Arraun Lagunaken denboraldi historikoa Gipuzkoako Txapelketa irabaziz hasi zen. Bihar lehiatuko da aurtengoa –baita Bizkaikoa ere– eta txapelketa bezperan, iazko arrakasta ospatu nahi izan du Lugañeneko klubak. «Ez zekigun Kontxako bandera bat Donostian ospatzea zer zen», adierazi du Itziar Eguren presidenteak. Iaz Arraun Lagunak Kontxan gailendu aurretik, 71 urte pasa baitziren traineru donostiar baten azken garaipenetik.
Pasa den urtean, Euskotren liga eta Kontxako bandera ere irabazi zituen traineru donostiarrak klubaren historian lehen aldiz eta hori ospatu beharra zegoela ikusi dute. «Emozioako gainezka» jarri dituzte Aquariumean eginiko ekitaldian eta aurretik, Donostiako kaleetan zehar, iaz irabazitako bandera guztiak plazaratzean.
«Honek energia ematen digu biharko –Gipuzkoako txapelketarako–, liga hasierarako eta kontent gaude, egia esan», adierazi dio NAIZi Xubane Uribarrena arraunlariak. «Bi aste falta dira liga hasteko eta honek azken bultzada ematen digu», erantzun du, era berean, Mar Larrea taldekideak.
«Lortutako guztia oroitaraztean», emozioa nabaria izan da Aquariumean eginiko ekitaldian. Klubaren historia oroitarazi dute, oraingo arrakastak aurreko sufrikarioetatik elikatu baitira. Esaterako, 100.000 euroko zorra edukitzetik, desagertzear egotetik, kaudimendun kluba izatera eta punta-puntan lehiatzen duen traineru bat edukitzera pasa da urte gutxian.
Iaz bukatu zuten aipatu zorra ordaintzea –hilabetero 800 euroko abonamendua eginda, askotan ur beroa ordaintzeko ere ez zeukatenean–, kluba desagertzera ez eramateko 10 bazkidek abala ematera ausartu ondotik. «Horiek bai txapela kentzeko moduko pertsonak», adierazi du Eguren presidenteak, eta esan ez ezik, keinua ere egin nahi izan du, bere aita zenaren txapel sinbolikoarekin.
Aquariumeko hitzaldi aretoan sartu aurretik, Donostiako kaleetan ibili dira arraunlariak iazko bandera guztiak lau haizeetara zabaltzen. Parrokiaz parrokia ere ibili dira, aurreko urteko arrakastak eskertu eta oraingorako babes bila.
«Helburua aurreko urtekoa errepikatzea da eta ahal dela, hobetzea. Badakigu zaila dagoela, traineru guztiak urrats bat aurrera eman dutelako. Guk ere uste dugu eman dugula», onartu du Uribarrenak.
Izan ere, iazko trainerua osatu zuten arraunlariei omenaldia egiteaz gain, aurtengo trainerua ere aurkeztu du Arraun Lagunakek. Ez dute jarraituko Alejandra Rios, Usue Molina, Eztizen Duque, Nagore Claramunt, Maider Zumeta eta Laura Martinezek. Hauen ordez, Arraun Lagunakera batu dira Yune Aguinaga, Lucia Canal, Udane Goenaga, Miren Idarreta, Ania Perez, Ane Pescador eta Beatriz Piñeiro.
«Sabaia altu» dagoela adierazi du Juan Mari Etxabe entrenatzaileak baina, era berean, azaldu du arraunlariak gogo berberekin daudela eta beraiek ezarriko dutela «non dagoen benetako sabaia». «Mirariak ez dira existitzen», erantzun zuen, Tito Irazusta kazetariak hitz hori erabili ostean. Etxaberentzat, iazko arrakasta «lana eta ilusioaren» emaitza izan zen.
Beldurrik gabe aurre egingo diote denboraldi berriari eta teknikariak nabarmendu du egunero gogorarazten diela «disfrutatu» egin behar dutela.
Modu horretan, Uribarrenak uste du «emakumeen arrauna askoz ere lehiakorragoa» dagoela urtetik urtera eta hori «onuragarria» dela denentzat. «Arraunlariontzako gogorra da estropada guztiak estu joatea baina ikusleentzat eta guretzako ere, beharrezkoa da», gehitu.
Pasa den astean, Lekeitioko uretan egin zuten denboraldi aurreko azken proba eta gauzak estu baino estuago egon ziren Orio eta Arraun Lagunaken artean: «Hor egoeran jarri ginen apur bat baina ligan ikusiko da nola dauden kontuak».
Mar Larreak, bestalde, azaldu dio NAIZi «bakoitzak bere buruari jartzen dion presioa» dagoela eta bihar, Gipuzkoako txapelketan, Hondarribian, «disfrutatzera» atera behar direla, «eta neguko lanari fruitua ateratzera». «Disfrutatzen badugu, lehian egongo gara», zehaztu du.
Arraun Lagunaken hazkuntza
Arraun Lagunaken hazkuntza, baina, ez da soilik neurtzen emakumezkoen traineruak iaz erdietsitako arrakastarekin. Lizentziek gora egiten dute –egun, 150 daude– eta Egurenek ohartarazi duen moduan, ez dago gehiagorentzako lekurik.
Honekin lotuta, aurreratu dute, Lugañene handitzeko proiektu bat aurkeztu dutela Donostiako Udalean eta hasiera batean, begi onez ikusi dutela. Egoitza handitzeko ideia hau ezustean iritsi zitzaien, Irene Perez-Mallaina arkitektura ikaslearen eskutik. Gradu Amaierarako Lan moduan Arraun Lagunaken entrenatzeko gunearen eraberritzea egitea otu zitzaion eta klubak begi onez ikusi zuen.
«Txomin Enea auzo guztia eraberritzen dago baina ez da kirol instalakuntzarik. Hori ikusita otu zitzaidan», onartu du Perez-Mallainak. Hala, klub pribatu batentzat instalazioak eraberritzea ez ezik, auzotarrentzat irekita egon daitekeen espazioa izan daitekeela adierazi zuen. Arlo horretan, Joserra Esnal klubeko kideak onartu zuen «klubean dagoen jarduera gehiena, %80a, arratsaldez izaten da eta beraz, goizetan erabilera irekia izan dezakeen gunea izan daiteke».
Honen inguruan, Donostiako Udalarekin bilerak izaten ari dira eta oraindik ezer ez dago zehaztuta, baina espero dute proiektu hau errealitate bihurtzea.