Iraide Ibarrondo
Gernika

Gernikako gerra-presoen ospitalean zendutako 269 errepublikarrak omendu dituzte

Pipergorri kultur elkarteak bultzatuta, 1936ko gerraren baitan Gernikako gerra-ospitalean hildako 269 presoak oroitu dituzte Zalloko hilerrian egindako omenaldi batean. Biktimen senideek eta erakundeetako ordezkariek hartu dute parte.

Irudian Begoña Fernandez, Constantino Fernandez preso errepublikarraren alaba, lore eskaintza egiten.
Irudian Begoña Fernandez, Constantino Fernandez preso errepublikarraren alaba, lore eskaintza egiten. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Picasso bera asaldatu zuen bonbardaketatik at, beste hamaika tragedia izan ziren Gernikan 1936ko gerran eta ondorengo urteetan. Horietako bat da gerra-presoen ospitalean, egungo institutuan, hildako preso errepublikano kopurua: 269 pertsona 1938 eta 1940 bitartean. Ostiral honetan, Pipergorri elkarte gernikarrak bultzatutako dinamika baten baitan, ‘269 in memoriam’ izeneko ekitaldia ospatu dute Zalloko (Gernika) hilerrian. Bertan, gerra-ospitalean zendutakoak omendu dituzte, erakundeek eta hildakoen senideek parte hartu duten jardunaldi hunkigarri batean.

Pertsona askorentzat hilerrirako bisita ez da ostiral arratsalde batean proposatu daitekeen plan erakargarriena izango. Baina jende ugari gerturatu da oroimenaren ospakizunera; ehun pertsona inguru, tartean senide, eragile, erakunde, musikari eta abar. Ekitaldiari hasiera emateko minutu gutxi batzuk falta zirelarik, kanposantuetan ohikoena denaren aitzitik, biktimen senideen artean irribarreak, besarkadak eta agurrak izan dira nagusi, hainbeste hamarkadatan itxarondako erantzunak iritsi direnaren seinale gisa.

Ekitaldiarekin hasteko honen helburua zein izan den laburbildu dute antolatzaileek: «Bizibaldintza penagarrietan hildako presoei merezi duten duintasuna itzultzea».

Ongi etorri labur baten ostean, Segundo Olaeta Musika Eskolako Banda Sinfonikoak Estatu espainoleko Bigarren Errepublikako martxa ofizialarekin, ‘Himno de Riego’, abiarazi du ekitaldia. Errespetua adierazteko xedez, publiko osoa zutitu da.

Identifikatutako sei biktimen senideek hartu dute hltza beren biografia txiki bat egiteko, batzuek negarri eutsi ezinean

Jarraian, Pipergorri elkarteak hiru urtetan zehar egindako lanari esker Zalloko hilerrian identifikatutako sei biktimen senideek hartu dute hitza: Ramiro Fombellarenak (Asturias), Francisco Gomezenak (Murtzia), Juan Bautista Gonzalvezenak (Alacant), Jose Del Camporenak (Zaragoza), Angel Meirasenak (Toledo-Ceuta) eta Constantino Fernandezenak (Muskiz, Bizkaia).

Familia bakoitzak pare bat minututan beraien senitartekoaren biografia labur bat egin du eta guztiek eskertu dute, bihotz-bihotzez, Pipergorri elkarteak egindako lana. Zentzu horretan, batek baino gehiagok ezin izan dio negarrari eutsi hitza hartzeko momentua heldu zaionean.

Familiaren testigantza

Constantino Fernandez biktimaren alabak emandako testigantza izan da saioko hunkigarrienetakoa. Izan ere, Begoña Fernandez, 94 betetzear dagoen muskiztarra, bi senide gazteagoren laguntzarekin iritsi da oholtzara. Bi hauek Constantinoren argazkia erakutsi dute une oro, Begoñak bere aita zenarekin dituen azken oroitzapenak zehazten zuen bitartean.

Emakumeak azaldu duenez, «nire aita ospitale honetan preso hil zen 39 urte zituenean, 1938an». Hori horrela, Constantino Gernikako gerra-ospitalean zendutako 33. biktima izan zen.

«Nire aita Muskizen jaio zen, eta nire amarekin ezkondu zenean Usansolora joan ziren bizitzera. Gerra hasi zenean eta nire aitak askatasunaren defentsan alde egin zuenean, nire ama, ahizpa eta ni Somorrostrora joan ginen, nire aitaren familiarekin batera, babesleku bila. Frontetik zetozen berriak ez ziren asko, baina mandatu edo jasotako eskutitz baten bitartez, Villaverde de Turtziozen (Kantabria) gaixorik zegoela jakin genuen. Geroago, Xixonera eta ondoren Deustuko unibertsitatera, ospital bihurtutakora, lekualdatu zuten, eta hortik Gernikara, bere azken geltokira», gogoratu du Begoña Fernandezek.

Segidan azaldu duenez, kasualitez josefinak deituriko mojak zeuden lanean Gernikako gerra-ospitalean, eta hauetako batzuk bere amaren irakasleak izandakoak ziren. «Horri esker, nire amak mesedezko tratua izan zuen, ospitalera bisita egunetatik kanpo joatea utziz, diru faltagitik bisita egunetan joateko zailtasunak baitzituen», aitortu du.

Begoña Fernandez: «Ia ezin izan nuen aita ezagutu, oso ahul zegoen eta. Malkoz josita, amari gu ez abandonatzeko eskatu zion»

«Nire ahizpak eta nik behin bakarrik ikusi ahal izan genuen. Trenez iritsi ginenean, Gernika bonbardaketaren erruz suntsituta zegoen oraindik. Oraindik gogoratzen dut nolakoak izan ziren igo genituen eskailerak eta zer nolako inpresioa eman zidan. Ia ezin izan nuen ezagutu, oso ahul zegoen eta. Gogoratzen dut musukatu gintuela, eta malkoz josita, amari gu ez abandonatzeko eskatu ziola. Hori izan zen nire aitaren amaiera niretzat», kontatu du hunkituta.

Erakundeak

Senideen txanda pasatakoan, erakundeetako ordezkariek hartu dute hitza. Bertan izan dira, besteak beste, Denis Itxaso espainiar Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea, Eneko Andueza PSEko idazkari nagusia, Encarnacion Vicente Asturiaseko Printzerriko Justizia sailburuordea edota Jose Antonio Rodriguez Ranz, Lakuako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea.

Arestian aipatutako batzuek bakarrik hartu dute hitza, baina, orokorrean, diskurtso bertsua eskaini dute mintzatu diren guztiek. Laburbilduz, esker onak eman dizkiote Pipergorri elkarteari, erregimen frankistak egindako «sarraskiak» gaitzetsi dituzte eta memoria ariketa hau goraipatu dute.

Lurra opari

Ekitaldiaren azken txanpan, gerturatutako senideek, 40 inguru guztira, txandaka hildako 269 preso errepublikarren izen-abizenak eta jaioterria irakurri dituzte. Bitartean, krabelin gorrien lore eskaintza kokatu dute Jose Ibarrolak diseinatutako eskultura baten gainean. Jarraian, Irene Ojanguren soprano gernikarrak abesti bat eskaini die gerturatutakoei.

Gauzak horrela, keinu sinboliko gisa, Gernikako kanposantuko lurrez betetako ontzitxo batzuk eman dizkiete familiei. Bukatzeko, emozioz gainezka, gerturatutako familiek argazki bateratu bat atera dute beraien zendutako senideen omenez ezarritako plakaren aurrean.