NAIZ

Magnak meatzea egiteko plana udan erregistratu nahi duela salatu du Erdiz Bizirik taldeak

Magna enpresak meatzea egiteko prozedura Nafarroako Gobernuan laister erregistratuko duelaren abisua zabaldu du Erdiz Bizirik taldeak. Ahalik eta alegazio gutxien izateko udako tenorea aprobetxatu nahi duela salatu du talde honek eta egitasmoa legez kanpokoa dela berretsi du.

Erdiz Bizirik plataformak 2019an Elizondon egindako elkarretaratzea. (Iñigo URIZ/FOKU)
Erdiz Bizirik plataformak 2019an Elizondon egindako elkarretaratzea. (Iñigo URIZ/FOKU)

Magnesitas de Navarra (Magna) enpresak Erdizen meatzea egiteko udalez gaindiko eragin sektorialaren proiektua (gazteleraz PSIS deitzen dena) laister Nafarroako Gobernuan erregistratuko duela adierazi du Erdiz Bizirik taldeak.

«Bertze behin ere udako oporren tenorea baliatu nahi dute beraien proiektua erregistratu eta alegazio epea oharkabean pasatu dadin. Modu honetan, herritarren erantzun ahalmena isilarazi nahi dute eta ahalik eta alegazio gutxien izanen direla bermatu», azaldu du Erdiz Bizirik taldeak.

«Ez gaitu inondik ere harritzen Magnak halako trikimailuak erabiltzea, azken finean, proiektu hau hasieratik gezurraren eta manipulazioaren bidez inposatu nahi baitigute baztandar guztioi», gaineratu du.

Egoera honetan proiektu hau legez kanpokoa dela eta ezin dela onartu gogoratu dio Nafarroako Gobernuari. Natura 2000 sarean dago eremua eta Zilbetiko epaiak zati bat hondatu ezkero eremu babestu gutzia kaltetzen dela esan zuela gogoratu dute.

Honekin batera, proiektuak Baztango lurrei eragiten diela nabarmentzen dute. Ondorioz, baztandarren ekimenaren inguruan aldekotasuna edo kontrakotasuna adieraztea dagokiela nabarmendu dute.

«Nafarroako Gobernuak ezin du proiektu hau UGEPS [gazteleraz PSIS esaten zaiona] moduan tramitatu dadin onartu, gainerakoan inposaketa hutsa eta gure komunalen ebasgoa izanen baita», gaineratu dute.

Magnak egitasmoarekin jarraitzen badu, alegazio epea luzatzea eskatu dio Erdiz Bizirik taldeak Nafarroako Gobernuari. «Gainerakoan, beti bezala, eguneroko lanetan eta baliabide eskasekin lan egiten dugun herritarrak izanen baikara kaltetuak», salatu dute.