«Egoera irreal honek ez digu erregulartasunik izaten utzi denboraldi osoan»
Pertsonalki urte oso ona osatu du Marta Alberdik (Gernika, 2000) baina Lointek Gernika Bizkaia taldeak besterik esan dezake, gorabeheraz betetakoa izan baita bere 25. urteurreneko sasoia. Lesioak, abentura ahaztezinak, pandemiaren erasana... ia bizitza oso bat denboraldi bakarrean.
Denboraldi guztietan daude zailtasunak, baina Lointek Gernika Bizkaiarentzat, 2021/22 sasoia ez da erraz ahaztekoa izango. Covid-19aren erruz, abenduaren erdialdetik urtarrilaren amaierara bitartean ezin izan zutelako ia partidarik jokatu, baina batez ere, urtarrilaren 4an Çukurova Mersinen aurka Turkian pairatu behar izan zuten segada ahaztezin hura bizi behar izan zutelako.
Marta Alberdik sekula baino minutu gehiago jokatu ditu, batez ere Itziar Ariztimuñok min hartu eta Roso Buch antolatzaile lanetan hasi behar izan denez geroztik, baina maila hobetu izanaren pozarekin batera datorkio sekula baino gehiago sufritu izanaren sentsazioa. Hori bai, datorren urtean Europara eta Ligako lau onenen artera itzultzeko asmo sendoa mantentzen du.
Iazko denboraldia, covid-19arekin eta jenderik gabe, ezohikoa izan bazen, hau ez dakit ba askoz normalagoa izan denik.
Ez gero! Iazko urtea arraroa izan bazen covid-19agatik eta abargatik, aurtengo urtekoa apur bat irreala izan da (irribarrea). Covid-19 hartu genuen denok, Turkian jazo zitzaigun huragatik, taldeak eduki dituen gorabehera handiengatik... Denboraldia –Perfumerias Avenidaren aurka titulurako play-offetako final-laurdenetan erraz galduz– ez dugu nahiko genukeen legez amaitu, baina sentsazioak nahiko onak izan dira azken partidetan. Orduan, horrekin geratuko gara.
Beste urte batzuetan ez bezala, aurten play-offetara azken orduan zortzigarren sailkatzea ere, ez da gutxi izan!
Hala da, bai. Egia da gure helburua beti lehenengo lauren artean geratzea dela eta aurten ezin izan da, eta ikusi dugu Perfumerias Avenidaren kontra, gero txapeldun erraz atera dena, bi partida oso gogor izan ditugula. Gaur egun beste maila baten dagoen aurkaria da, dituen jokalariengatik eta baita egiten duen jokoarengatik ere. Kopan sartzea eta play-offean izatea gure helburuak ziren eta bete ditugu; baita Eurocupean paper txukuna egitea ere, horrekin nahiko pozik geratu gintezke, nik uste.
Laugarren postua –Cadi La Seu bost garaipen gehiagorekin izan da laugarrena– urrunegi ez da geratu «pozik» egoteko?
Beti nahi dugu gehiago. Urtero historiaren zatitxo berri bat idatzi nahi izaten dugu baina aurten ezin izan da; daukagunaz konformatu beharko halakoetan, gainera, play-offetara iristea bera ez dela emaitza txarra, are gehiago aurtengo Liga asko indartu dela. Ba azkenean, bai, pozik.
Urritik apirilera sekulako partida pila bat jokatu dituzue eta play-offak, berriz, ia hamar egunetan amaitu dituzue, presaka bezala. Ligak patxada gehiago ez al du merezi?
Tira, nire eskuan ez dago, baina egia da uda oso luzea geratzen zaigula inongo lehiaketarik gabe. Lau hilabete geldirik egotea oso gogorra egiten da, baina Liga luzatzeaz gain, jokalariok Gabonetako oporrak ere eskatzen ditugu, eta ez dut uste hainbeste denik. Azken baten, jokalariontzako atsedena suposatzen du, gure etxekoekin pasa ahal izateko momentuak, lauzpabost egun gehienera ere. Nik uste luzatzerik legokeela, larregi konplikatu gabe ere.
