46 egun beteko dira gaur Unai Lasok Buruz Buruko finalerdian kanporatu zuenetik –sekula ez zituen horrenbeste egun eman zuriz jantzi gabe– eta Mungian egingo du berragerpena Jokin Altunak. Hatzean egin behar zioten ebakuntza bat eta, bereziki, aspalditik buruko min dezente ematen ari zitzaion eskuko mina izan dira geldialdi horren arrazoi nagusiak, baina gorputzak adina eskertu dio buruak azken hilabete eta erdiko deskonexio hori, azkeneko Buruz Burukora arte, pandemiatik jokatutako final guztiak jokatu baitzituen amezketarrak, apenas astebeteko oporraldia izanik.
«Behar nuen halako zerbait, etorri zaizkidan min eta arazo hauek ez dut uste kasualitatez etorri direnik, gorputzak batzuetan ‘nahikoa da’ esaten du eta horregatik oso ondo etorri zait geldialdi hau; behar nuen», aitortu zigun atzo aurrelariak.
Hasiera batean enpresak bestelako plan batzuk zituen arren, itzulera presarik gabe hartu nahi izan du Altuna III.ak eta kantxetarako itzulera ere hala hartu nahi luke, nahiz eta lehen mailako konpromisoak izango dituen. Hasteko, gaur, Peio Etxeberriaren aurka Mungian (18.00etatik aurrera), iazko Lau eta Erdian –Bergaran– irabazi zion pilotari bakarraren aurka eta, irabaztea lortuko balu, ostiralean Joseba Ezkurdiaren aurka aritu beharko luke Sopelan. «Denbora asko eman dut geldirik eta ilusio handiz nago berriz ere jokatzen hasteko eta pixkanaka ea nire jokoa berriz ere hartzen dudan», azaldu zuen. Hori bai, emaitzez harago, «lehen helburua etxera minik hartu gabe itzultzea izango da».
Titare batekin
Kantxara inolako beldurrik gabe irtengo omen da, nahiz eta ebakuntza izandako hatza babesteko titare batekin aritu beharko duen. «Hatzak ez nau kezkatzen; proba dezente egin ditut titare desberdinekin eta ondo moldatu naiz. Operatu aurretik ere, egia esan, kezka handiagoa nuen eskuarekin hatzarekin baino; denbora asko neraman minez. Gehiago kosta bazait, eskuarengatik izan da, baina orain ondo nago eta segituan %100ean jartzeko ilusioarekin», gaineratu zuen.