Iragana eta geroa batu dira gaur Baztanen. Nafarroa Berriz Altxa ekimenak deituta, ehunka lagun bildu dira gaur goizean Amaiurko gazteluaren inguruan, batailatik 500 urte igaro direnean. «Duela 500 urte gure arbasoek argi utzi zuten ez zirela ez frantsesak ez espainiarrak. Bere borondatea lurperatuta geratu zen eta, gure patua, espainiar eta frantses Estatuetara kateatuta», gogoratu dute Amagoia Susperregi eta Joseba Compainsek.
«Oroitzapen egun bat, bai, baina batez ere gaurkotasun handiko aldarrikapen bat egun: non hartzen diren eta nork hartzen dituen gure egunerokotasunean eragina duten erabakiak», azaldu dute. Izan ere, hori izan da gaurko ekitaldiaren muina. Kontsumoa, lan-harremanak edo Gobernu aurrekontuen gainean erabakitzeko ezintasuna nabarmendu dute. «Gure arbasoei egin dakiekeen omenaldirik onena da eta izango da prozesu subiranista propio eta herrikoi bat eraikitzea, dena erabaki dezakegun errepublika aske eta burujabe batera eramango gaituena», gehitu dute.
Nafarroa Berriz Altxa ekimeneko kide eta historialari Floren Aoizek gaur egungo «nafar eta orohar, euskal herritarrok, geure instituzioak» behar ditugula azpimarratu du. «Hori da atzo eta gaurko konkistatzaile eta faxistei aurre egiteko bidea. Nafarroa berri bat, Euskal Herri berri bat eraikitzen ari gara, eta oroimenetik ere egiten ari gara».
En Amaiur, @elomendia recuerda el interés del nacionalismo español por derribar el monolito, citando a Víctor Pradera #Amaiuraldia @altxanafarroa pic.twitter.com/bUypKzzzU7
— Aritz Intxusta (@AritzIntxusta) June 5, 2022
Haiekin batera, Euskal Herri osoko ordezkariak izan dira, Irati Elizalde. Gipuzkoatik, Txema Ramirez de la Piscina, Arabatik, Oier Errementeria, Bizkaitik, Klara Rouget, Ipar Euskal Herritik eta Mieljoxe Ariztia, Amaiur bertatik, Nafarroatik.
Gogora ekarri dute gaur ondoan izan duten monolitoa ez dela hasiera batean eraiki zena. 1922ko ekainaren 30ean inauguratu zen lehen oroigarria, hainbat elkarte eta pertsonalitateren bultzadaz egin zena, baina 1931ko abuztuan lehertarazi zuten. «Duela ehun urte euskal lurraldeen arteko elkartasuna lotu nahi izan zuten Amaiurko defentsaren oroimenaz monumentoaren eraikitzaileek. Horregatik, nahiz eta konkista gerletan nafar eta eta orohar euskaldun batzuk beste batzuen kontra jarri, espainiar inperialismoaren eraginez, 1922an, batasun taupada oso indartsua zen, eta oroigarrian islatu nahi izan zuten», adierazi du Ramirez de la Piscinak.
«Ez daitezen inoiz errepika», beste formula bat
Urrats hura ez zela «nostalgia ariketa bat izan» gehitu du Errementeriak. «Oroimen saioak iraganeko zauriak sendatzea ahalbideratu nahi zuen, eta indarra eman zion nafar eta euskal askatasunen aldeko borrokari». Hala ere, etorkizunera begira jarri du ikusmira: «Gu ez gaude hemen iraganaz amesteko, iragana oroitzeak beste etorkizun bat amesteko balio digulako baizik. Nork bere historia kontatzea autodeterminazio ariketa da, burujabetze saioa, mugatua bai, baina oso emankorra, une berean».
Rougetek Amaiurko monolitoan irakur daitekeen «betiko argia» gaurkotasunera ekarri nahi izan du. «Herriak aldatzen dira, mundua aldatzen da, eta gu XXI. mendeko herritarrak gara, gure garaiari estuki lotuak, baina ez dugu ahantzi nahi, ez dugu kontatu diguten historia faltsifikatua onartu nahi, ez dugu subordinazioa irentsi nahi, jakin baitakigu ez garela gure buruaren jabe espainiar eta frantziar estatuen menpekoak baizik. Guk kontatu nahi dugu gure historia».
Historia hori hamaika aldiz eraiki eta suntsitu zen, gerraz gerra, eta Ariztiak nabarmendu du ez dela hori etorkizuneko formula. «Hau gaztelu bat izan zen, eraikin militar bat, hamaika aldiz eraiki eta deseraiki izan dena, eta guk ez dugu gerlarik nahi, guk ez dugu bataila gehiagorik nahi, guk geure etorkizuna libreki erabaki eta eraiki nahi dugu, inolako inposiziorik gabe, iraganeko konkista eta erresistentzia gerrak ez daitezen inoiz ere errepika, gure asmoa beste mundu bat eraikitzea baita».
Erlojua 13.00etara gerturatzen ari zenean Amaiurko kanpetatik abiatu da martxa, Ordokirako bidean, non herri bazkaria antolatu duten.