Naiz

Madrilen NATOren eta gerraren aurkako ekintzan izan dira euskal antimilitaristak

KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitaristako hainbat ekintzailek parte hartu dute gaur goizean Madrilgo Armadaren Gerra Eskolan egindako ekintzan, ekainaren 29an eta 30ean hiri horretan egingo den NATOren goi bileraren aurka protesta egiteko.

NATOren aurkako ekintza Madrilgo Gerra Eskolan.
NATOren aurkako ekintza Madrilgo Gerra Eskolan. (KEM-MOC)

Estatuko leku ezberdinetako hainbat erakunde antimilitarista, ekologista, feminista, sindikal eta klimaren aldeko berrogeita hamar ekintzailek baino gehiagok ekintza bat burutu dute Madrilgo Gerra Eskolan, ekainaren 29an eta 30ean hiri horretan egingo den NATOren goi bileraren aurka protesta egiteko.

Gerra Eskola Bake Eskola bihurtzea eskatu dute eta aurreko ostiralean Melillako mugan izandako heriotzak salatu dituzte.

Ekintza hau NATOren goi bilera Madrilen egitearen aurka duela egun batzuetatik hona egiten ari diren mobilizazioen testuinguruan kokatzen da. Bide horretan, militarismoa eta gerra salatzeko ibilbide luzeko desobedientzia zibileko ekintzak aldarrikatu dituzte.

Ekintzaileek asteazken honetan hasiko den NATOren goi bilera salatu dute, non erakunde militar honek bere kontzeptu estrategiko berria jorratuko duen. «Estrategia horrek, Pedro Sanchezena bezalako gobernuek iragarri duten bezala, gastu militarraren hazkunde handia ekarriko du, eta horrek nazioarteko tentsioa eta horri lotutako gatazkak areagotuko ditu», ohartarazi dute.

Horren ordez, kolektibo antimilitaristek eskatzen dute «gastu militarra murriztea, arma nuklearrak debekatzea eta giza eta ingurumen segurtasuna sustatuko duen eta bizitza erdigunean jarriko duen defentsa kontzeptu bat» garatzea.

Defentsa Ministerioaren aurrekontua %2ra arte handitzeak funtsezko beste partida batzuetatik (osasuna, hezkuntza, krisi klimatikoaren aurkako borroka, etab.) funtsak kentzea ekarriko duela azaldu dute.

Protestan hogeita hamar ekintzaile inguru atxilotu eta komisariara eraman dituztela jakinarazi du KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitaristak.