NAIZ

Ibaeta Basketek Nicole Cardaño-Hillary antolatzaile madrildarra fitxatu du

23 urteko jokalariak Emakumeen Ligan debita egingo du AEBetan NCAAn unibertsitatean formakuntza amaitu berritan. Indianako Hoosiers mitikoarekin 11 puntu sartu ditu batez beste azken denboraldian. Kutxabank Araskiri dagokionez, Katja Zec serbiarrak ez du Gasteizen jarraituko.

Nicole Cardaño-Hillary, IDK Euskotrenen antolatzaile berria.
Nicole Cardaño-Hillary, IDK Euskotrenen antolatzaile berria. (@IBAETA BASKET)

Nicole Cardaño-Hillary antolatzaile madrildarra da IBaeta Basketek 2022/23 denboraldiari begira egin duen bigarren fitxaketa Natalia Rodriguezen ostean. 23 urte eta 1,68 metroko jokalari honek Emakumeen Ligan debuta egingo du, orain arte AEBetan unibertsitatean NCAAn aritu baita. Lehenengo George Mason Unibertsitatean bi urte egin zituen eta azken bi urteak berriz, Indiana Hoosiers talde entzutetsuan eman ditu.

Aita espainiarra eta ama AEBtakoa duen jokalari honek azken denboraldian 11,5 puntu, 4,8 errebote, 3,1 asistentzia eta ohostutako 2,1 baloi lortu ditu batez beste eta Indianan eman duen bigarren urte honetan maila oso txukuna eskaini du.

Yurena Diazekin batera antolatzaile bikoeta osatuko du Nicole Cardaño-Hillaryk, Laura Cornelius Herbehereetako antolatzailea Gironara joan baita datorren denboraldiari begira.

Hala, Yurena Diaz, Maria España, Ane Esnal, Cristina Soriano eta Marian Coulibalyri kontratua berritu ostean, eta Natalia Rodriguez eta Nicole Cardaño-Hillary fitxatuta, talde donostiarrak datorren denboraldiari begira zazpi jokalari ditu dagoeneko, baina oraindik jende gehiago pilatu beharko du, 2022/23 denboraldian Emakumeen Ligan ez ezik Women Eurocupean ere jokatuko baitu.

Agur, Katja Zec

Bere aldetik, urtebete Kutxabank Araskin egin eta gero, Katja Zec eskolta serbiarrak ez du Gasteizen jarraituko.

Kanpoko jaurtiketa indartzeko asmoz etorri zen Zec pasa den urteko ekainean Araba aldera, eta tarteka lan ona egin badu ere, asteko MVP ere izan baita jardunaldiren baten ostean, erregulartasun falta nabarmena eraskutsi du.

Hala, 7,2 puntu eta 2,5 errebote lortu ditu batez beste jokalari serbiarrak 30 partidatan parte hartu eta gero. Kutxabank Araskik bere prentsa oharraren bidez bere «inplikazioa eta profesionaltasunagatik eskerrak» eman dizkio eta «zorterik onena» opatu dio etorkizunera begira.