Alessandro Ruta

Hondartza eta baloia botoa ematea baino interesgarriagoak dira Italian

Italian ere azken asteburuan hauteskundeak egon dira: parte hartzeak beherakada nabarmena izan du, eta Palermoko herritarrek bertako taldearen partida ikustea nahiago izan dute. Veronan, berriz, futbolari ohi bat, Damiano Tommasi, alkatea izateko hautagai nagusia izango da.

Silvio Berlusconi, Justiziaren gaineko bost erreferendumetan parte hartu zuenetako bat.
Silvio Berlusconi, Justiziaren gaineko bost erreferendumetan parte hartu zuenetako bat. (LaPresse via ZUMA Press | Europa Press)

Italian ere, Estatu frantsesean bezala, botoa ematea gauza astuna dela irudikatu da igande honetan. Oso txarto saldu den produktua, itxuraz. Tenperatura altuek hondartzara edo oporretara joateko gonbita luzatzen zutela egia da. ‘Election day’ deitu zutena ‘Abstentzio day’ izan da azkenik. Erreferendumetarako edota 971 alkateak berritzeko (tartean 26 hiriburuetan, 10 milioi biztanle) botoak oporretara joan dira. Tartean, gainera, pasarte lotsagarri asko.   

Ordezkariek zer egin ez dakitenean, herritarrei eskatu ohi diete laguntza. Erreferenduma da hori, maiz Italiako bizitza aldatu duen tresna. Lehenik, monarkia ala errepublika erabakitzeko, 1946ko ekainaren 2an. Geroztik dibortzioa, abortua, Konstituzioaren aldaketaren bat, ur publikoa edota hauteskunde legea ezbaian izan dira erreferendum ezberdinetan.

Kanpainek hiru bide desberdin bultza ditzakete: ‘Bai’, ‘ez’ edota botorik ez ematearena, erreferendumak %51eko parte-hartzea behar duelako baliogarria izateko.

Aurtengo gaia Justizia izan da. Azken hiruzpalau hamarkadotan Italiako gizartean oso polemikoa izan den kontua, alegia. Gogoratu behar da Justiziarekin lotutako kasuengatik gainbehera hasi dutela zenbait gobernuk: esate baterako Silvio Berlusconiren lehen kabinetea, 1994an, edo Romano Prodirena, hamalau urte geroago.

Jakina da epaiketak askotan gehiegi luzatzen direla, eta hori bezain ezaguna da epaile askok politikaren bidea hartu dutela, adibidez Antonio di Pietrok, Tangentopoli eskandaluaren protagonistak.

Liga Nortek, batez ere, bultzatu ditu aurtengo erreferendumak, «Justizia erreformatzea» xede. Egia esan, Matteo Salvinik Silvio Berlusconiren babesa izan du, epaileekin hainbat arazo izan dituenarena, beraz.

Bost erreferendumak ez ziren batere argiak; datu adierazgarri gisa, horietako baten galderak 7.314 karakter zituen. %20ak baino ez du parte hartu
 

Bost ziren erreferendumak, eta ez ziren batere argiak. Horietako bat, adibidez, hirugarrena hain zuzen ere, erabat ulertezina zen: beti bezala, boto-paperean galdera bat zetorren, baina kasu honetan 7.314 karakterrekoa. Nork izango zuen irakurtzeko eta ulertzen saiatzeko gogoa? Ia inork ez, inertziaz erabakiko zen, bai ala ez.

Telebistan eta gainerako hedabideetan, bestalde, erreferendum hauei oso tarte gutxi eskaini zaie. Eguneroko batez bestekoa zenbatu dute: bi minutu baino ez. RAI telebista kate publikoko aurkezle batek bera hondartzara joango zela, ez hautetsontzietara, iragarri zuen.

Eguna iritsita, ‘lau katu’, literalki, hurbildu dira botoa ematera, %20. Erreferenduma ez da baliogarria izan, jakina, eta inoizko parte-hartze txikiena bildu du.

Bitartean Matteo Salvinik beste arazo bat zuen, Errusiara baimenik gabe joan ondoren; Liga Norteren barruan denak ez daude alderdiaren liderrarekin pozik.

Justiziari dagokionez, antzararen jokoan bezala, partida abiapuntura itzuli da: Legebiltzarrera, alegia.

