NAIZ

Parisen «jarrera ankerra» eta Madrilen «moteltzea» salatu dute azken ostiraleko protestetan

Ion Paroten baldintzapeko askatasunaren azken eskaeraren aurrean Parisek erakutsi duen «jarrera ankerra» gaitzetsi dute Etxeratek eta Sarek. Iruñeko espetxe zuzendaritzari «oztopo» izateari utzi diezaiola eskatu diote eta, Madrilen lekualdatzeei dagokienean antzematen den «moteltzea» salatu dute.

Ekaineko azken ostiraleko mobilizazioa Iruñean.
Ekaineko azken ostiraleko mobilizazioa Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Parisko Gobernu eta Fiskaltzari begira jarri ziren euskal preso eta iheslarien eskubideen alde hilabeteko azken ostiraleko protestetara batu ziren herritarrak. Etxeraten arabera, 4.500 lagun mobilizatu ziren Euskal Herrian zehar egin ziren 70 elkarretaratzetan. «Gogor salatu nahi dugu Ion Kepa Paroten baldintzapeko askatasunaren seigarren eskaeraren aurrean frantziar Estatuaren aldetik agertutako jarrera ankerra, eta Fiskaltza antiterroristak mantentzen duen mendekuan oinarritutako jokamoldea», gaitzetsi zuen Etxeratek ohart baten bitartez.

Zentzu horretan, Ipar Euskal Herrian Bakearen Artisauek eta Bake Bidean plataformak presoen eskubideen alde egiten duten lan eskerga txalotu zuen.

Hala ere, gogora ekarri zuen presoen auziaren konponbidea ez dela, berez, nekeza: «Bizi osorako zigorraren aurkako dinamikaz ari gara eta baita gainontzeko euskal presoen etxeratze prozesuaz ere. Lege arrunta aplikatzeak berehalakoa izan beharko luke, ez dago ez argudio ez aitzakiarik salbuespeneko espetxe politika iraunarazteko».

Motel da Hegoaldea

Hego Euskal Herrira begira, Sare eta Etxerat Iruñeko espetxeko zuzendaritzari zuzendu zatzaien, eskatuaz «oztopo izateari uzteko, euskal presoen eskubideak errespetatzeko eta jarrera proaktiboak izateko».

Ohartarazi zuten, halaber, presoen lekualdatzeetan eta hurbilketetan atzematen den «moteltzea» ez datorrela bat «euskal gizartearen borondatearekin».

Bi hilabete igaro dira azken gerturatzea eman zenetik eta, «bitartean, euskal preso horien senideek ehunka kilometro egiten jarraitu behar dute 40 minutuko bisitak izateko», gaitzetsi zuten presoen aldeko plataformek: «Topas, Mansilla, Dueñas, Estremera, Alcala, Asturias, Daroca, Zuera, Soria, Burgos, Logroño eta El Duesoko urrutiko espetxeetan dira oraindik 65 euskal preso, beste 17 Frantzian, eta premiazkoa da urrunketari behin betiko amaiera ematea».

Aurrerapenak, baina...

Hala eta guztiz ere, egoerak hobera egin duela eta «aurrerapauso garrantzitsuak» eman direla gaineratu zuten Etxeratek eta Sarek. «EPPK-ko 183 presoetatik, 101 daude gaur egun Euskal Herriko espetxeetan. Ez dago jada euskal presorik lehenengo graduan, 21 preso hirugarren graduan daude, eta dozena erdi baino gehiago baimenekin ateratzen ari dira espetxetik», zehaztu zuten.

Honek guztiak ez du esan nahi, presoen aldeko elkarteen iritziz, gatibu direnek «onurak» dituztenik, «lege arrunta aplikatuz gero», gehienak atera beharko bailitzateke «modu batera edo bestera». «Eskubideez ari gara, legean jasota dauden eskubideez», azpimarratu zuten.

Helburua, hortaz, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea da. «Eta lortu artean ez gara pausatuko», segurtatu zuten.

Hirugarren graduen kontrako bost helegite

Honekin batera, Etxeratek jakitera eman duenez, bost euskal presoen hirugarren gradurak errekurritu ditu Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak.

Joan den astean Maria Lizarraga, Mikel San Argimiro eta Gorka Vidal presoei eman zizkieten hirugarren graduak errekurritu ditu Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Hiru kasuetan, hirugarren graduko proposamenak Zaballako eta Martuteneko tratamendu-batzordeek egin zituzten, aho batez.

Halaber, Gorka Martinez Ahedo eta Iñaki Bilbao Gauekaren kasuan joan den ostegunean Basauriko espetxera bueltatu behar izan zuten bi presoek. Izan ere, haien hirugarren graduaren kontra Fiskaltzak errekurtsoa aurkeztu ondoren, epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen.