Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Interview
Hegoa Ugalde, Ainhoa Olaso eta Sara del Rio
Bilgune Feministako kideak

«Antolatzearen aldeko aldarria egin dugu beti eta mantra kroniko bat izango da gurean»

2001eko Emakume Abertzaleen Topaketen ondotik Euskal Herriko Bilgune Feminista sortu zutenen artean zen Hegoa Ugalde bilbotarra. Ainhoa Olasok, berriz, orain zortzi urte egin zuen topo talde nazionalarekin. Eta Bi urte egin ditu Sara del Rio donostiarrak erreferentetzat zuen antolakundean.

Hegoa Ugalde, Sara del Rio eta Ainho Olaso, Bilgune Feministako kideak.
Hegoa Ugalde, Sara del Rio eta Ainho Olaso, Bilgune Feministako kideak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Aurten 20 urte bete ditu Euskal Herriko Bilgune Feministak eta festa handi batekin ospatuko du urtemuga, Oñatin, “20 urtez paradisuak erretzen... eztandak dardara gaitzala" lemapean. Larunbat eta iganderako programazio zabala izango da, besteak beste, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak edo bazkaria izango dira, dena Bilgune Feministaren helburu nagusia betetzeko: 20. urteurrena ospatu. «Sareak ehuntzeko modurik onena hori delako, jendea plazeraren inguruan biltzea», Hegoa Ugalderen arabera.

Festaren atarian, Bilgune Feministaren ibilbidearen errepasoa egin dute Hegoa Ugalde, Ainhoa Olaso eta Sara del Rio kideek.

Nolakoa izan zen Bilgune Feministaren sorrera? Zein zen testuingurua 2002aren bueltan?

Hegoa UGALDE: Baginen eragile ezberdinetako emakume feministak, baina politikoki eta sozialki talka handia zegoen. Ez zegoen hainbeste ikuspegi eraikitzaile bat, lehentasuna erantzuna zen, errepresio handia baitzegoen. Militantzia eredua hori zen.

Gutxi batzuk feministatzat genuen gure burua, baina feminismoa bigarren mailakoa ze, ez zen gaur egun dena. Eragileetan eragitea oso zaila zen; ‘lehentasunak beste batzuk dira’, ‘betiko astunak, itxaron’. Gainera, mugimendu feminista oso atomizatuta zegoen. Baina ikuspegia aldatu genuen: ezin genuen egon erantzuten eta erantzuten, baizik eraikitzen eta eraikitzen. Nik hor kokatzen dut Bilguneren sorrera.

Zein helburu finkatu zuen Bilgune Feministak bere hastapenetan?

H.U.: Diagnostiko bat egin zen zen eta deskubritu zen hutsune bat zegoela. Horrez gain, sare bat osatuko zuten emakume feministak antzematea zen lehentasuna. Gero, [2001eko martxoaren 8an] Berdintasunean Oinarritutako Euskal Herria Sortzera Goaz adierazpena sortu genuen. Eta ez genuen erabili feminismo hitza! Berdintasuna! Pentsatu genuen: hitz hau erabiltzen badugu, arbuio gehiago eragingo dugu. Berdintasunarekin hasi ginen, gero parekidetasunera egin genuen salto, eta gaur egun, jada, Euskal Herri feminista bat aldarrikatzen dugu.

Izan zen zailtasunik, tentsiorik, proiektu hau abiatzeko orduan?

H. U.: Oso zaila zen. Gogoan dut 18 urterekin eragileengana joatea azaltzera zer zen Bilgune. Pila bat kostatzen zitzaidan, zeren, guk ere ez genekien praktikan azaltzen, ez genuen ibilbiderik. Egia da eragile eta pertsona batzuen aldetik sekulako harrera izan genuela, baina besteak... ‘badatoz betikoak’, badakizu? Tentsioak bazeuden eta saiatu ginen eragile ezberdinetan zeuden emakumeak subjektu feminista bilakatzen beraien eragileetan.

Hasierako planteamendutik zer mantentzen da egun, sorreratik 20 urtera?

A. O.: Nik uste mantentzen dela hasierako ideia hori, Euskal Herri mailan feminismotik antolatzearen zentzua. Hasieran hiru zapalkuntzen paradigman ulertzen genuen gure begirada; generoa, nazioa eta klasea. Baina eztabaida pila baten ostean, oraindik ere jarraitzen dugu horretan, ahalik eta gehien begirada zabaltzen, burujabetza esparru denetara eramaten, zapalkuntzak elkarreraginean ulertzen, intersekzionalitatearen kontzeptuarekin bueltaka.

Sara DEL RIO: Hausnarketa horietatik etorri da azken aldian egin dugun lanketa bat; Emakume Abertzaleen VIII. Topaketetan dekolonialitatea lantzeko beharra atzeman genuen. Barrura begira jarri ginen. Hortik atera da liburua [“Araka ditzagun gure bazterrak”, Lisipe bildumakoa] eta saiatu gara hausnarketa hauek guztiak herrietan lurreratzen.

