Azken asteetan izandako negoziaketak itxi eta Cristian Portugues, Portu, aurrelari murtziarrak Getafen jokatuko du hurrengo denboraldian Realak eta talde madrildarrak jakitera eman dutenez.
Atentzioa ematen du bere garaian 10 milioi euro ordaindutako jokalari bati kutxan ezer utzi gabe ihes egiten uzteak, baina kontua da, sinatutako kontratuan jasoa geratzen dela datorren urtean Getafek 3,5 milioi euro inguru ordaindu beharko dizkiela donostiarrei, baldintza batzuen arabera 5 milioitara ere heldu daitekeen kopurua.
Modan jarri dira, taldeek euren aurrekontuak itxi ahal izateko eta fair-play ekonomikoa delakoa errespetatzeko halako finantza arkitektura ariketak egitea. Urrutira joan gabe, antzerako formula bat erabili zuen Realak berak duela gutxi William Josek Betisen joka dezan.
Brasildarrarekin gertatu bezala, Portu bera izan da, Imanolekin zelaian gero eta protagonismo gutxiago izango zuela ikusita, Realetik irtetea eskatu zuena eta azkenerako alde guztiak pozik utzi dituen akordio batera heldu dira.
Hiru urte Donostian
Duela hiru urte heldu zen Portu Realera Gironatik eta, nahiz eta bost urterako sinatu, hiru denboraldi jokatuta utziko du Donostia. Lehen bi urte onak egin zituen hegaleko espainiarrak, denera 137 partida jokatu eta 18 gol sartuta. Gainera, Realaren historian lekutxo bat ere irabazia du, berari egin baitzion Iñigo Martinezek Kopako finala irabazteko balio izan zuen penaltia.
Azken denboraldian, dena dela, bizkortasuna eta txispa apur bat galduta, askoz minutu gutxiago jokatu ditu eta Quique Sanchez Floresek Getafen Anoetan ziurtatuta izango ez dituen minutuak bermatzen omen dizkio nonbait.
Agur hunkitua
Albistea jakin eta gutxira, jokalariak bere sare sozialak erabili ditu Realeko zaleei agur esan eta eskerrak emateko. «Agurrak ez dira errazak izaten eta hau are eta gutxiago, Donostia niretzat eta nire familiarentzat leku berezi bat izan eta izango delako. Oso zoriontsu izan naizen talde eta hiri bat dira eta hura defendatzeko arima zelaian utzi dut».
Bere agurrean, Portuk ez du ahaztu Donostian «Kopa oso berezi bat lortzeko pribilegioa izan dut, Europara hiru aldiz sailkatzeko aukera, baina batez ere zaleekin oso harreman estua lortzekoa».
Bere iritziz «giroa, Aitor Zabaleta harmaila buru zela, esplika ezina izan da, baloi bakoitzaren atzean sentitu zaituztet, lasterraldi bakoitzean, beti bultzaka...sekulakoa izan da».
Agurrean esker onak baino izan ez zitzakeela esanez amaitu du. «Zuen babesarengatik, baina batez ere sentitu arazi didazuenagatik. Hori ez dut sekula ahaztuko, nire bihotzaren zati bat txuri-urdina izango da beti. Bihotzak sekula ez ditu une handiak ahazten. Eskerrik asko. Aurrera Reala».