«Aurten, nik uste, nire jokoan salto bat eman dudala; bai jokoan egiten dudana eta baita taldea bat egiteko burutzen dudan lanean ere»
Eta, zu zeu? Zer moduz ikusi zara denboraldi arraro honetan?
Bada, pasa den urtean ongi sentitu banintzen, aurten, nik uste, nire jokoan salto bat eman dudala; bai jokoan egiten dudana eta baita taldea bat egiteko burutzen dudan lanean ere. Batik bat arlo fisikoan jauzi handi bat eman dut gorantz eta jokoan ere ikusi da minutu gehiago izan ditudala, Mariok [Lopezek] partidetan sartzeko aukera handiagoa eman dit, nigan konfiantza hartzen ari delako eta alde horretatik, oso oso pozik nago, gero eta gehiago ikasten ari naizela ikusten dudalako.
Eta talde modura ere, maneiatzeko oso talde erraza izan da hau. Azken baten, nire betebehar nagusiena, oraingoz, taldea animoz ondoegi egon ez denean altxatzen laguntzea denez, taldea batzeko lanean ere hobetu egin dudala uste dut.
Gaby Meskonytek eta Itziar Ariztimuñok min hartu izanak mesede egin dizute minutuak izateko orduan?
Lesioak ez dira sekula ere ongietorriak eta aurten bereziki lesio mordo bat izan ditugu. Hori horrela izanda, sano egon garen jokalari bakoitzak aurrerapuso bat eman behar izan dugu, eta lesio horiei esker minutu gehiago izan ditudala egia izan liteke, baina ez da gustokoa. Baina tira, taldeari zeozer eman diodala uste dut behintzat.
Tira, datorren denboraldira begira, entrenatzaileak badaki kantxara lasai asko atera zaitzakeela.
Bai, noski! Mariok txikitatik oso ondo ezagutzen nau eta nik taldeari beti daukadan dena ematen diot. Berak badaki nigan konfiantza %100ean izan dezakeela. Beheko mailetako taldeetan ere, nire jokoaren esentzia azken batean kantxan dena ematea izan da beti; baloi bakoitzari segi eta bakoitzagatik borroka egitea. Berdin harrobiko taldeetan 40 minutu jokatzen nituenean edo orain hemen hiru minutu jokatzen baldin baditut ere. Esentzia hori ez da batere aldatu; taktikoki, fisikoki eta teknikoki gauzak asko aldatu badira ere. Helarazten ditudan baloreak berdinak dira.
Marta Alberdiren helburua zein da, aurkariek zugatik «kontuz honekin ere» esan dezatela?
Bistakoa da emateko falta zaidan pauso handienetako bat erasoan dagoela. Saskia gehiago ikusi behar dut eta horretarako saskira gehiago begiratu behar dut. Baina era berean, nik uste «atrebentzia» handiago hori minutuak jokatzetik ere badatorrela. Zenbat eta gehiago jokatu, zugan konfiantza handiagoa hartzen duzu eta nik uste apurka hori ere izango dudala; argi daukat horretarako ere lan egin beharra dudala eta argi daukat egingo dudala. Ziur nago lanari esker erasoan ere eraginkorrago izango naizela; ziur nago lortuko dudala.
Lau hilabeteko uda luze horri etekina atera beharko zaio horretan ere hobetzeko, ezta?
Bai. Tira, nik kirola egiteari sekula ez diot uzten uda osoan, forma fisikoa ez galtzeko bada ere. Baina bestela, urteroko moduan planteatzen dut uda hau ere: Malosten prestatzaile fisikoarekin lan egingo dut, bai fisikoa hobetzen joateko pixkana, eta baita kantxan ere, jaurtiketan falta zaidan eraginkortasun hori eta keinu tekniko horiek hobetzeko asmotan.
Horrek ez du esan nahi aurrez idatzitako plan espezifiko bat dagoenik. Alegia, nik badakit jakin zertan hobetu behar dudan; hau da, badakit zer egiten dudan ongi eta zertan egiten dudan huts, eta hori lantzen ekiten diot, aurrez esan dudan bezala, bi zati horietan banatuta. Bestalde, egia da Mario ere hemendik ibiltzen dela eta entrenamenduetan sartu ohi da «hau hobetu dezakezu» edo «hau horrela egin beharko zenuke» esaten, adi egoten baita gure lana nola doan.
