Daniel Gonzalez zestagile kubatarrak ordezkatu du Juanpe Ugarte Galarretan

Ez dira telebistan agertzen, jende gutxik daki haien izena, baina zestagileak ezinbestekoak dira xistera erabiltzen duten pilota jokamoldeetarako. Kirolariek erabiltzen dituzten herramintak egin eta konpontzeaz aparte, haien sikologo lana egitea ere tokatzen zaie sarri askotan.

Juanpe Ugarte, Daniel Gonzalezi begira Galarretako taillerrean
Juanpe Ugarte, Daniel Gonzalezi begira Galarretako taillerrean (Gorka RUBIO | FOKU)

Erremontea garai berrietara moldatu nahian dabilen pilota jokamoldea da. Hainbat urtean nabaritzen zen beherakada milurteko berrian sartzearekin batera lehertu zen, eta hiru hilabetez erremontearen tenplua den Galarreta pilotalekua itxita egon ostean, Oriamendi2010 enpresak hartu zuen kirol honen lema, nahiz eta gerora Nafarroan e-Remonte enpresa ere sortu zen.

Frontoia eraberritu, telebistarako irudia landu, jokamoldea ezagutzeko bisitak antolatu… Hainbat izan dira egin diren berrikuntzak, baina bada beste bat ezagutzen ez dena eta istorio benetan polita gordetzen duena. Iaz, bertan lanean 43 urte igaro ondoren, Juanpe Ugarte Galarretako zestagilea jubilatu egin zen, eta bere lekua Daniel Gonzalez 33 urteko kubatarrak hartu du.

Aipatu behar da ofizio garrantzitsu bezain ezezaguna dela zestagilearena. Lehen Juanpek eta orain Danielek, Galarretan jokatzen duten erremontari guztien zestak egiten dituzte, esaterako, eta apurtutakoan konponketa lanak ere beraien esku geratzen dira. Kirolarien konfiantzako pertsonak direla esan liteke, honenbestez.

Bonsai tailer bat

Baina, orduan, nolatan amaitu du erremontea ia ezagutu ere egiten ez zuen kubatar batek –berak zintzo onartzen duenez– Galarretako zestagilea izaten? Hernaniko pilotalekuaren goi-goiko pisuan dagoen taillerrean izandako solasaldi goxoan azaldu digute gusto handiz.

«Nik Daniel Lizarralde ezagutu nuen lehenik –hasi da kontatzen Juanpe Ugarte–. Eskulanak egiten ditu eta Donostian akademia bat dauka: Zurjole. Bera irakaslea da, baina egun batean hemen azaldu zen esanez ikasi nahi zuela apur bat nola egiten genituen zestak, gero bere ikasleei erakusteko. Ni orduan artisau azoketara joaten nintzen gure lana apur bat erakustera eta hortik ezagutzen ninduen. Etorri zen egun batzuetan ikastera, bazekien jubilatzear nengoela, eta egun batean hizketan ari ginela esan zidan: ‘ezagutzen dut pertsona bat perfektua lan honetarako’. Eta Daniel agertu zen hemen», jarri dio puntua zestagile beteranoak gazte hasi berriari hark jarraitzeko.

«Ni 1999ko azaroan etorri nintzen Kubatik Euskal Herrira, Donostiara, 10 bat urterekin. Administrazioa eta Finantzak ikasi nuen hemen, baina betidanik gustatu izan zait eskulanetan aritzea. Eta juxtu pandemia hasi aurretik bonsai tailer bat montatu nuen. Beti gustatu izan zaizkit bonsaiak, eskatzen duen eskulan hori, eta aldaketa bat nahi nuen ikasketak apur bat ahaztu, ostalaritzan ere jarduten nintzen diru apur bat ateratzeko… eta tailer hori irekitzea otu zitzaidan. Tailerraren alboan artisautza eskola bat zegoen, aipatu dugun Zurjole, eta Daniel Lizarralderen lagun handia egin nintzen», hasi du bere azalpena Daniel Gonzalezek erdaraz, nahiz eta euskaraz ere hainbestean moldatzen den.

«Askotan aipatzen nion Danieli ikasiko nukeela gustora zerbait berekin, baina ez genuen inoiz ezer zehaztu, eta egun batean palet batzuekin egin zuen sofa bat eskaintzera etorri zitzaidan. Joan ginen ikustera bere eskolara eta han zesta bat ikusi nuen. Galdetu nion ea zertan zebilen zesta horrekin eta berak kontatu zidan Juanperen istorioa, jubilatzeko gutxi falta zitzaiola eta norbaiten bila zebiltzala ofizioa ikasteko. Eta nik zesta ikusi hutsarekin galdetu nion: ‘noiz hasi behar dut?’ Hurrengo egunean 10.00etarako hantxe nengoen, artisau eskolan, ikasteko prest».

