Urte batzuk gehiagorekin, baina esperientzia motxilan sartuta. Eta berrituta. Hala itzuli da oholtza gainera Asgarth heavy talde gipuzkoarra. Asier Enbil, Ander Cañas eta Unai Zabala jatorrizko taldekideei batu zaizkie orain Mikel Yarza baxua eta Etxahun Urkizu bateria, eta esentzia ez dute galdu.
2015. urtean Añorgako ikastolaren 50. urteurrenerako abestia egin ondoren, 2018an berriro hasi ziren taldekide batzuk biltzen abesti zaharrak jotzen eta berriak sortu nahian. Joxi bajua eta Unai Corral bateria taldera itzultzeko beren momentua ez zela ikusita, Mikel eta Etxahun iritsi ziren. Baina pandemiak mundua geldiarazi zuen, baita Asgarthen itzulera ere, nahiz eta tartean “Heriotzaren aurpegia” bezalako abestia eguneratu zuten bakoitza bere etxetik.
Orain, ordea, eraberritutako taldeak bi kontzertu eskaini ditu dagoeneko azken asteetan, Añorgan –lehen etapari agur esan zion eszenatoki beran– eta Bilbon. Eta emaitza sekulakoa izan da: lehenengo aldiz sarrerak internet bidez jarri zituzten salmentan –Donostitik urrun bizi zen jendeak erosteko aukera bikaina izanda– eta sarrera guztiak agortu dira bi ekitaldietan.
«Taldeak behar zuen. Bueltatzeko urduritasun hori zegoen eta egia esan, dena primeran atera zen, jendearen erantzuna kristonarena izan zen eta gu emozionatuta. Taldeko beteranoek urte asko kendu genituen gainetik», azpimarratu dio NAIZi Asier Enbil abeslariak.
Baina nola da hainbeste urteren ondoren taulara igotzea berriro? «Ni, pertsonalki, oso urduri jartzen naiz eta behar dut nire momentua lasai egoteko, bakarrik egoteko. Baina sentsazio ezberdinak genituen: urduritasuna, gogoa, emozio asko… Afarian bertan, elkar begiratu genuen, jende gehiagorekin afaldu genuen eta konplizitatea bilatzen genuen gure artean jakiteko nola geunden. Egia da lehendabiziko abestia hasita, segituan urduritasuna albo batean geratzen dela», kontatu du Enbilek.
ESKERRIK ASKO BILBO
— Asgarth (@asgarthofiziala) June 5, 2022
Itzulerako bigarren kontzertuan ere, aretoa gainezka. Mila esker @bilborock-eko sarrerak agortu zenituztenei eta bereziki urte guzti hauetan gure ondoan egon zaretenei.
ADI! Aste honetan... data berriak!!!!#Asgarth #Itzulera #Bilbo #Bilborock #15urte pic.twitter.com/xY7sq1w2kh
Bigarren etapa honetan gaztetasuna eskuratu dute, Hilotz trash metal taldetik iritsi diren Mikel Yarza eta Etxahun Urkizurekin –bateria Governors eta Erromerian Gozategirekin asko ibilitakoa da–. «Gazteak dira baina esperientzia nahiko handia dute. Oso ondo egokitu dira. Beraien aportazioa egin dute eta emaitzarekin oso pozik gaude», adierazi du taldeko buruetako bat denak.
Gaztetasun hori esperientziarekin batu da. «Urte asko pasa dira bakoitza bere instrumentuarekin. Lehen gaztetasun eta freskotasun hori genuen, eta orain errazago aurkitzen dugu bilatzen dugun hori, nahi ditugun riffak, melodiak… Erraztasun handiagoa dugu. Heldutasun puntu hori hartu du taldeak, nahiz eta freskotasun hori lortu dugun gazteekin», gaineratu du abeslariak.
Orain arte eskainitako bi kontzertuetan, ezagutzen edo zuzenean jotzen ikusi ez duen jendearengan iritsi nahi izan du taldeak, baina «nostalgia puntu hori esplotatu» nahi izan du baita ere. Hau da, lau diskoetatik selekzio bat egin eta jendearengan harrera hobea izango duten abestiak jo dituzte. «Udara honetan remember antzeko bat egitea da asmoa», dio Enbilek. «Bi kontzertu hauetan ikusi dugu, gure abestiak jota, jendeak eskertzen duela, garraxi batean abesten dituzte emozionatuta. Hori goitik aurpegiak ikustea gozada bat da», azpimarratu du abeslariak. Set list horretan, nola ez, disko berriko aurrerapena den “Zeldatik” abestia ere gaineratu dute.
