NAIZ

Iaz 703 emakume artatu zituen Gasteizko Udalak indarkeria matxistagatik, %4,6 gehiago

Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren biktima izandako 703 emakume artatu zituen iaz, 2020an baino %4,6 gehiago. Arabar hiriburuan, gutxienez, 144 erasotzaile erregistratuta dauzkatela baieztatu du Udalak.

Indarkeria matxista eta LGTBfobikoaren aurkako agerraldia.
Indarkeria matxista eta LGTBfobikoaren aurkako agerraldia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gasteizko Udalak ostiral honetan argitaratu duen ‘Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistaren arloan Kontuak Emateko Kopuruen eta Datuen Txostena. 2021eko urtarriletik abendura’ txostenak jakinarazi duenez, iaz indarkeria matxistaren biktima diren 703 emakume artatu zituen, 2020an baino %4,6 gehiago. Era berean, hiriburu arabarrean 144 erasotzaile erregistratuta daudela ziurtatu du Udalak, horietako bi adingabeak. 

Bestalde, Udaltzaingoak askatasun sexualaren aurkako delituetan %66,67ko hazkundea erregistratu du. Hori horrela, agresio sexualak 1etik 5era igo dira eta abusuak, aldiz, 8tik 28ra.

Era berean, iaz erregistratutako tratu txarren %62,9 emozionalak edo sikologikoak izan ziren eta gainerako %37,3 tratu txar fisikoak. Gainera, Gasteizko Udalak nabarmendu du, indarkeria fisikoa baliatuz, hiru emakume hil zituztela iaz hiriburuan. Ostiral honetan bertan, esaterako, bi gizon atxilotu dituzte Barakaldon eta Gasteizen ustez beraien bikote ohi eta bikotekidea erasotzearren hurrenez hurren.

Adin txikikoei dagokienez, txostenak azaldu du Gizarte Zerbitzuek artatutako 655 emakume biktimen %69,2k adin txikiko haurrak dituztela beraien kargu. Datua %76,2raino igoko litzateke biktima migratzaileen artean. Hori horrela, txostenak jakinarazi du indarkeria matxista presente dagoen etxeetan 772 ume bizi direla. Ondorioz, Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Udaltzaingoak indarkeria matxista pairatutako bederatzi adingabe artatu zituzten iaz.

Gasteizko Udalak azaldu duenez, txostenean datuak biltzeaz gain, protokoloak eguneratu dituzte. Hau da, barne-protokoloa eta Indarkeria Matxistari Erantzun Publikoa Emateko Udalaren Protokoloa eguneratu dituzte eta, gainera, Indarkeria Matxistaren Biktimen Arreta, Esku Hartze eta Laguntzarako III. Protokoloa adostu dute, 2022an zehar argitaratuko dena. Etorkizunari begira, Udaletik ohartarazi dute Erakundeen Arteko Protokolo bateratu bat sortu beharra dagoela. 

Indarkeria LGTBfobikoa

LGTBfobiaren kasuan, Gizarte Zerbitzuek zazpi biktima artatu zituzten, 2020an baino bi gehiagori. Gasteizko LGTBfobiaren behatokiak, Ikusgunek, 28 intzidentzia zenbatu zituen, 2020an baino %64 gehiago.

Intzidentzia hauek gorroto diskurtso eta indarkeria izaera izan zuten eta gehienak esparru publikoan izan ziren. LGTB komunitatearen aurkako indarkeria ohikoena transfobia da eta jarraian homofobia eta LGTBfobia orokorra.