«Beti izan dugu zapalduaren kontzientzia, baina jartzen digute ispilu bat eta konturatzen gara guk ere baditugula pribilegio batzuk, baditugula ardurak»

Durangoko Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministek bultzatu zuten hausnarketa hori? Dekolonialitateari buruzko mahaian interpelazio ugari egon zen.

A. O.: Ez da hausnarketa berri bat. Egia da Jardunaldietan bizi genuela denok ‘klak’ bat eta erabaki politiko bat hartu zen: hau landu behar dugu. Uste dut ibilbide baten ondorioa dela. Hasiera batean nazio zapalkuntza lotzen genuen gehiago kultura, hizkuntza, lurraldearekin, baina ez hainbeste arrazarekin. Urte guzti hauetan konpartitu ditugu hainbat espazio emakume migratu eta arrazializatuekin, esaterako, Emakumeen Mundu Martxaren plataforman, eta hor betidanik egon dira interpelazioak. Aliatuak izan diren emakume migratu eta arrazializatuek askotan mahai-gaineratu dute Mugimendu Feminista antiarrazista izatearen beharra edo gure begiradak antiarrazistak bihurtzearen beharra. “Salda Badago”-n hartu zen erabaki bat, hortik prozesu bat hasi genuen eta Lisipe da horren fruitua, baina ez da amaitu.

H. U.: Beti izan dugu zapalduaren kontzientzia, baina jartzen digute ispilu bat eta konturatzen gara guk ere baditugula pribilegio batzuk, baditugula ardurak. Mina agertu zen, baina egia. Guk ere heldu behar diogu honi, zentzu batzuetan pribilegiatuak gara eta botere harreman horiek aldatzeko ardura daukagu. Eta lehenengo ‘klak’-a hori izan zen: guk ere zapaltzen ditugu beste batzuk!

«Berdintasunarekin hasi ginen, gero parekidetasunera egin genuen salto, eta gaur egun, jada, Euskal Herri feminista bat aldarrikatzen dugu»

A. O.: Modu eraikitzailean planteatu nahi dugu ariketa hau, erruduntasuna baino, ardura sentituz. Eta horretarako ezinbestekoak izan dira aliatuak izan diren emakume migratu arrazializatuak.

Zentzu horretan, nola saretu (saretu behar bada), adibidez, emakume migrante arrazializatuek osatutako talde ez mistoekin?

A. O.: Elkarrizketa baten nahia badago, baina espazioaren edo momentuaren araberakoa da. Mundu Martxan kolektibo ez mistoekin hartzen dugu parte. Baina, elkarlana, segun. Guk askotan konparatzen dugu gizonekin daukagun erlazio horrekin, batzuetan zilegi da esatea: ‘Guk ez dugu hau zuekin egin nahi’. Horrela ulertzen dugu negoziazio hori.

Zer talde, kolektibo, ditu bidelagun Bilgune Feministak?

S. R.: Pila bat; toki bakoitzean mapa ezberdina da. Badira herrietako taldeak, auzoetako taldeak. Agian herri batzuetan ez dago Bilgune Feminista, baina saretzen gara bestelako talde feministekin. Badaude hirietako asanbladak, Mugimendu Feminista orokorrean. Egon dira, baita ere, Medeak, Garaipen, bezalako talde historikoak. Baina talde bakoitzak bere aliantzak ditu eta aldatu daitezke.

«Bilgune eztabaidatzearen aldekoa da; hori bai, eztabaidak eraikitzaileak izan daitezela, puntu komunak topatzeko»

Feminismoaren izenean erreproduzitzen diren zenbait diskurtsorekin, abolizionismoa, haurdunaldi subrogatua edo Terf mugimendua kasu, zer egin? Euskal Herrian ez hainbeste, baina Estatu espainiarrean izan dira arrakalak, azkena Trans Legearen harira.

A. O.: Estatu espainiarrean ikusten dira haustura horiek, kanpotik begiratuta behintzat, baina Euskal Herrian ez nuke haustura hitza erabiliko egoera definitzeko. Badira talka batzuk eta asko sare sozialetatik. Baina errealitatean, asanbladetan...

S. R.: Tentsio momentuak agian bai, baina ez dago irudikatzen den haustura hori edo ez, behintzat, magnitude horretako konfrontazioak.

Argazkia: Monika DEL VALLE/FOKU

A. O.: Nik uste dut Euskal Herrian, edo Mugimendu Feministan behintzat, badagoela zaintzaren edo elkarlanaren kultura bat. Egon dira debate pila bat azkenengo hamarkadetan, izan gatazkaren inguruan, sexualitatearen inguruan, prostituzioaren inguruan... eta ezarri dira bermeak hausturak ez emateko. Bilgune horren defendatzailea da, energia pila bat jartzen dugu berme horiek egon daitezen.