Ikasketa prozesu luze bat ipini zen martxan orduan, bistan denez fruituak eman dituena. «Egunero joaten nintzen akademiara 10.00etatik 14.00ak aldera arte. Juanpe noizean behin joaten zen zer moduz moldatzen nintzen ikustera. Eta elkar ezagutzen joan ginen, eta nolabait bere oniritzia jaso nuen. Noski, hasieran josten bakarrik ikasi nuen. Zestaren hezurdura zehazki nola egiten zen oraindik Juanpek bakarrik zekien», gogoratu du Danielek irribarrez.

Izan ere, kubatarrak mundu berri bat deskubritu zuela esan liteke. «Niri beti gustatu izan zait euskal kultura, euskara, euskal kirolak… baina erremontea ez nuen ezagutzen. Nik xistera ikusi nuenean halaxe galdetu nion Daniel Lizarralderi: ‘zer hasi zara zesta-puntan?’ ‘Ez, ez, erremontekoa da’, erantzun zidan, eta berak azaldu zidan apur bat erremontearen berri. Eta handik denbora batera Juanpek deitu zidan Galarretara etortzeko eskatuz eta jada zestaren egiturak egiten ikasiko genuela esanez. Hor ere hilabete batzuk pasa nituen ikasten. Egunero etortzen nintzen, bost bat ordu, nire orduko lanean ere jardunaldia murriztu nuen hona etorri ahal izateko. Eta “maisua” jubilatu zenean ba bere lekua hartu nuen», laburbildu du Gonzalezek.

Eta behin martxa hartuta, apurka-apurka xehetasun txikiak hobetzen dihardu: «Jada bi urte eta erdi, ia hiru urte daramatzat zestak egiten. Garrantzitsuena lan teknikoa ongi egitea eta ongi ikastea da. Gero egia da beti saiatzen zarela pilotariak nahi duena edo behar duena kontuan hartzen, baina ezin da horrekin erotu. Barrenetxeak esku handia dauka eta eskularru handixeagoa egiten diogu erosoagoa izateko, atzelarien zestak handixeagoak izaten dira, aurrelarienak apur bat motzagoak… Hasieran beti zegoen akatsen bat: sahietsen bat irtetzen zela, edo materiala gehiegi jaten nuela… Baina Juanperen azalpenekin hobetzen joan gara».

Urrezko arotik gaur arte

Danielek erremontera eta zestagile ofiziora iristeko izan duen bideak ez du zer ikusirik Juanpek bere garaian izan zuenarekin, batez ere jokamoldeak egoera oso desberdina bizi zuelako orduan. «Ni 1978an hasi nintzen hemen. Hiru zestagile zeuden orduan eta batek jubilatu egin behar zuen. Galdetu zidaten ea hasi nahi nuen, egun batean etorri nintzen ikastera eta horrela hasi nintzen. Zestagileetako bat familiakoa zen eta bere bitartez proposatu zidaten. Garai hartan soldaduska egiten ari nintzen eta egun batzuk libre edukitzen nituen. Egun horietan etortzen nintzen ikastera. Pixkanaka ikasten joan nintzen eta azkenean 43 urte pasa ditut hemendik atera gabe. Iaz jubilatu nintzen arte».

Irakasle onak izan zituela dio, eta oso eskertua dago: «Nire maisuak Ziganda anaiak izan ziren, Pello eta Joxe Joakin, remontistak izandakoak. Eta Martxelo Elizalde. Ni nafarra naiz, Mugairen sortu nintzen, Zozaian. Joxe Joakin familiakoa zen, pilotaria, eta horregatik ezagutzen nuen erremontea. Pello iaz hil zen. Eskerrak eman behar dizkiet, beraiei esker nire bizitza erremontea, Galarreta eta frontoia izan direlako, eta oso zoriontsua izan naizelako hemen».