Kontzertu gehiago eta disko berria
Hurrengo hiru kontzertuak adostuta dituzte: ekainaren 24an Arbizun, uztailaren 2an Pasai San Pedron eta uztailaren 7an Lesakan. Horietako bigarrena «berezia» izango da Asier Enbilentzat, etxean joko baitu, herrian. «Gainera herriko gazteak aspaldi ari dira atzetik bertan jotzeko», adierazi du berak.
«Kontzertua ondoren, jendearekin hitz egitea, trago bat hartzea, zein sentsazio duten jakitea, guk ere gureak kontatzea… Orain arteko bi kontzertuetan hori gozada bat izan da. Herrian jotzean, niretzat ere berezia izango da. Etxean jotzen dugu, baina ez pentsa, agian presioa handiagoa baita. Gurasoak, osabak, lagunak egongo dira… Baina bai, gogoak ditut. Herriko 25 urte azpiko gazteek, agian Youtuben bai, baina ez naute zuzenean ikusi jotzen», azaldu du.
KONTZERTU BERRIAK
— Asgarth (@asgarthofiziala) June 7, 2022
Udako zuzenekoak ate joka!
EKN 24 @ Arbizu
UZT 02 @ Pasai San Pedro
UZT 07 @ Lesaka
Hau geldiezina da
#Begipuntuan#Asgarth #Itzulera #Uda #Kontzertuak pic.twitter.com/yfMs1Nmbun
Uztaila amaieran eta abuztuan oporrak hartuko dituzte, ondoren irailean edo urrian kontzertu gehiagoren bat eskaintzeko: «Udara honetan kontzertu asko ez genituela emango adostu genuen. Batzuk gurasoak gara, haur txikiak ditugu oraindik. Ez da plana, gaztetasunean ibiltzen ginen bezala, astean bi kontzertu emateko».
Hori bai, udara ondoren etorriko dena ez da makala izango. «Etenaldi bat egin beharko dugu lokalean sartzeko, disko berriarekin zuzeneko abestiak prestatzeko eta aurkezpena egiteko. Diskoa –iazko irailean grabatuta dagoena–, azaroa-abenduan aterako dugu. Ideala izango litzateke Durangoko Azokarako, edo aste batzuk lehenago Durangon egon ahal izateko.
Eta zein da disko berriaz duten iritzia? «Haritz Harreguyrekin –Delirium Tremens taldera iritsi berri da– grabatu dugu. Aspaldidanik pentsatuta genuen zerbait zen. Pertsonalki ezagutzen genuen, rollo ona zegoen eta bere lana ikusita, zen gauza bat nahiko argi genuena eta emaitzarekin gaude oso oso pozik. Soinu aldetik, lortu dugu soinu bat inkluso espero ez genuena. Haritzena ikaragarria izan da. Gure iritzia ez da oso objektiboa, baina oso pozik gaude eta gogotsu gaude jendearen harrera ikusteko», erantzun du Enbilek.
Duela hilabete batzuk “Zeldatik” lehen singlea kaleratu zuen Asgarthek, eta azken asteetan bigarren singlea izango denaren bideokliparen lehen zatia grabatzen aritu dira Tolosako papelera «leku ezinhobean». Oraindik bigarren zatia grabatu beharko dute kalean, baina horretarako daten zain daude.
Ikusten denez, Asgarthen itzulera hau ez da bromazkoa, benetakoa da. Musika munduan oso lagunak dituztenen zorion mezuak jaso dituzte; hala nola, Idi Bihotzeko Mikel eta Gorka Bizar anaienak –Bilboko kontzertuan bertan egon ziren, gainera–. «Aspaldiko lagun horiek tartetxo bat hartu zuten mezutxoa bidaltzeko eta pozten zirela esateko», kontatu du Asier Enbilek. Eta, orain, musika zabaltzen jarraitzeko irrikitan daude. Abeslariak berak dioenez, «beti esan dugu heavyak nahiko fidelak direla». Hori egiaztatu dute Añorga eta Bilboko kontzertuek. Eta adi: hau geldiezina izango da!