Zure minutuak batez ere Europan izan dira, eta han ikusi da zure hobetze fisikoa ere, zernolako aurkariak –La Roche Vendee, Flammes Carolo Virtus Bolonia– izan zenituzten gogoan izanda, batik bat.
Alperrik ez zioten "Heriotzaren Multzoa" deitu! (irribarrea) Baina ez da hori bakarrik. Europan ezberdin epaitzen dute epaileek, askoz ere kontaktu gehiago egon dadin lagatzen dutelako. Gogoratu gainera hiru aurkarietatik bi frantsesak zirela, eta horiek beti dira oso oso fisikoak beste edozein ligarekin alderatuta. Fisiko arloan asko hobetu dudala hor benetan igarri dut: ez da bakarrik hartzea tokatu zaigula, baizik eta hartutakoa hobeto jasan ahal izan dudala aurreko urteekin konparatzen baldin badut. Aurrerapauso hori nabari dut, bai.
«Gure ligak izen ona mantentzea garrantzitsua da guretzat, maila handiko jokalariek hona etorri nahi izatea... azkenean gu ere hobe egiten gaitu maila horretako jokalarien aurka jokatu behar izateak»
Endesa Liga ere ez da Europako garrantzitsuena, baina bada zeozer, batez ere bertan minutuak izan ditzakezula erakusten duzulako.
Bai noski. Gogoratu Valentziak Alba Torrens fitxatu berri duela datorren urterako –Yekaterinburgen jokatzen zuen Balear Irletako hegalekoak, baina Errusiak Ukrainia inbaditu ostean jokalari guztiek taldea laga zuten– eta hori gauza handia da ez bakarrik lehiaketarentzat, baita guretzat ere. Gure ligak izen ona mantentzea garrantzitsua da guretzat, maila handiko jokalariek hona etorri nahi izatea... azkenean gu ere hobe egiten gaitu maila horretako jokalarien aurka jokatu behar izateak.
Bai, eta Alba Torrens edo Cecilia Zandalasini –Virtus Boloniako izarra– aurrean izandakoan, maila ona eman beharko da. Argazkia eta autografoa eskatzera geratuz gero, jai dago!
Bistan da, bai! (Barrea) Esan beharrik ez dago aurrez aurre kantxan duzunean ez diozula antzematen zeinen aurrean zauden ez ezer, nahiz eta gero «ene bada!» pentsatu. Beti ez gara kontziente zeinen aurrean gauden, batez ere halako izarren baten aurka jokatzea tokatzen bada. Hotzean bai, gero pentsatzen duzu neurri batean zorteko garela halako mailako jokalariak inguruan dauzkagulako, eta batez ere haietatik ere ikasi dezakegulako. Baina ez dago izar bat izan beharrik: beste jokalariak neurketan zehar nola mugitzen diren fijatzen bazara, asko ikasten duzu.
Bideoan zure burua ikustean, orduan...
Haluzinatu egiten dugu batzutan! (Barrea) Kosta egiten da sinistea batzuetan, neurketak irauten duen bitartean partida nola jokatu, horretan zentratuta gaudelako. Baina astebetera bideoa ikusten duzunean konturatzen zara zernolako zortea izan duzun, baina baita zenbat ikasi dezakezun ere, argi!
Aurten zortzigarren amaituta, datorren urtean Europan ikusiko zaituztegu?
Bai! Kontua da ligaxkara sailkatzeko aurrekanporaketaren bat jokatu beharko dugula ziurrenik. Gainera, klubak Europan jokatzearen alde egin du apustua Maloste bete egiten delako Europako partidetan. Lehiaketa oso polita da eta urtero lan ona egin izan dugu. Orduan, nik uste klubak ez diola aterik itxiko aukera horri.
Akaso datorren urtean ez zarete taldeburu izango, baina aurkari errazagoak egokituko zaizkizue.