Bilgune eztabaidatzearen aldekoa da. Hori bai, eztabaidak eraikitzaileak izan daitezela, puntu komunak topatzeko. Horren adibidea da “Salda Badago”-koa. Sasoi horretan prostituzioaren gaia puri-purian zegoen eta koordinazioaren baitan adostu zen ez zela izango gai zentraletako bat. Zergatik? Bada, iskanbila sor daitekeelako. Esan zen, ‘espektakulurik ez’. Behar duguna da eztabaidatu behar den momentuan, behar den kontzeptuekin, behar den jendearekin.

Pandemia bada inflexio puntu bat, eta harekin azalera atera den zaintzaren krisia. Arreta berezia jarri duzue hor.

S. R.: Bizitzak Erdigunera Koordinadora sortu zen, bertan zen Bilgune, zeren zaintzaren inguruko irakurketa aspaldi egin zuen. Esaten dugunean bizitzak erdigunean jarri nahi ditugula, esan nahi dugu zaintza sistema birplanteatu behar dugula. Egia da covid-arekin askoz era gordinagoan eman direla hainbat kasu, erresidentzietako langileen egoera, adibidez.

«Lehenengo greba feministak eman zezakeen martzianada bat, baina gaur egun ez du inork zalantzan jartzen bi grebek izan zuten arrakasta»

A. O.: Bizitzak Erdigunera plataformak egiten duena lurreratze ariketa bat da, esanez, zer emergentziazko behar ditugu? Aurrera begira, nolako zaintza sistema behar dugu?

H. U.: Zaintza difusoa da, dena da eta ez da ezer. Debate handi horietan galdu egin gaitezke, baina ariketa hori egiten ari gara: hainbeste eztabaidaren ostean, praktikara lurreratzen.

Gauza bat da Euskal Herriko Mugimendu Feminista eta beste bat hortik kanpo dagoena, jendarteak, oro har, zenbateraino egiten duen bat feminismoarekin. Pandemia aurreko M8etan badirudi baietz. Hau bat dator errealitatearekin, ala asimilazioaren sintoma da?

S. R.: Egia da greba horiek oso jendetsuak izan zirela eta asimilazioa neurtzea ariketa zaila da. Baina aurreko batean kide zaharragoekin hitz egiten nengoen, eta esaten zidaten, ‘orain dela 20 urte azaroak 25 batean edo martxoak 8 batean, ez ginen inor’. Gaur egun ideia hauek ez dira zalantzan jartzen. Lehenengo greba feministak eman zezakeen martzianada bat, baina gaur egun ez du inork zalantzan jartzen bi grebek izan zuten arrakasta. Uste dut horrelako mobilizazio jendetsuek arrasto bat utzi dutela.

H. U.: Oso ohikoa da feminismo hitza erabiltzea, mundu guztiak erabiltzen du. Baina arriskua modu indibidualean aritzean datza. Herri mugimenduan, orokorrean, uste dut gero eta arrisku gehiago dagoela jendea desmobilizatzeko eta antolakuntza mailan atzera egiteko. Sare sozialak eta argazkia gailentzen dira batzuetan. Diskurtso interesgarri asko dago maila horretan, baina arriskua hori da: geratuko gara zibermundu batean edo benetan gure egunerokotasuna eraldatuko dugu? Hori bakarrik egitea, antolatu gabe, oso zaila da.

Zer lortu du Bilgune Feministak 20 urteko ibilbidean?

A. O.: Taldeak eta kideak loratzea, baita hausnarketak ere. Guk beti antolatzearen aldeko aldarria egin dugu eta uste dut mantra kroniko bat izango dela gurean.

S. R.: Komunitatearen indarra eta saretze zabala.

H.U.: Sarearena klabea da. Jendeak atxikimendu handia dauka Bilgunerekiko eta erreferentzialtasuna irabazi du.

S. R.: Bai, jende asko pasatu da Bilgunetik eta, neurri batean edo bestean, denak gelditu gara. Hori asko nabaritzen da.

Eta aurrera begira, zeintzuk dira erronkak?

A. O.: Sarea gehiago zabaltzea, Bilgune indartzea, hori da urtemugari jarri diogun erronka bat. Aurreko [M8ko] grebetan eta “Salda Badago”-ko antolakuntzan egin zen saiakera bat eta sortu zen sare edo koordinazio moduko bat, nahiz eta pandemiak neurri batean zapuztu egin zuen hori.

Bestetik, borroka, praktika eta alternatiba emantzipatzaileak bideratzea Euskal Herrian. Euskal zaintza sistemaren inguruko eztabaida, adibidez, oso inportantea da. Mugimendu Feminista eta herri mugimenduko beste eragileek arrazismoaren inguruko hausnarketak abiatzea eta horrekiko ardurak eta neurriak hartzea. Erronka asko dira.