Esan bezala, hasierako urte haietan erremonteak bere urrezko garaia bizi zuen. «Ni hasi nintzenean 80 bat pilotari egongo ziren koadroan. Hemen eta Iruñean jokatzen zen eta lau zestagile geunden guztira. Galarretan hiru eta frontoia beti jendez lepo egoten zen, eta diru pila bat jokatzen zen. Galarretan zestagile batek zestak montatzen zituen, egitura egin, eta beste biok josi eta amaiera eman. Hiruron artean hilabetean 25 bat zesta egiten genituen. Kuriosoa da zesta guztiei zenbaki bat jartzen geniela, bere informazio guztia jakiteko. Hartzen badugu orain dela hamabi urte egindako bat, adibidez, zenbakia ikusita bakarrik badakigu nork egin zuen, norentzat, zenbat oradaindu zen… matrikula moduko bat da. Galarretak 2020an 50 urte bete zituen, 1970an inauguratu zen, ba 52 urtean 14.000 zesta inguru egin dira bertan», zehaztu du Juanpek, lehen urte haietan egindako zesta guztien zerrenda daukan koaderno zahar bat harro erakutsiz.

Bi aldaketa garrantzitsu

Horrenbeste aldatu ez dena erremonteak egiteko modua da, hein handi batean aintzinako artisau lana mantentzen delako. Asko laburtuz, esan dezagun hiru zati garrantzitsu dituela zesta batek: oinarria den uztaia, forma ematen dioten sahietsak eta josteko erabiltzen den zuntza. Amaieran eskularrua jartzen zaio. «Zestak egiteko modua ez da gehiegi aldatu urte hauetan, baina osagaiak bai. Ni hasi nintzenean dena egurrezkoa zen, arkua eta sahietsak gaztainondoa eta zuntza ihiazkoa (junco). Zesta-puntan, adibidez, josteko zumea erabiltzen dute (mimbre). Baina gero pixkanaka osagai horiek aldatzen joan ginen».

Zehazki, historian bi aldaketa nagusi egon direla kontatu digu Juanpe Ugartek. «Lehen aldaketa uztaiarena izan zen, fibrazkoak egiten hasi ginen. 1987an izan zen. Guk ikusten genuen zerbait egin beharra zegoela, uztaia errazegi apurtzen zelako. Galdetu genien pilotariei eta probak egiten hasi ginen. Sei bat hilabetez aritu ginen horretan. Hasieran pilotariei arraroa egiten zitzaien, baina segituan ohitu ziren eta ez zen inolako arazorik egon».

Bigarren aldaketa zuntzarena izan zen. «Aldaketa hori 1997an egin genuen. Orain plastikozkoa erabiltzen dugu, polipropileno izena du. Merkeagoa da, baina aldatzeko arrazoia hasieran beste bat izan zen. Ihia Indotxina aldetik ekartzen zuten, eta garai hartan esportazioak moztu egin zituzten eta bapatean materialik gabe geratu ginen. Guri saltzen ziguten enpresa guztiak, Zumarragatik eta Valentzia aldetik erosten genuen, itxi egin ziren egun batetik bestera. Eta horrela hasi ginen plastikoa erabiltzen. Ondo moldatu ginen, baina aldaketa handia ekarri zuen, pilota azkarrago ateratzen delako zestatik. Hori bai, plastikoarekin egurrezko sahietsak ez dira apurtzen. Halabeharrezko aldaketa izan zen orduan, baina onerako izan dena».

Juanpek onartzen duenez, aldaketa horiei esker orain erremonte gutxiago apurtzen dira, baina jokatzen den partida kopurua ere asko baldintzatzen du hori. «Ni hasi nintzenean orain baino zesta askoz gehiago apurtzen ziren, aipatutako material horiengatik. Baina kontuan izan behar da orduan pilotari batek igual jokatzen zituela 13 edo 15 partida hilabetean. Orain baino askoz gehiago, orain lau edo bost asko jota».

Eta nostalgia puntu batekin oroitzen ditu urrezko garai haiek: «Partidak zeuden egunetan lana amaitu eta partidak ikustera jaisten ginen. Hemen jokatzen zen asteartetan, ostegunetan, ostiraletan, larunbatetan eta igandetan. Bost egunetan. Eta tako bat edo zerbait puskatzen baldin bazen hantxe geunden prest aldatzeko edo konpontzeko. Gaur egun oso gutxitan egiten da horrela, normalean partida amaitutakoan uzten da zesta hurrengorako konpondu ahal izateko».

Etorkizunera begira

Aipatu dugu sarreran erremonteak estuasun handiak igaro zituela orain dela ez urte asko, eta orain ere egoera ez da Juanpek amestuko lukeena. «Egoera nahiko pattal ikusten dut. Egun handietan jendea etortzen da, baina adinekoak jada ez dira etortzen. Horiek zuten ohitura hona beti etortzekoa, mezara joango balira bezala, inoiz hutsik egin gabe. Baina dirudienez jendeak ETBn ikusten du, aurrekoan esan zidatenez audientzia nahiko ona izaten omen du», dio nafarrak ETBn eman duten “Erremontari” saioa aipatuz.

