NAIZ

Foro Sozialak Hipercorreko atentatuaren 35. urteurreneko ekitaldian parte hartu du

Foro Sozial Iraunkorrak Hipercorreko biktimak omentzeko Bartzelonan egin den ekitaldian parte hartu du, atentatu haren 35. urteurrenean, antolatzaileek gonbidatuta.

Agus Hernanek, Foro Sozialaren koordinatzaileak, eta atentatu horren biktima izan zen Robert Manriquek lore eskaintza egin dute biktimen monumentuan.
Agus Hernanek, Foro Sozialaren koordinatzaileak, eta atentatu horren biktima izan zen Robert Manriquek lore eskaintza egin dute biktimen monumentuan. (FORO SOZIALA)

Bartzelonako Udalak eta UAVATek (Terrorismoak Kaltetutakoentzako Arreta eta Balorazio Unitatea) Kataluniako hiriburuan antolatu duten Hipercorreko atentatuaren 35. urteurreneko ekitaldian parte hartu du Foro Sozialak igande honetan, antolatzaileek gonbidatuta. 

Agus Hernan Foro Sozialaren koordinatzaileak eta atentatu horren biktima izan zen Robert Manriquek lore eskaintza egin dute biktimen monumentuan.

Foro Sozialak ohar baten bidez azaldu duenez, «ekimen honen bidez, Euskal Herrian bizi izan dugun indarkeria zikloaren ondorioz Katalunian izandako biktima guztiak aitortu nahi izan ditu Foro Sozialak, eta egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea defendatu nahi izan du».

Testuinguru honetan, Foro Sozialak azken urteetan Katalunian egindako lana gogorarazi du: «Urte hauetan, dozenaka bilera egin ditugu Bartzelonan, biktimekin, erakundeekin, alderdi politikoekin, sindikatuekin, abokatuen eta kazetarien elkargoekin, bakearen eta giza eskubideen alde lan egiten duten eragile sozialekin; agerraldi publikoak eta komunikabideei egindako elkarrizketak ahaztu gabe».

Adibide gisa, 2018 eta 2019an antolatu zituen ETAren eta Estatuaren biktimen arteko topaketak nabarmendu ditu eta urte hauetan Bartzelonan «dozenaka bilera» egin dituztela oroitu du, «biktimekin, erakundeekin, alderdi politikoekin, sindikatuekin, abokatuen eta kazetarien elkargoekin, bakearen eta giza eskubideen alde lan egiten duten eragile sozialekin; agerraldi publikoak eta komunikabideei egindako elkarrizketak ahaztu gabe».

Izan ere, Foro Sozialaren aburuz, kutsu honetako ekimenei esker «Euskal Herrian bizikidetza demokratikoa sustatzearen alde Katalunian dauden adostasun politiko, instituzional eta sozialak finkatu dira». Era berean, lan horiek espainiar Estatuko Diputatuen Kongresuan «zuzeneko ondorioak» izan dituela adierazi du Foro Sozialak, «bizikidetza demokratiko horren alde sortutako gehiengo parlamentarioetan».

Foro Sozialaren aburuz, bakea eta adiskidetzea eraikitzeko bidean, «guztiz beharrezkoak» dira memoria eta aitortza ekitaldiak. «Indarkeria adierazpen guztien biktima guztiak gizarte osoarenak dira, eta guztiek dute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea», nabarmendu du.