NAIZ

Marmol harrobia, Markina-Xemeingo txapelketak izango dituen aldaketen abiapuntu

Aurtengo txapelketak izango dituen aldaketak eszenifikatzeko –Mastersetik Grand Slamera pasatu eta modernizatu egingo da–, harrobia frontoi bihurtu dute pilotariek, irudi ikusgarriak eskainiz.

Pilotariak, gaur, Markinako marmol harrobian egindako aurkezpen ekitaldian.
Pilotariak, gaur, Markinako marmol harrobian egindako aurkezpen ekitaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Aldaketa handiak izango dira aurtengo Markina-Xemeingo zesta-punta txapelketan, astearte arratsalde honetan aurkezpen ikusgarrian adierazi duten bezalaxe. Aldaketa horiek eszenifikatzeko herriko marmol harrobia hautatu zuten eta pilotariek harrobia frontoi bihurtu zuten: frontoi naturala, mendian eta naturan txertatutakoa, marmolezko frontis eta ezker hormarekin.

“Markinako marmol beltza” mundu guztian da ezaguna. Munduko txoko guztietara esportatzen da. Bada, marmolezko harri blokeak bezala, berdin-berdin zabaldu dira munduan zehar Markina-Xemeingo pilotariak, herriko harrobian hazitako puntistak. Orain, pilotariak eta zesta-punta, biak itzuli dira etxera, eta bertan harrobia osasuntsu dagoela ikusi dute. 70 kide ari dira jo eta su klubean, erdiak baino gehiago kadete, alebin eta benjamin mailako zestalariak. Hamabost bat neskak dira, eta kopurua etengabe hazten ari da.

Harrobia «sendo» dagoela azpimarratu eta orain plano profesionalean «aurrerapausoa» eman behar dela nabarmendu zuten atzoko aurkezpenean. Hala, lehen aldiz, Grand Slam kategoriako txapelketa bat hartuko du Markina-Xemeinek; Master Series mailatik Grand Slamera pasako da. Horrek zer esan nahi du? Bikote gehiago arituko direla eta orain arteko jaialdi kopurua bikoiztu egingo dela.

Bi multzotan banatuta, sei bikotek neurtuko dituzte indarrak. A multzoan arituko dira Erkiaga-Zabala, Olharan-Etcheto eta Arbe-Lekerika. B multzoan, aldiz, Goikoetxea-Salegi, Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Del Rio.  Ligaxka jokatuko dute lehenik (ekainaren 12an hasiko da) eta, ondoren, finalerdiak (uztailaren 2an eta 9an) eta finala (uztailaren 16an, 20.30ean). ETB1ek emango ditu txapelketako bigarren finalerdia eta finala, azken hori, zuzen-zuzenean.

Jai Alai World Tourreko denboraldian postu egonkorra duten zortzi pilotariez gain, beste hauek ere aukeratu dituzte txapelketa jokatzeko: Arbe, Barandika, Del Rio eta Salegi. Guztira, beraz, hiru markinar izango dira lehian onenen artean: Jon Zabala, Jokin Arbe eta Eñaut Salegi.

Modernizazioa

«Jendea nahi dugu, baina festa giroa ere bai!», azpimarratu dute gaurko aurkezpenean. Horretarako, txapelketako lehen jardunaldia eguerdian jokatuko da, eta frontoian speaker bat eta musika izango dira giroa berotzeko. Hurrengo bost jardunaldiak larunbat gauez jokatuko dira, eta speaker-a eta musika ez dira faltako. «Azken urteetan zaleek oso ondo erantzun dute Markina-Xemeingo zesta-punta partiduetan, baina beste pausu bat falta da. Gazte asko hasi dira zesta-punta jarraitzen, baina jai giroa ere nahi dute frontoian. Eta ez gazteek bakarrik. Adineko betiko pilotazaleek ere, ezin pozago bizi dute formatu aldaketa hau!», adierazi dute.