Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

«Duintasuna» du dohain pentsio duinak lortzeko borrokak

Hamairu etapa eta 700 kilometroren ostean, Donostian amaitu dute pentsiodunek bizikleta martxa. Bidean erakutsi duten «duintasunari» egin diote gorazarre eta baita azken lau urteetako borroka nekaezinari: «Ospatu nahi dugu ezer ez litzatekeela berdina izango gu gabe».

Blai iritsi dira bizikleta martxaren azken etapan parte hartu dutenak Donostiara.
Blai iritsi dira bizikleta martxaren azken etapan parte hartu dutenak Donostiara. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroan suteak piztu zituen egun beroetan bizikleta gainean ziren eta xirak jantzita erdu dira gaur, larunbatarekin, Donostiara. Alderdi Ederren hasi zuen hilaren 13an Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bizikleta martxa eta toki berean amaitu dute, blai, Euskal Herriari hamahiru etapatan eta 700 kilometrotan itzulia eman ostean.

Irunetik abiatu dute bizikleta martxaren azkenengo etapa 08.30ean, eta 11.30ak aldera iritsi da tropela helmugara. Han, txaloz eta oihuz hartu dituzte toki ezberdinetatik etorritako kide pentsiodunek eta manifestazio jendetsu batekin oroitarazi dituzte Gipuzkoako hiriburuan haien hiru eskakizun nagusiak: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzea, zerbitzu publikoak indartzea eta babestea eta zaintza lanak partekatzea, ez daitezen soilik andreen erantzukizuna izan.

Aterkien azpian –babesgabe, euriak alboz ere bustitzen baitzuen– eta dozena bat pankartaren artean egin dute manifestazioa, batukadako taldearen doinuak lagun eta ‘pentsionistak aurrera!’ oihu indartzailearekin.

«Merezi du»

Eskerrak banatu dituzte, sindikatuei, mobilizazioetan parte hartu duten pertsona guztiei, haien aldarripanekin bat egiten duten eragileei. Bizikleta martxaren bidez, frogatu dute, haien ustez, «gizarte-mugimendu zabal, plural eta bateratua» dela.

Badira lortzeke dauden ituak –aipatutako hiru nagusiak, kasu–, baina mobilizazio hau bazen, baita ere, orain lau urte borroka hasi zutenetik pentsiodunek egindako lana ospatzeko. «Gure borrokak merezi du», baietsi dute Alderdi Ederren manifestazioa bukatu denean. «Ospatu nahi dugu ezer ez litzatekeela berdina izango gu gabe. Lau urte baino gehiago kalean eman ondoren, aitortu behar dugu gure borrokak merezi duela eta Pentsioen Sistema Publikoaren aurkako eraskoen kontrako horma bat garela», esan dute, euria zakarren ari zuenean.

Horrela, duela lau urtetik hona egindako borroka eskergarekin nahiz bizikleta martxarekin erakutsi duten «duintasuna» nabarmendu dute pentsiodunek. «Gaur, pentsiodunen duintasuna maillot horiz jantzita etorri da. Pentsiodunen eskutik, duintasun hau hamairu egunetan eta 100 herrietatik pasatu da», ospatu dute.

Egiten duten borrokaren bitartez espero dute haien belaunaldiak eta datozenek «pentsio duinak jasoko dituztela» eta, hala, datozenei, «gizarte bidezkoago, solidarioago eta askeago bat» utzi nahi diote.

Lau urte eta erdiren ostean, halaber, lanean segitzeko asmoa berretsi dute Donostian eta «arrakasta» izan duen bizikleta martxak horretarako indarra emango diela ohartarazi dute. «Mobilizazioa da gure bermea», agertu dute bozeramaileek.

Ez dira ahaztu, hala ere, auzi honetan ardura duten horietaz eta zuzen mintzatu zatzaie Lakuako zein Nafarroako gobernuei: «Gaur eta hemen Euskal Herriko pentsiodunen lehenengo martxaren helburuak berresten ditugu. EAEko eta Nafarroako erakundeei exijitzen diegu behar dutena egin dezatela pentsio publikoak, duinak eta nahikoak emateko; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zerbitzu publiko eta unibertsalak bermatzeko eta arreta nahiz zaintza lanak partekatzeko».

Hitzartzea amaitzean, Alderdi Ederren elkartu den jende andanak aise egin du ihes euripetik, berriz ere, datorren astelehenean, herriz herri egingo dituzten mobilizazioetan elkar ikusteko.