Eta 2010eko krisialdian igarotako une txarrak ere aipatu dizkigu: «Kezka handiz bizi izan nuen 2010eko aldaketa. Hiru hilabetez egon zen frontoia itxita. Orduan 30 bat pilotari zeuden, artekariak, tabernakoak, atezainak… Jende asko, familia asko… Orduan Joxe Mari eta hauek azaldu ziren eta bultzada handia eman diote Galarretari. Aldaketa handia izan zen, eta saiatu dira modernizatzen: kaskoetan kamarak jarri, errebotean ere bai, mikrofonoak… Pilotalekua bera ere oso dotorea jarrita dago, asko zaintzen dute».

Zestagileen lana ezbaian jarri lezakeen beste faktore bat xisterak makinekin modu industrialean egitea da, nahiz eta ez Juanpek eta ez Danielek ez duten aukera hori oso erreala ikusten. «Dagoen produkzioa ikusita ez diot zentzurik ikusten makinaria batean edo ingenieritza proiektu batean inbertitzen hasteari. Batez ere ikuspegi enpresarial batetik ez delako errentagarria izango. Gaur dagoen kontsumorako eskuz eginda nahikoa dela iruditzen zait. Baina guk osagaietan egin ditugun aldaketak bai iruditzen zaizkit garrantzitsuak. Ni berrikuntzak sartzearen aldekoa naiz horretan. Piloten kizkia lehen, adibidez, latexarekin egiten zen, apurka-apurka, sekulako lana zeukan, eta noski, pilota bakoitzak dirutza balio zuen. Orain, plastikozkoa erosi, gainean haria makinaz jartzen diote, erretxinean sartzen da eta larrua josten zaio. Ordu betean pilota egina daukazu», azaldu du Juanpek.

Antzeko irudipena du Danielek ere. «Nik uste dut eskuz egina izateak balioa ematen diola, bestela Ikean zerbait erostea bezalakoa litzateke. Ez da nire lana defendatzeagatik, baina hala iruditzen zait», iritzi dio kubatarrak, aukeratu duen ofizioaz harro: «Nik nire buruari galdetzen nion: ‘ez al da mundu honetan lanen bat egongo niretzat modukoa?’ Niri eskuekin gauzak egitea gustatzen zait eta Juanpe ezagutu izana eta berak bere ezagutza nirekin elkarbanatu izana sekulakoa izan da. Galarretak aurrera jarraitzen duen bitartean ni hementxe egongo naiz pozik. Nire helburu bakarra da egiten dudan zesta bakoitza aurrekoa baina hobea izatea, etengabe nabil nola hobetu pentsatzen, eta harro nago lan hau egiteaz. Espero dut urte askoan hemen jarraitzea».

 

LAURENT SOROZABAL, BIARRITZEN PILOTAREN SUA PIZTEN DUEN ZESTAGILEA

Zesta-puntari dagokionez, zestagileen gremioa atomizatuagoa dagoela esan liteke. Logikoa da, gehiago direlako, baina hemen ere belaunaldi aldaketa arazo bat izan daitekeela nahiko argi dago. Hego Euskal Herrian zesta-puntako xisterak egiten dabiltzan hiruzpalau artisauak adinean gora doaz eta, oraingoz, ez da argi ikusten lekukoa nork hartuko duen. Ipar Euskal Herrian ari direnentzat errazagoa izan liteke, bertako klubekin harremana estuagoa delako, baina hor ere ez da erraza izango ofizioa ikastera animatzen den gazteren bat aurkitzea, Laurent Sorozabal Biarritzeko zestagileak onartu digunez.

«Etorkizuna zaila izango da zentzu horretan. Uste dut zestagileak gero eta gutxiago izango direla. Seme-alabek ez dute ofizioarekin jarraitzen eta gabiltzanok adinean gora goaz. Normala da gazteek jarraitu nahi ez izatea. Lan asko da gero soldata kaxkarra ateratzeko», aitortu du Sorozabalek, nahiz eta bere kasuan Biarritz Athletic Club-eko langile izateak egonkortasun bat ziurtatzen dion. «Nik egiten ditudan zesta ia denak klubarentzat dira, baina kanpotik eskatzen dizkidaten batzuk ere egiten ditut. Astean zesta bat egiten dut normalean, beste lan batzuk ere izaten ditudalako. Pilotak konpontzen ditut, gaztetxoak entrenatzen ere jarraitzen dut, klubeko idazkari lanak ere bai… denetik egitea tokatzen zait hemen».

