Naiz

Inoizko uztarik emankorrena utzi du udaberriko Errigoraren kanpainak

Errigoraren udaberriko kanpainak inoizko uztarik emankorrena utzi du aurten. %20 hazi da eskatzaile kopurua eta Euskal Herriko 10.000 etxetara iritsi dira Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuak: 143.000 litro olio, 271.000 ontzi kontserba eta 41.000 pakete arroz, pasta eta lekale.

Errigoraren kanpainaren aurkezpeneko irudia.
Errigoraren kanpainaren aurkezpeneko irudia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Errigorak, Nafarroa hegoaldean nekazaritza ekoizpena eta euskara bultzatu asmo dituen herri ekimenak, aurtengo udaberriko ‘Oinak lurrean’ kanpainaren balantzea egin du. Izan ere, inoizko uztarik emankorrena izan da, eskatzaile kopurua %20 hazi baita.

«Iaz genioen elikagaiak ekoizteko erak aldatzeko kontsumitzeko erak aldatzea izan daitekeela bide eraginkorrena. Bestela esanda; gaurko kontsumoaren araberakoa izango dela biharko ekoizpena. Eta aurten bildu dugun eskaera oldeak hitzok lurreratzeko modua eman digu», adierazi du Errigorak.

Aurten 143.000 litro olio banatu dira, iaz baino %35 gehiago. %20 hazi da kontserba, arroz, pasta eta lekale kontserba paketeen eskaera (41.000 pakete banatu dira) eta datorren urtean potxa ekologikoa ekarri ahalko dute esakaintzara eta produktu ekologiko kopurua orokorrean handiagoa izango da, agortzera iristea ekiditeko. Gainera, 271.000 kontserba ontzi banatu dira.

Aurreratu dutenez, irailerako prest izango dira 40 robada (36.000 metro karratu) lur sail berri piper ekologiko gehiago jasotzeko.

Honezkero 12 ekoizleren lantokitan euskara planak ari dira gauzatzen. 2023rako Errigoraren baitan ari diren guztiak izango dira «euskararen planetan murgilduta».

«Mundu globalizatuak eutsi ezinezko erauntsiak eragiten dizkigun garaiotan, udaberria ekarri badu Korrikak, bere apaltsunean, antzerako sormena plazaratu dugu Eskutik Eskura. Pandemia, gerra hotsak edo erregai krisia bezalako astinaldien aurrean babeslekuak behar ditugu, eta berriro ere, komunitate honetan babesa aurkitu dugula dirudi. Segi dezagun ibilian, oinak lurrean», nabarmendu du.