Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Hiztunen arteko tentsioen eta diskriminazioen gaineko gogoetak

EHUko Udako Ikastaroen barruan, testuinguru ezberdinetako ikasleek izan zuten atzo hitza. June Telletxeak, Borja Alonsok, Nerea Vicentek eta Paul Elizondok hizkuntza ohiturez eta euskararekiko duten erlazioaz hitz egin zuten eta hiztunen harteko tentsioak eta diskriminazioak azaleratu zituzten.

Borja Alonso, Paul Elizondo, Nerea Vicente eta June Telletxea mahai-inguruan.
Borja Alonso, Paul Elizondo, Nerea Vicente eta June Telletxea mahai-inguruan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

EHUk eta Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak elkarlanean antolatu duten “Gazteen ahotsak: hizkuntza ideologiak eta kultur aniztasuna” izeneko mintegia hasi zen atzo Bilboko Alondegian. Udako Ikastaroen barruan antolatu dute, eta gaur emango diete itxiera jardunaldiei.

Antolatzaileek jakinarazi zutenez, topaketaren helburua testuinguru kulturaniztunetan bizi diren gazteen hizkuntza ideologiak aztertzea da. Horrela, euskal gazteak eta euskara ardatz dituzten ikerketak izango dira mintzagai nagusi, baina nazioartean izen handia duten ikertzaileek ere parte hartuko dute, eta katalan, irlandera eta galegoaren kasuak ere aztertuko dira.

Atzo, hainbat irakaslek hizkuntza ideologiaz eta euskararen erabileraz hitz egin ondoren, ikasleei eman zieten hitza haien hizkuntza ohiturei buruz eta hiztunen arteko tentsioez eta diskriminazioaz aritzeko.

Zelako erlazio euskararekin?

June Telletxea Deustuko Unibertsitateko Gizarte Hezkuntza eta Gizarte Laneko ikasle bilbotarrak egin zituen moderatzaile lanak. Hasteko, honako galdera bota zien hizlariei: «Zelako erlazioa duzue euskararekin?».

Nerea Vicente EHUko Kazetaritza ikasle sestaoarra hasi zen erantzuten. Euskararekiko izan duen erlazioa beti «gatazkatsua» izan dela nabarmendu zuen: «Euskaraz ez naiz gaztelaniarekin bezain eroso sentitzen, eta unibertsitatean sartu nintzenean epaitua sentitu nintzen nire mailagatik. Horregatik lotsa ematen zidan euskaraz hitz egiteak».

Ikasketak gazteleraz egitea ere pentsatu zuen, baina lagun batek karrera euskaraz egiten jarraitzera animatu zuen, eta denbora librean gehiago hitz egitera. «Berarekin euskaraz hitz egiten nuen eta konfiantza sentitzen nuen. Denborarekin gehiago erabiltzen hasi nintzen, eta azkenean euskaraz amaituko dut karrera», azaldu zuen.

Borja Alonsok, Deustuko Unibertsitateko Hizkuntza Modernoak graduan lizentziatutako bilbotarrak, antzeko egoera marraztu zuen. Harreman «ezegonkor» bezala definitu zuen. Testuinguru erdaldun batean hazi zen. Eskolatik kanpo ez zuen euskararekin kontakturik: «Niretzat euskara eskolan gainditu beharreko beste ikasgai bat zen, eta horrek hizkuntzarekiko amorrua eragin zidan. Institutuan ‘txip’ aldaketa itzela izan nuen, eta euskararen garrantziaz ohartu nintzen. Ordutik aurrera, ahaleginak egin ditut egunero, eta gaur egun nahiko pozik nago euskararekin dudan harremanarekin, nahiz eta hobea izan litekeen».

Paul Elizondo EHUn Publizitate eta Harreman Publikoetan graduatua den bermeotarraren egoera oso ezberdina da. Eremu euskaldunean hazi da, hainbat euskalki ezagutzen ditu eta berarentzat euskara beti izan da espazio «seguru eta naturala». Hala ere, unibertsitatean sartzerakoan zalantzak izan zituen: «Iruditzen zitzaidan horrelako espazioetan euskara batua beste hizkeren gainetik zegoela eta klaseko ‘aldeanoa’ izango nintzela pentsatzen nuen. Baina ez zen hala izan eta, behintzat, ikaskideek asko baloratzen zuten euskalkia».

Zeren arabera?

Testuinguruaren garrantziaz asko hitz egin zuten, eta hori kontuan hartuta, hurrengo galdera bota zien June Telletxeak: zeren arabera uste duzue euskara gehiago edo gutxiago erabiltzen duzuela?

«Pertsonen arabera», erantzun zuen Elizondok. Azaldu zuenez, elkarrizketak beti euskaraz hasten ditu, eta solaskideak ulertzen ez diola ikusten badu, euskara batuan saiatzen da. Horrela komunikatzea lortzen ez badu, gaztelaniaz hitz egiten du.

Vicentek, aldiz, euskaraz aritzeko segurtasuna sentitu behar duela nabarmendu zuen: «Ez banaiz seguru sentitzen, lotsa ematen dit, eta ez dut euskaraz hitz egiten. Epaitua ez naizela izango sentiarazten badidate, konfiantza daukat euskaraz hitz egiteko, hobeto edo txarrago hitz egin arren». Horrekin ados egon zen Alonso.

Horregatik, euskarari buruz hitz egitearen garrantzia azpimarratu zuten lau gazteek, eta mintegi hauen moduko espazioak nabarmendu zituzten. «Elkar entzutea eta bakoitzak egoera eta sentimenduak helaraztea ezinbestekoa da. Guztiok ditugu euskararekiko harreman ezberdinak, bakoitzak bere konplexuekin eta barne-gatazkekin, eta horiek partekatzeak asko errazten ditu gauzak», esan zuen Alonsok.

Perfekzioa ere eztabaidagai izan zuten. Alonsok esan zuen, sare sozialak bezalako espazio informaletan ere, non, oro har, ez den oso ondo idazten edozein hizkuntzatan, euskaraz idazterakoan egiten diren akatsak oso gaizki ikusiak daudela. Ildo horretan, Vicentek esan zuen testuinguru batzuetan ez duela euskaraz hitz egiten edo idazten, ortografia- edo gramatika akatsak egiteko beldurragatik.

Mahai-ingurua bukatzeko, Telletxeak guztiok euskaraz hitz egiteko «espazio seguruak» sortzearen beharra nabarmendu zuen, eta horretarako «bakoitzak bere alea» jarri behar duela. Horretaz gain, irakaskuntza interpelatu zuen: «Eskoletan eta institutuetan erabiltzen diren teknikak eguneratu behar dira. Euskaraz ez egiteagatik zigortzea ez da inoiz bidea izango. Pedagogia eta enpatia behar dira».