Osakidetzaren alde, Sagarduiren dimisioa eskatzen zuten oihuak ozen entzun dira Bilbon
Zirimiriak lagundu ez duen arren, milaka lagun bildu dira igande honetan Bilboko erdigunea zeharkatu duen manifestazioan. Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Osakidetza desegitearen aurkako ahots bakarra altxatu dute eta baita Sagarduiri ohartarazpen bat bidali: hau ez da hemen bukatu.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Osasungintza sektoreko profesionalak, herritarrak eta mugimendu sozialak Bilbon elkartu dira igande eguerdi honetan, ‘Osakidetza salba dezagun’ lelopean, Satse, ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako manifestazioan, «gertuko arreta, presentziala, sendoa, publikoa eta kalitatezkoa», aldarrikatzeko.
Lakuako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik iragan ekainaren 8an egindako adierazpenak larritzak jo dituzte, haien iritziz «argi» utzi baitzuten «Eusko Jaurlaritzak Osakidetzarentzat dituen planak: Lehen Arreta desegitea eta gainerako arreta zerbitzuak prekarizatzea. Eta hori guztia pribatizazioaren, zerbitzu publikoen aurkako erasoaren eta osasun aseguru pribatuen negozioaren bidean», diote sindikatuek.
Egonezin horren adierazle, eguraldi malkarrak eta zirimiriak zapuztu ez duen igande honetako mobilizazioa. Haserrea nabaritzen zen, deklarazioetan, pankartetan, oihuetan –Sagarduiren dimisioa eskatzen zuten oihuak izan dira gehien entzun direnak– eta bertan jasotako testigantzetan.
Manifestazioaren bukaeran, Udaletxearen aurrean, sindikatu guztiek sinatutako komunikatu batean sailburuari mezu zuzena helarazi diote: «Mobilizazioen aldeko apustua egiten dugu, kalean jarraituko dugu», esan dute. Hau ez baita bukatu. Lakuak osasun-arloko politikak aldatu arte mobilizatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.
«Azpimarratu behar dugu profesionalen eskasia hori erabaki politikoen emaitza dela eta gainera, eskasia hori existitzen ez den kategorietan ere erabiltzen saiatzen direla –aipatu dute–. Baina horren atzean dagoen errealitate bakarra da osasungintza publikoa indartzeko borondate eza, eta baita inbertsioa handitzeko borondate eza ere. Arazoa ez da profesionalen falta, arazoa lan-baldintza eskasak, lan-karga onartezinak, egonkortasunik eza eta behin-behinekotasun sistematikoa dira».
Lakuako Gobernuari konponketaren giltza eskuetan duela aurpegiratu diote, era berean, «gure gizartearen osasunean inbertitu behar delako, osasungintza publikoa indartuz». Horretarako zer behar dute egin? Osakidetzan inbertsioa publikoaren aldeko apustua egin.
Erizainak eta larrialdiak
Satse erizainen sindikatuko Amaia Mayorrentzat, esaterako, kontseilariaren adierazpenaren atzean «Osakidetza osoan zerbitzuak murrizteko eta oinarrizko arreta desegiten joateko asmoa dago. Guk bai, osasun publikoaren alde egiten dugu, osasun publikoan ditugun arazoak konpon daitezkeelako. Borondate- eta inbertsio-kontua da», gehitu du.
Horregatik, Osakidetzako mahai sektorialean negoziazio kolektiboari berriro ekiteko borondatea adierazi du, baina «langileek dituzten arazo guztiez hitz egiteko, ez bakarrik Osakidetzak tratatu nahi dituenez. Garrantzitsua da oinarrizko arretari prestigioa ematea, eta ezinbestekoa da baldintzak hobetzea lan-karga arinduz», gehitu du.
