Iragan astean Paueko auzitegiak Seaskak ezarritako helegitea baztertu ondoren azterketak euskaraz egiteko eskubidea kinka larrian dela bistan da.
Zehazki Baxoa azterketaren ahozko handia izeneko froga euskaraz pasatzeko aukera bermatzeko helegitea aurkeztu zuten Seaskako arduradunek. Alta, Bordeleko ikuskaritzak agindutako neurri murriztailea babestu zuen jujeak.
Izan ere ikastoletako haurrek, irakasleek eta gurasoek ez dute amore eman. Hala, gaur asteazkenean goizean azterketa euskaraz dinamikaren baitan eginiko ekintzaren berri eman dute.
Trounday, Lasserre eta Bru
Mezu baten bidez jakitera eman dutenez bart azterketak euskaraz dinamikarekin bat egin duten hainbat gurasok beraien aldarrikapenak hauteskunde kanpainaren baitan islatzeko urratsa egin zuten.
Gauzak horrela, Emmanuel Macronen aldeko Ensemble! hautagaitzaren afixak estali dituzte astearte gauean.
Hain zuzen hiru euskal hautes-barrutietan aurkeztuko diren hautagaien potreten gainean ‘Azterketak euskaraz’ dioen afixa ezarria izan da
Zehazki Annick Trounday (4. hautes-barutia), Florence Lasserre (5. hautes-barrutia) eta Vincent Bru (6. hautes-barrutia) hautagaiek emandako potreten gainean ikusarazi dute beraien kexa Seaskako gurasoek, hauteskundeen lehenengo itzulirako lau egun falta direnean.
Azterketak zuzentzeari uko eginen diote hainbat irakaslek
Horrekin batera, Seaskako bigarren mailako hainbat irakaslek agerraldia egin dute gaur goizean Kanbon. Bertan jakitera eman dutenez, Herri Urratsen kasietara Peio Jorajuria Seaskako irakaslak iragarri zuen bidetik beraiek ere azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko ekimena burutuko dute Brebet azterketaren denboran.
Hogeitik gora irakasle deituak izan dira aurten azterketen prozesuan parte hartzeko. Gaur jakinarazi dutenez, ez dute azterketak zuzentzeko lana beraiengain hartuko.