Bai gero! (Irribarrea) Taldeburu zarelako talde errazagoa tokatuko zaizulakoan joan eta hara! Gero parean den horren kontra jokatu behar eta begira zelakoak egokitu zitzaizkigun. Baina kontuz, behintzat aurrera ere egin genuen!
Bai. Etxean irabaztea falta...
Horixe izan zen penarik handiena. Ez gugatik bakarrik, animoak ematen datozen guztiengatik baino. Eta gero hasiera batean kaleratu egin gintuztela pensatzen genuen: batek barruan geundela esaten zigun; hurrengoak, berriz, ezetz, kalean geundela... Alde horretatik, pozik, barruan amaitu genuelako.
Europan jokatu dituzue aurtengo partidarik onenak?
Ez nago ziur, baina izan liteke. Italian oso ongi jokatu genuen, nahiz eta jakin partida oso zaila izango zela. Nahiko ongi kontrolatu genuen neurketa eta borobila atera zitzaingun azkenean. Batez ere etxetik kanpo, maila oso ona eman dugu Europan, Ligan baino hobea bai behintzat. Baina lehiaketa oso ezberdinak dira eta jokoa ere oso da ezberdina. Denetarik tokatu zaigu, bai Europan eta bai Ligan.
Turkiara gaur joango zinateke berriro?
Ez! Tira, bai, joan bai, baina oporretan (Barrea). Txantxak albo batera lagata, han jokatzea tokatzen bada, noski baietz, baina atsekabez gogoratzen dut Turkiako kanporaketa hura. Guganako errespetu falta izugarria izan zen hura. Engainatuta sentitu ginen. Guk Malosten inori errespetorik faltatu gabe irabazi genien, gure lan onari esker eta han guztiz kontrako zerbaitekin egin genuen topo. Ez genuen halakorik espero eta, pentsatzen jarrita, berriz ere Turkiara joatea egokituko balitzaigu, gogo handiagoz hartuko genuke eta aurten geratu zaigun arantzatxo hori ateratzen saiatuko ginateke.
Urtarrilaren 4an Turkian sekulakoa bizi izan zenuten, baina aurrez sekulakoa bizi izan zenuten Malosten, Mersin Çukurovari 83-59 irabazi eta gero. Hori ez al da gogoratzekoa?
Bai, noski! Dena atera zitzaigun eta partida borobilik izan bazen huraxe izan zen! Sekula gehien gozatu dudan partida bat izan zen hura. Konturatu nolako aurkaria geneukan aurrean, nolako jokalariekin, batzuek WNBAn jokatzen dutenak, eta horiei 24 puntugatik irabaztea, ez dakit nola definitu ere itzelezko ‘subidoia’ ez bada.
Erdi txantxetan, Gerardo Candina presidenteak esaten zuen «eskerrak ez genuen kanporaketa irabazi»!
Buf, ez dut ezta pentsatzerik ere nahi! Eskolta ona genuela, baina jendea guri zarataka eta aritu zen, eta hori bakarrik egin izan balu jendeak, gaitzerdi! Ura, turutak... denetik bota ziguten eta irabazi izan bagenie, ez dakit handik irteteko nola moldatu beharko ginatekeen!
Bestalde, nazkatu arte gogorarazi dizuegu han jazo zitzaizuena.
Tira, aste batzuetako kontua izan zen. Orduan bai, mundu guztiak partida hari buruz galdetzen zigun, zertzuk bizi izan genituen eta abar. Sare sozialak ere sutan zeuden kontu hori gorabehera, aldizkari ezberdinetatik deika... Gainera, covid-19agatik jota geunden eta partidarik ezin jokatu genbiltzan eta ezin genuen aurrera egin, eta hura bai, itogarria izan zen pare bat astean. Orain pasa da, anekdota moduan geratzen da. (Irribarrea) Gogor xamarra da baina tira, orain barre egiten diogu egoera horri. Bertan momentuan, ba ez, baina tira.
Ze duela hiruzpalau urte Galatasarayren kontra jokatu genuen eta tira, ni ere artean gazteago nintzen, eta hark, publikoaren burrunbak, askoz gehiago ikaratu ninduen. Baina oraingo hau ez da publikoak zarata egitearen kontua; hori bakarrik izan balitz, gaitzerdi! Galatasarayren aurka ez genuen halako errespetu faltarik jasan, eta kontua horixe da. Momentu batean Turkiatik atera ezinik ere geratu beharko genuela pensatzera iritsi ginelako.