Galarretako Juanpe eta Danielen kasuan ez bezala, Laurent puntista profesionala izan zen hainbat urtez. «Pilotari profesionala izan nintzen 13 edo 14 urtez Estatu Batuetan. Milforden batez ere eta Bridgeporten, Connecticut-en, New Yorketik iparraldera, 100 bat kilometrora gutxi gora-behera. Estatu Batuetara joan aurretik, gaztetxotan zestak konpontzen aritzen nintzen apur bat. Hona klubera zumaiar bat etortzen zen, Mugertza, eta hari begira egoten nintzen. Zertxobait ikasi nuen eta hortxe ibili nintzen urte pare batean edo. Estatu Batuetara joan nintzenean erabat utzi nuen. Baina itzuli nintzenean, 1999an, irakasle hasi nintzen klubean eta apurka-apurka berriz ere lantxoak egiten hasi nintzen. Pilotak konpontzen lehenik, eta zestak egiten gero, 2006a edo izango zen», abiatu du azalpena Laurentek Aguilerako Euskal jai pilotalekuan duen tailertxoan.

«Orduan hemen ez zegoen zestagilerik. Gernikako Eizagirre famatuak egiten zizkigun, baina jubilatu egin zen. Berak komentatu zidan: ‘zegatik ez dituzu zestak zuk egiten?’. ‘Puff, oso konplikatua da’, esaten nion. Baina egun batean Gernikara joan nintzen berak zestak nola egiten zituen ikustera. Egun osoa pasa nuen han berarekin, argazki pila bat ateratzen eta abar. Momentuan oso zaila iruditu zitzaidan, baina hurrengo egunean berriz gogoa sartu zitzaidan eta apurka-apurka hasi nintzen», jarraitu du, lehen pausoak zailak izan zirela umoretsu aitortuz: «Berak moldeekin egiten zuen lana, baina ez zitzaidan erosoa egiten josteko, eta alanbreekin egiten hasi nintzen, gaur egun horrela egiten dira. Sekulako asmoekin hasi nintzen, ‘harrituta geratuko dira egingo ditudan zestekin’, pentsatzen nuen. Baina harrituta geratu zena ni izan nintzen, zesta ikaragarri itsusiak irtetzen zirelako hasieran».

Aipagarria da zesta-puntako xisterak oraindik betiko lege zaharrean egiten direla: uztaia eta sahietsak gaztainondoarekin eta josteko zumea (mimbre) erabiltzen da. «Nik uztaia Astigarragako Arruabarrenari erosten diot. Aita jarduten zen lehen eta orain semea dabil. Pieza bakarrekoa erabiltzen dut nik, beste batzuk bi zati hartzen dituzte eta elkarri itsatsi puntan. Eta beste materiala ere bai, sahietsak eta zumea. Egur guztia, bai arkua eta bai sahietsak, gaztainondoa izaten da».

Hori bai, zestagile lapurtarra material berriak erabiltzearen aldekoa litzateke, batez ere errazegi apurtzen den arkua edo uztaiaren kasuan. «Noizean behin saiakeraren bat egoten da: arku desberdinak erabiliz, zume sintetikoa… Baina ez dakit zergatik azkenean jendeak berriz ere betiko zestak erabiltzen amaitzen du. Gehien izorratzen nauena arkua da. Zesta berri bat egiten duzu, pilotariak hiru pilotakada jotzen ditu eta batzuetan apurtu egiten da. Eta arkua apurtu bada zesta horrek ez du ezertarako balio. Hori behintzat aldatu beharko litzateke, beste materialen bat erabili ez apurtzeko».

Badaki zertaz ari den, Sorozabal berak oraindik beterano mailan jokatzen jarraitzen duelako eta bere hiru seme-alabek (Johan, Gorka eta Oihana) ere zesta-puntan jokatzen dutelako. Bi semeak Danian ari ziren pilotalekua itxi zen arte. «Pena handia izan zen, baina ikusten zen itxiera bazetorrela», dio etorkizunera esperantzaz begiratzen duen Laurentek. Batetik profesionalen azken torneoek izandako arrakastagatik -«zerbait gertatzen ari dela dirudi», dio Gernika, Donibane Lohizune edo Donostian bildutako jendetzak gogoratuz–; eta bestetik klubetan haur kopurua mantentzen delako: «Kostaldean kopuru polita daukagu, Getaria, Donibane Lohizune, Bidarte... Barnealdean gutxiago», aztertu du.