Lapurdiko Urketa herria pozez gainezka esnatu zen astelehenean. Izan ere, bertakoa den Hortense Limouzin jokalaria 3x3 saskibaloian munduko txapeldun bihurtu zen igandean Amberesen (belgikan) jokatutako txapelketan. Laëtitia Guapo, Marie-Eve Paget eta Myriam Djekoundade izan ditu taldekide Frantziako selekzioan eta finalean Kanadari irabazi zioten (16-13).
Garaipen historikoa da Frantziarentzat, kirol honetan lortzen duen lehena, eta garrantzia handia izan du horretarako Hortense Limouzinek, zeinek ostiral honetan 24 urte beteko dituen. Sei urterekin Urketako Denek Bat taldean hasi zen jokatzen, ondoren Angeluko Anglet taldera joan eta Basket-Lande formazio zentroan sartzeko.
CHAMPIONNES DU MONDE 磊
— 3x3 FFBB (@3x3Ffbb) June 26, 2022
HISTORIQUE
BRAVO LES BLEUES pic.twitter.com/k9Ih2skqbe
France Bleu Pays Basquek egindako elkarrizketa batean, jokalaria oraindik zeruan dagoela adierazi du eta taldekideak eta berak egindakoa oraindik «oso argi» ez dutela gaineratu du.
Finalera iritsi baino lehen, final-laurdenetan Espainiari irabazi zioten luzapenean, eta finalerdian Txinari gailendu zitzaion Frantziako taldea. «Txinaren aurkako garaipena ostean, begietara begiratu eta promes bat egin genuen elkar. Laëtitiak esaten zigun: “Neskak, promes bat egin behar didazue: urrearekin buelta gaitezen etxera”. Eta baita itzuli ere!
Elkarrizketan Hortense Limouzinek bere ibilbidearen inguruan ere hitz egiten du, eta azpimarratzen du ez dela erraza izan. «Gazte izanda etxetik irtetea ez da erraza, sakrifizio asko egin behar dira. Baina gaur egun nire pasioaz bizi naiteke eta ikaragarria da. Gainera, nire herrialdea zein polita den konturatzeko balio dit eta gehiago baloratzen dut bertan bizitako momentuak».
Azkenik, Anglet Cote Basque Basketek National 1era izan duen igoeraz mintzatu da ere Limouzin. «Noski jaraitu dudala beraien ibilbidea! Baptiste Ibarlosa entrenatzailea nire gertuko pertsona bat da eta gauza asko bizi genituen elkarrekin Angelun egon nintzenean, Frantziako kadeteetan hain zuzen ere», adierazi du.