Kontua da bestela ere Frantzian, Italian, Galatasarayren aurka Turkian... talde oso onen kontra jokatu izan dugula eta Mersinen aurkakoa salbuespena izan da. Guk, berriz, gure aldetik, aurkariak errespetatzen jarraituko dugu. Gernika talde umila da baina gauzak ondo egiten dituena eta ondo egiten dituen gauzen artean dago jokalariak eta aurkariak ere errespetatzen dituela.
Gero, ordainetan, martxoan 13 partida jokatu behar izan zenituzten aurrez atzeratutako guztia berreskuratzeko.
Zoratzekoa! Gure artean esaten genuen ea fisikoki eusteko kapaz izango ote ginen, eta tira, behintzat lesiorik ez zen izan eta partida horietatik hainbat irabazi egin genituen taldea inoiz baino sendoago egon zelako egoera arraro horren aurrean.
«Nahiz eta konforme amaitu denboraldiarekin, ez da urte polita izan, baina momentu oso onak izan ditugu eta hori ere horrela da»
Partida segida luze hartan ez zenuten erakutsi agian zuek uste baino hobeak zinetela?
Nahiz eta konforme amaitu denboraldiarekin, ez da urte polita izan, baina momentu oso onak izan ditugu eta hori ere horrela da. Mersin Çukurovaren kontra Malosten, Kopan nolako irudia eman genuen, La Seuri final-laurdenetan irabazi eta Perfumerias Avenidaren kontra ia azkeneraino lehiakor izan ginen. Une horietan taldeak, covid-19aren erruz pasatakoak pasa eta gero, sendoago izan daitekeela erakutsi du. Ikusi da zernolako gogoz jokatu dugun gauzak ongi atera dakizkigun eta tira, oso erregularrak ez gara izan, baina tarteka bai erakutsi dugu zer garen.
Datorren urtera begira, normaltasuna eta erregulartasuna bilatu beharko.
Ezin izan dugu erregularrak izan egoerak ez digulako utzi! Nik espero dut pandemia apurka atzean uzten joango garela eta datorren denboraldia, klubak egin beharko dituen aldaketak gorabehera, «normala» izango dela, nahiz eta sekula ez den jakiten (barrez), baina aurten bizi izan duguna bizi eta gero... Azkenean Gerardok [Candinak] eta Mariok [Lopezek] talde ona osatuko dutela eta aurrera jarraitu ahal izango dugula uste dut.
Eliteko taldeak ez zaizkizue azkenean hain urruti geratu, alegia.
Perfumerias Avenida, adibidez. Liga Erregularrean Malosten sei puntugatik bakarrik galdu genuen eta Kopan aurre egitea lortu genuen. Egia da denboraldi amaieran ihes egiten digutela, baina beti gauzak zail jarri dizkiegu eta horrek gure taldeagatik gauza onak esaten ditu.
Tartean, bi urte eta gero, berriz ere Miribillan jokatu ahal izan duzue. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ez da Malosten jokatzen duzunean bezala etxean jokatzen duzula sentitzen, baina era berean zure jendearen aurrean jokatzen duzu. Oso esperientzia polita da eta plazer handi bat da, jende gehiago gu animatzen sartu ahal izatea gauza ederra da, eskertzekoa. Eta jokalari moduan, halako estadio batean, edo Fonteta, WIZink Center, Zaragozako Principe Felipe... halako estadioetan jokatzea betiko geratzen den oroitzapena da.
Eta poliki-poliki, taldeak aurten 25 urte bete ditu. Herriko taldea baino gehiago zaretela esan liteke?
Bai. Nik uste, Ligan eta baita Europan ere izen bat irabazi dugula eta horrek Gernikari, herri txiki bat den heinean, garrantzia ematen dio. Hain txikiak izanda, klub handi hau sortzen joatea, eta beste eskola eta klub txiki askoren erreferente bihurtzen joatea, eta ez Bizkaian bakarrik, gauza oso handia da!