NAIZ

LABek salaketa bat aurkeztu du Confebasken aurka etxeko langileen eskubideak urratzeagatik

LABek salaketa bat aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian Confebasken aurka etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik. «Negoziazio kolektiboa langileen eskubidea da, eta patronalak ezarritako mugei aurre egingo diegu», adierazi du.

Etxeko langileek eta sindikatu ordezkariek aurkeztu dute salaketa.
Etxeko langileek eta sindikatu ordezkariek aurkeztu dute salaketa. (LAB)

LABek salaketa bat aurkeztu du astearte honetan Confebasken aurka EAEko Auzitegi Nagusian etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik. Izan ere, sindikatuak azaldu duenez, «ekainaren 9an, Confebaskek ukatu egin zuen EAEko etxeko langileentzako lehen hitzarmen kolektiboa sortzeko lehen negoziazio mahaia eratzea».

«Honen aurrean, ekainaren 11n, LABen etxeko langileen atal sindikalaren asanbladan, borroka hori ikusarazteko eta negoziazioaren hurrengo urratsetan politikoki eta sozialki eragiteko konfrontazio-agenda bat adostu zen», adierazi du ohar batean, eta hurrengo ekintzak uztailaren 9an eta 13an izango direla ohartarazi du.

Sindikatuen bilera deitu du LABek, prozesu judizialean eta ekintza sindikaletan hurrengo urratsak elkarrekin lantzeko. «Negoziazio kolektiboa langileen eskubidea da, eta patronalak ezarritako mugei aurre egingo diegu. Bide honetan aliantzak ezinbestekoak dira eta horregatik batasun sindikalerako deia egiten dugu», azpimarratu du.

Ekainaren 13an egindako batzarra

Ekainaren 13an iragarri zuen salaketa jarriko zuela, langileek egindako batzarraren amaieran. Nabarmendu zuenez, «negoziazio kolektiboa langileen eskubidea da, eta patronalak ezarritako mugei aurre egingo diegu».

«Etxeko eta zaintzako langileok hitzarmen kolektibo bat exijitzen dugu eta Confebaskek ukatu egiten digu», gaineratu zuen, milaka langile «ezkutuko ekonomian» daudela gogoratuz eta «enplegatzaileen kopuru berdina» dagoela nabarmenduz.