Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Günther Messnerren bigarren bota, 52 urte beranduago

Reinhold Messnerrek iragarri du inguruko biztanleek joan zen astean aurkitu zutela bere anaiaren bigarren bota, Diamir glaziarraren magalean. 1970eko ekainaren amaieran jazotako tragedia gogoan, 14 zortzimilakoak betetzen aurrena izan zenaren kontakizuna berretsiko luke.

Günther Messnerren bigarren bota; 2005ean azaldu zen aurrenekoa eta 2004an, peronea.
Günther Messnerren bigarren bota; 2005ean azaldu zen aurrenekoa eta 2004an, peronea. (@REINHOLDMESSNER_OFFICIAL)

JJoan zen astean Pakistango urrutiko gune batean izandako ezusteko aurkikuntza batek 1970eko ekainean jazotako gertaera lazgarri bat ekarri du berriro alpinismoaren gaurkotasunera. Nanga Parbat erraldoiaren inguruan bizi diren biztanle batzuek Günther Messnerren bigarren bota aurkitu omen zuten pasa den astean Diamir glaziarraren magalean, Reinhold anaiarekin batera zortzimilako haren tontorra zapaldu ondoren desagertu zen gaztearena, hain zuzen ere.

Kontua da tragedia hura lazgarria ez ezik, polemikoa ere izan zela, Reinhold Mesnerri anaia lagundu ez izana leporatu izan zaiolako. Aldiz, aurkikuntzak hamalau zortzimilakoak igotzen aurrena izan zen gizonak hasiera-hasieratik emandako bertsioa berretsi egiten du, Messnerrek beti defendatutakoa baina bere espedizioko kide ohiek zalantzan jarritakoa.

Günther Messnerren aurreneko bota 2005ean aurkitu zuten, Tirol hegoaldeko alpinistaren gorpuzkiekin batera. Lehenago, 2004an, Güntherren perone hezurra aurkitu zuten, eta, modu horretan, behin-behinean gorpuzki hura Reinhold Messner alpinista mitikoaren anaiarena zela zehaztu ahal izan zuten.

Historia

Messner anaiak 1970eko ekainaren 27an iritsi ziren Nanga Parbateko gailurrera, Rupal ibaiaren isurialdeko lehen igoera egin ondoren. Ondoren, bide beretik jaitsi beharrean, Diamir ibaiaren isurialdetik jaistea erabaki zuten, Nanga Parbateko lehenengo zeharkaldia eginez.

Abentura luze eta nekagarria izan zen; neurri baten kutsu epikoa zerion zeharkaldi hari, baina azkenean tragedia handi bihurtu zen. Jaitsiera agonikoa eten egin zen bi anaiak ia Diamirren magalean zeudenean. Reinhold Messnerrek beti esan izan du halako batean anaia atzetik ez zetorrela konturatu zela. Hala bere bila abiatu zen, baina ezin izan zuen aurkitu. Antza denez, elur-jausi batek lurperatu zuen Günther, arrastorik utzi gabe.

Anaiaren galerak jota, etsipena eta nekea nagusitu zitzaizkion Reinhold Messnerri. Halere, anaia bilatzen ahalegindu omen zen beste behin ere, alferrik. Azkenean arrastaka iritsi zen haranera, guztiz jota;  bost egun ezer jan gabe zeramatzan bertako artzain batzuek aurkitu zutenean.

Polemika

Messner anaien zoritxar tragikoa espedizioko kideek sortutako polemikak are gehiago elikatu zuen. Lehenik eta behin, Karl Herrligkoffer liderra haserre agertu zen Reinhold Messnerrekin, ekainaren 27an 7.200 metrora kokatutako bosgarren kanpamentutik gailurrerantz ez joateko jasotako aginduari jaramonik egin ez ziolako. Ostean, Hans Saler eta Max von Kienlin alpinista alemanek ere Reinhold Messnerri leporatu zioten anaia bertan hilko zen jakinaren gainean egonda ere, Günther Messner laguntzarik gabe bakarrik utzi zuela. Horren harira liburu bana argitaratu zuten alpinistok, eta bertan Reinholden handinahia larregizkoa zela salatu zuten. Nanga Parbat igotzen ari zirela, Güntherrek Reinholden ibilia moteltzen eta atzeratzen zuela idatzi zuten, eta Reinholdek anaia atzean utzita aurrera jo zuela itsu-itsuan; jaisten hasi zen arte ez omen zen konturatu anaia atzetik ez zetorrela.

Reinhold Messnerrek beti ukatu ditu jasotako kritika gogorrak. Are, Hanburgoko epaitegi baten bitartez, 2007ko urtarrilean, bi liburuen edizio eta itzulpen berriak debekatzea lortu zuen –gaztelerara itzulita daude biak ala biak, hurrenez hurren “La Trasgresión” eta “Entre luces y sombras” izenburupean–. Erabakiak erabaki, baina, ordurako alpinismo munduaren inguruko jende guzti-guztia Reinholden aurkako akusazio gogorren jakinaren gainean zegoen.

Txutxu-mutxuak eta zantzuak

Diamir glaziarraren isurialdearen magalean Güntherren gorpuzkiak 2004an agertu zirenetik, Reinhold Mesnerrek hasieratik defendatutako bertsioak gero eta indar handiagoa hartu du. Zurrumurruak eta susmoak beti izan dira eta sekula ez dira eten. Besteak beste, Messnerren izaerak berak ere asko lagundu zuelako espedizioko kideen bertsioari sinesgarritasuna emateko. Mesnerrek, adibidez, Salerri «jeloskortasun profesionala» izatea egotzi zion. Von Kienlinen kasuan, aldiz, afera askoz pertsonalagoa izan zen. Reinholdek zenbait behatz galdu zituen espedizio tragiko hartan, eta Von Kienlinek bere etxera gonbidatu zuen, eta hara zer eta Ursula Demeter, Von Kienlinen emaztea, Reinholden bikote bihurtu zen azkenean!

Messner anaien tragediari buruzko film bat ere kaleratu zen 2010ean. Joseph Vilsmaier alemaniarrak egin zuen, besteak beste, “Stalingrado” (1993) eta “Azken trena Auschwitzera” (2006) bezalako film ezagunen egilea. Bertan, nolabait Mesnerren bertsioa hobesten da, azken horren neurrigabeko handinahia azpimarratu arren. Azken aurkikuntzek, joan den astekoak batik bat, ostera ere berretsi egingo lukete Messner anaia biek zapaldu zutela Nanga Parbateko gailurra, eta, balentria horren ondoren, beste aldetik jaitsi zirela menditik.