Honi dagokionez, Osakidetzako zuzendaritzak dio erizain batek 14 hitzordu hartzen dituela egunean. Mayorrek gezurtatu du erabat: «Hori ez da egia. Kupoak eta agendak gainezka daude. Erizainek, medikuek bezala, kupo bat baino gehiago ikusi behar dute, oporrtak eta bajak ez baitira betetzen. Erizainen batez bestekoa eguneko hitzorduak 22-23 dira, eta horri gehitu behar zaizkio etxez etxeko bi edo bost abisu, eta, gainera, agenda amankomunak, hala nola erauzketak eta covid probak», gehitu du.
Maiorren arabera, paziente bakoitzari eskainitako arreta-denborari buruzko sailburuaren datuak ere ez dira errealak: «Bost minutuko tarte dugu telefono-hitzordu bakoitzarentzat, gehienetan hamar behar direnean; eta hamar minutuko sendaketa-gelan, askotan hogei behar ditugunean. Ez dira kontuan hartzen profesionalen errealitatea eta haien lan-karga», azpimarratu du.
Era berean, gogorarazi du hemendik 2027ra lehen mailako arretako hiru mila profesional baino gehiago erretiratuko direla, eta, beraz, sailburuari eskatu dio «negoziatu dezala zer nolako lan-baldintzak jarriko dizkieten profesionalei lehen mailako arreta aukera dezaten, horrela ez joan daitezen lan-baldintzak oso gogorrak direlako».
'Oso erreta gaude'. Gurutzetako larrieldako langileak manifa. Burua Carltonera iristen, bukaera orain ateratzen. 'Sagardui dimision' oihuak. #Osakidetza @naiz_info pic.twitter.com/RgRyJ2sp0L
— Amaia Ereñaga (@GARA_aerenaga) June 26, 2022
Askotariko errealitateak islatu dira manifestazioan. Esaterako, Basauriko Kirurgia zerbitzuaren itxieraren aurkako pankarta bat edo ‘Oso erreta gaude’ zioena. Azken hau Gurutzetako larrialdietako asanbladak zeraman. Maialen Akarregi asanblada honetako partaidea da: «Egin dugu asanblada eta hemen gaude. Egoera oso larria da, covid-a aitzakia izan da, lehenago zeuden arazo guztiak azkartu dira eta okerragora goaz. Lehen Arretak ikusten ez diren gaixoak larrialdietara datoz, horrela da». Etorkizuna nola ikusten duzue? Murrizketei beldur?... «Sagarduik esan du baietz, ezta? Dena pribatizatu nahi dute, eta larrialdiak ere, noski».
Herri txikietako arazoak eta handietan ere
Beste pankarta batean irakurri zitekeen: ’Herri txikietan ere osasun arreta publikoa". Lea Artibaiko Maitek hau zioen: «Ez da aurtengo arazoa bakarrik, iaztik dator, gurean bi herri gelditu ziren iaz medikurik gabe, Amoroto eta Mendexa, eta horrez gain, Lekeitio alboetako herri guztiek udaran medikurik gabe gelditu ginen, Lekeitiora jo behar izan genuen. Momentu honetan, Sagarduik egin dituen adierazpena ikusirik hau ez da soilik gaurko arazoa, eta herri txikietan are eta larriagoa suertatuko da».
Arantza Corralesek Zumarragako Etengabeko Arreta Gunearen aldeko pankarta zeraman: «Zumarragako PAC [gaztelerazko siglengatik] itxita daukagu covida hasi zenetik –zioen–. Borrokatu genuen eta lortu genuen asteburuetan zabalik egotea, gauetan ez, eta bi urte daramagu borrokatzen berriz ireki dezaten. 8.000 sinadura jaso genituen, hilero bi kontzentrazio eta manifa bat bi urtetan zehar, gauza asko, baina jarraituko dugu lortu arte».
'Oso erreta gaude'. Gurutzetako larrieldako langileak manifa. Burua Carltonera iristen, bukaera orain ateratzen. 'Sagardui dimision' oihuak. #Osakidetza @naiz_info pic.twitter.com/RgRyJ2sp0L
— Amaia Ereñaga (@GARA_aerenaga) June 26, 2022