Forza Palermo

Momentu historiko bat gertatu da Palermon: eta ez, ez da alkate berriaren izendapenarena. Igande gauean Palermo futbol taldeak bigarren mailara igotzeko partida zuen, Padovaren aurka, eta hiri osoa prest zegoen Renzo Barbera estadiora joateko. Harmailetan 35.000 pertsona zeuden, ‘rosanero’a animatzeko.

Txantxa dirudi baina gertatu da: Palermon Gobernuari boto eguna aldatzeko eskatu zioten, futbol partida askoz garrantzitsuagotzat jotzen zutelako

Txantxa dirudien arren, arduradunek Gobernuari boto eguna aldatzeko eskatu zioten, neurketa askoz garrantzitsuagoa zelako. Erromatik erantzuna, jakina, ezezkoa izan zen, baina halakoxea zen egoera Siziliako hiriburuan.

Boto aztertzaileak falta ziren, batzuk hondartzara joan zirelako eta beste batzuk estadiora; ondorioz, hiriko leku askotan ezinezkoa zen botoa ematea arratsaldera arte.

Azkenik Palermok bere neurketa 1-0 irabazi zuen eta bigarren mailara igo zen. Tifosiek eta tifosi ez ziren beste hiritar askok gau osoa igaro zuten hiriko kaleetan, baina oso boto gutxi eman zuten: bakarrik %41,89ak parte hartu zuen.

Gauzak honela, Roberto Lagalla mediku eskuindarra izango da Palermoko alkate berria. Hauteskundeen aurretik albiste bat argitaratu zen, bere emaztea mafiako kide garrantzitsu baten alaba zela jakinaraziz. «Nik ez dakit ezer», aipatu zuen Lagallak, Marcello Dell'Utri Forza Italia alderdiaren sortzailearen laguna denak.

Futbolari ezkertiarra

Palermorekin batera, Genovan edota L'Aquilan ere eskuinak irabazi du. Aldiz, Padovan eta batez ere Veronan oso emaitza harrigarria egon da: Julieta eta Romeoren herrian normalean Liga Norte edo ultraeskuindarrak gailentzen dira, baina kasu honetan Alderdi Demokratikoak ustekabean izen berezi bat atera zuen plazara, Damiano Tommasi futbolari ohiarena.

Veronakoa da Tommasi, eta Hellas Verona taldean aritu zen Erromara joan aurretik. Bizarduna, ile kizkurduna, ultrakatolikoa eta sei seme-alaba dauzkana. Damianok Espainiako Ligan ere jokatu zuen, Levante taldean, 2006tik 2008ra. Oso erdilari borrokalaria zen, eta berdeguneak utzi ondoren futbolarien ordezkari bilakatu da.

Tommasik alkate izateko bigarren txandan lehiatu beharko du, bi aste barru: momentuz alde eskuindarraren zatiketa baliatzen jakin izan du, baina Liga Norte+Forza Italia+Fratelli d'Italia koalizioa askoz indartsuagoa da ezkerreko alternatiba baino.

Berriro ere, barneko borroka lidergoaren inguruan libratzen da: Silvio Berlusconi, Matteo Salvini eta Giorgia Meloniren artean hain zuzen ere. Azken hau, bide batez, astelehenean Andaluzian egon zen, Voxeko Macarena Olona hautagaiaren alde egiten.

Hauteskunde orokorrak bihar izango balira, eta ez datorren neguan, Legebiltzar berrian koalizio eskuindarrak erraz irabaziko luke

Gauzak honela, hauteskunde orokorrak bihar izango balira, eta ez datorren neguan, Legebiltzar berrian koalizio eskuindarrak erraz irabaziko luke. Alderdi Demokratikoa ez dabil batere eroso: Bost Izar Mugimenduarekiko «ezkontzak» etekin gutxi ekarri du, batez ere Beppe Grilloren alderdiarentzat. Orain dela 10 urte, esate baterako, Parman Bost Izarrak alkatetzarako hauteskundeak irabazi zituen, Federico Pizzarottirekin, ustelkeriaren aurkako ikur bihurtu zen tekniko informatikoa. Gaur egun poliki-poliki desagertzen ari da, bai Emiliako hirian bai eta beste hainbat lekutan ere.

Agian hemendik dator parte-hartzearen beherakada nabarmenaren gako nagusia.