Joan den ikasturtean hasi zen murgiltze ereduaren aldeko borroka Larraineko eskola publikoan, orduan ez zuten lortu, baina astearte honetan Ikuskaritza Akademikotik jakinarazi duenaren arabera hurrengo ikasturtean horrela izanen da, baita aurten eskaera egin duten Irisarrin eta Barkoxen ere.
Hiru eskoletan euskarazko hezkuntza garatzeko mobilizazioak abian ziren joan den astetik, bereziki Larrainen, baita Irisarrin ere. Ostegunean elkarretaratzea aurreikusita zegoen borrokaren baitan, baina oraingoz bertan behera gelditu da.
Zuberoako bi herrietan murgiltze eredua eskatzen dute, eta klase bakarreko eskolak dira. Iaz euskaraz osorik ez baimentzeko arrazoia ikasle guztiak klase bakar batean elkartzeak sortzen zuen arazoa eman zuten arrazoitzat Larraineko eskaerari ezezkoa emateko.
Larraineko eskolak desmartxa administratibo guztiak eta eskaera ofiziala otsailean egin zituen. Irisarriko eta Barkoxeko eskoletako eskaera azken asteotakoa da. Hori dela eta, Irisarriko eskolan, eskaera ofizialtzeko ekintza administratiboak hurrengo astean egingo dira. Euskarazko hezkuntzaren denbora garatzeari buruzko galdetegi ofiziala asteartean egingo dute, eta erantzun ofiziala ostegunean emanen da ezagutzera.
Irisarriko berezitasuna
Irisarriko eskolako gurasoek inkesta egin zuten jada eskaera egin baino lehen, eta NAIZi jakinarazitakoaren arabera, gurasoen %80a alde agertu zen, %10ak ez zuen erabaki argirik, eta beste %10ek ezezkoa esan zuten, nahiz eta horien artean familia bakarra omen zegoen guztiz kontra.
Irisarriko lorpena garrantzitsua da, eta aurrekari bat suposatzen du. Orain arte murgiltzea ama-eskolan soilik onartua zen, hortik aurrera beti elebidunera pasatzen zen, aldiz Nafarroa Behereko eskola honetan ezarriko den sistemaren arabera, euskarak frantsesak baino presentzia handiagoa izanen du ikasleek irakurtzen eta idazten ikasten den urteetan.
Bordeleko Akademia Ikuskaritzak zabaldu duen ohar ofizialean, oroitarazten du 2021eko abenduaren 14an zabaldu zen zirkularrean adierazten zenaren arabera, euskara bezalako Estatu frantseseko hizkuntza gutxituetako hezkuntza guztiz hautazkoa da, hori dela eta familiaren batek ikasketak murgiltze ereduan izatea nahiko ez balu, hurbilen dagoen hezkuntza zentroan eskolatua izateko eskubidea dauka.
Ekainaren 29an eginen den eskualde hizkuntzen Batzorde akademikoan, egoera honi buruzko zehaztapenak jorratuko dira.