emaitza da eta helburu nagusia, adin eta gustu guztientzako pertsonek lekua izatea da.

Gorka Artola alkateak dei egin die herritarrei «Pentekoste jai hauek bi urteotan galdu dugun kaleko bizitza berreskuratzeko eta elkarren artean saretzeko aukera gisara baliatzeko. Errespetutik eta elkarzaintzatik, alaitasuna eta poza kutsatzeko egunak izan daitezela berriz ere», eskatu du.  

Egitarauan pandemia aurreko jaietako ekimen ugari berreskuratu dira baina, aldi berean, gauza berriak ere txertatu dira. Horien artean, aipatzekoak dira aurten lehenbiziko aldiz egingo diren eskalada topaketa eta jugger erakustaldia.

Lehenbizikoari dagokionez, «Mokoloblock» topaketa herriko eskalada zaleen laguntzarekin antolatu da igandean eta bertan herriko eraikin publikoak eskalatuko dituzte. Bigarren ekitaldia, berriz, ipintzako futbol zelaian egingo da igandean, Arima Galduak kirol klubak antolatuta eta herritar guztiei irekia. Taldeko kirol jarduera da, Alemanian sortua, eta rugby eta esgrimaren elementuak elkartzen ditu.

Kirolarekin jarraituz, igandean bertan goitibehera lasterketa egingo da San Martzialgo bidean, Inertzia Kirol Elkarteak antolatuta, astelehenean Soraluce pilota txapelketaren finalak jokatuko dira, eta asteartean herrik kirol erakustaldia izango da San Martin plazan, goi mailako aizkolari eta harrijasotzaileen eskutik, tartean Pauso Aspiazu herritarra.

Kultur ekitaldiei dagokionez, musika izango da jarduerarik nagusiena, Garilak 26, Kerobia, Puro Relajo eta Bergarako Musika Bandaren emanaldiekin. Txosnetako egitarauan, aldiz, Zopilotes Txirriaos, Skabidean eta Laket taldeen emanaldiak izango dira.

Jai ekitaldien artean, nabarmentzekoak dira paella erraldoi batekin egingo den herri bazkaria (asteleheneko kuadrilla egunean) edota igandeko erraldoien eguna, bertan izango direlarik Katalunia, Deusto, Urretxu eta Oñatiko taldeak.

Herri inklusiboa

Jai ekimenen kokalekuak ere antzekoak dira, baina badaude nabarmentzeko aldaketa batzuk. Horrela, barrakak ohiko gunean kokatuko dira, baina ez ohikoak liratekeen datetan. Jaien aurreko asteburuan jarri ziren eta jaiak amaitu eta biharamunean desmuntatuko dituzte. Barrakei lotuta ere, eta behar bereziak dituzten haurrek ere ferian gozatu dezaten, igande eta astelehenean 17:00-19:00 ordutegian, ferietan ez da musikarik jarriko, Gautena elkartearekin horrela adostuta.

Horrez gain, ferien arduradunei eskatu zaie ilara egiten premia bereziak dituen umeren bat baldin badago, lehentasuna eman diezaiotela ilaran. Neurri hauekin, Bergara herri inklusiboagoa izatea lortu nahi dute.

Txosnagunea ere lekuz aldatuko da aurten. Zubieta kaleko birgaitze lanek ez dute txosnak Bideberrin jartzeko aukerarik ematen, eta Santa Marina eliza aurreko gunean, Oxirondon jarriko dira. Gunea hesitu egingo da, eta bizilagunei ahalik eta kalte gutxien eragin diezaieten neurriak hartuko ditu Udalak.

Jai egitarauaren prestaketan parte hartu duten taldeak hauexek dira: Bergarako Erraldoi Taldea, herriko eskalatzaileak, Xaxau konpartsa, Jardun euskara elkartea, Zezen-zale elkartea, Inertzia goitibehera taldea, San Joxepe erretiratuen taldea, Arima galduak Jugger taldea, Mugimendu Sozialista, Duintasuna eta Gaztelekuko ordezkariak, besteak beste.

Establezimendu eta erakunde kolaboratzaileak:

ARRANO TABERNA

BERGARA UDALA

GARAJE MURILLO

IXOTU

LAB BERGARA

LAKOTA

POL POL TABERNA

TXIPI VENTANAS

UNED BERGARA