Herri bat, bi kamiseta

Espainiako kapitaina bata, Herbehereekin debutaria bestea, Irene Paredes eta Damaris Egurrola izango dira euskal futbolaren ordezkari bakarrak bihartik aurrera Ingalaterran jokatuko den Europako Txapelketan. Biek hitzegin dute NAIZekin hitzorduaren atarian.

Irene Paredesek bostgarren txapelketa handia jokatuko du Ingalaterran, Españako selekzioaren kamisetarekin.
Irene Paredesek bostgarren txapelketa handia jokatuko du Ingalaterran, Españako selekzioaren kamisetarekin. (RFEF)

Txapeldunen Ligako finala orain dela hilabete eta erdi elkarren aurka jokatu ondoren, Irene Paredesek eta Damaris Egurrolak berriro ordezkatuko dute euskal futbola kontinenteko hitzordu handienean. «Oraintxe bertan sinatuko nuke norgehiagoka hura errepikatzea», dio legazpiarrak irri artean, «emaitza aldatuta, noski!». Aukerak egon, badaude, bihartik aurrera Ingalaterran jokatuko den Europako Txapelketa irabazteko faboritoen sortan kokatu baitaitezke bi euskaldunen taldeak.

Selekzio propiorik ez eta Espainiako besokoa eramango du gipuzkoarrak eta, bizkaitarrak, berriz Herbehereetako kamiseta jantziko du. Bien abiapuntua desberdina bada ere, ilusio berarekin ekingo diote hitzorduari, NAIZekin izandako hizketaldian azaldu dutenez.

Bosgarren txapelketa handia jarraian izango da defentsa legazpiarrarentzat eta «oraindik ez nago urduri baina lehen partidaren egunean bai egongo naizela. Beti gertatzen zait eta, egia esateko, gustoko dut tentsio puntu hori izatea». Gauteagarrarentzat, berriz, lehen hitzordu handia da maila gorenean eta, apirilean gauzatu zuen erabakiaren ondoren, amaren herriaren kamiseta defendatuz lehiatuko du, egungo txapeldunarena, alegia. Horrek sekulako «ilusioa» eta «erantzunkizuna» sortzen dio aldi berean. «Gogo askoz nago. Azkenean prozesu luze bat amaituta dago eta talde honen parte izatearen oso harro sentitzen naiz. Horrelako txapelketak jokatzeko eta irabazteko hartu nuen erabakia eta orain demostratzeko unea heldu zait. Erronkari aurre egiteko irrikatan naiz, ehuneko ehuna eman eta ni neu izateko».

Bi euskaldunak ariko dira txapelketa irabazteko faborito diren taldeetan. Erdilaria batez ere, zerbaitegatik irabazi baitzuen bere selekzioak azken titulua. Baina ez du presio berezirik nabarmentzen. «Motibazio estra bat da presioa baino gehiago. Nik uste dut behin maila batera helduta, denok gaudela presiopean jokatzera ohituta eta, zelairatzen zaren unean, dena ahazten duzula». Gainera, «ez dakit faboritoak bagaren ere! Aurretik esateak ez du ezertarako balio, benetan zelaian egin behar baita berba. Egia esan, guri ez zaigu inporta faborito garen ala ez, lana eta helburua berdinak baitira edozein kasutan».

Are zuhurragoak dira Paredesen hitzak. «Ondo gaude baina faboritotzat aurreko urteotako txapeldunak, finalistak... joko nituzke. Egia da azken urteotan urrats handiak eman ditugula, esperientzia gehiago daukagula eta edonor garaitu dezakegula erakutsi dugula. Eta ilusioa eta anbizioa handiak dira baina hemen dauden talde guztiak indartsuak dira, merituak egin dituzte hemen egoteko eta denak saiatuko dira irabazten».

Bartzelonako atzelariak onartu du, hala ere, Espainiako selekzioak azken urteotan emandako urrats horiek nabarmentzen direla honelako hitzorduetan sortzen diren itxaropenetan. «Beti daukazu irabazteko asmoa. Baina gogoratzen ditut lehen Munduko Txapelketara (Kanada, 2015, lehena Paredesentzat eta Espainiako selekzioarentzat berarentzat) eta Europako Txapelketara (Suedia, 2013) joan nintzenean ilusioa bai handia zela baina bagenekien prestakuntza etabarrekoak ez zirela onenak eta, miraririk ezean, ez genuela ezer handirik egingo. Gaur egun erakutsi dugu edozein partida irabazteko gai garela eta ez da bakarrik ilusioa, helburu errealak dira. Ezin dugu esan irabazi behar dugula edo irabaziko dugula baina bai irabazi dezakegula, urrun heldu gaitezkeela, oso oso zaila dela badakigun arren».

Helburu handienei eusteko, «dena ondo egin behar dugu eta xehetasun guztiek gure alde egon behar dute. Hasieratik, ondo hastea garrantzitsua da, dinamika on batean sartu...». Sanni Franssiren Finlandiaren aurka saiatuko da Espainia lehen urrats hori ematen datorren larunbatean. Alemaniak eta Danimarkak osatzen dute B multzo konplikatua.

Damaris Egurrola apirilean Herberehetako selekzioarekin debutatu zuen norgehiagokan. (ORANJEVROUWEN)

Are zailagoa da, teoriaz, Herbehereetako debuta. Etxean jokatu zen azken txapelketan eskuratutako tituluarengatik besterik ez bada ere, faborito nagusien artean dago Damaris Egurrolaren taldea. Baina aurrean izango duen selekzioak badauzka etiketa hori erreklamatzeko arrazoiak ere, Suediak azken bi hitzordu handietan (2019ko Munduko Txapelketan eta iazko Joko Olinpikoan) domina eskuratu baitu.

Suitzak eta Portugalek –UEFAren zigorra jaso duen Errusiaren lekua hartuta– osatzen dute C multzoa. «Talde onak», bizkaitarraren esanetan. «Oso garrantzitsua da lehiaketa ondo hastea. Ez da bakarrik emaitza kontua, ez bada irabazten ere, egin duzunarekin ondo sentitzea garrantzitsua da, askotan lehen partidan apur bat neurritsu zaude. Ondo jokatzeak, nahiz eta ez irabazi, laguntzen zaitu», esan du.

«Edozein kasutan, nik uste dut taldea ondo prestatuta dagoela partida horretarako eta baita gainontzeko taldeen kontra jokatzeko ere. Zailak izango direla jakinda, noski. Portugalen lagun bat daukat, badakit oso lan ona egiten dutela; Txapeldunen Ligan Benficaren kontra ere jokatu genuen, gazte asko daude talentu handiarekin… Nik uste dut ustekabea eman dezaketela, oso ondo jokatu beharko dugu euren kontra».

Ez dauka Damarisek zalantza handirik horren inguruan. «Ahulezi gutxi ikusten» dizkio bere taldeari eta, gainera, hauek «ezkutatzea lortzen» duela uste du, «sendotasunari eta batasunari esker». Hori gutxi ez eta konbinazio ezin hobea topatu du Leuwinneen aldagelan. «Esperientzia handia dago exijentzia handiko txapelketetan, selekzio zein klub mailan, eta sekulako talentua. Ni harrituta geratu nintzen lehen deialdian ikusi nuen talentuarekin; askorena ezagutzen nuen aurretik baina gazteenenak harritu ninduen. Gainera, talde honek partida bakarrean ez eta bi, hiru, lau partida jarraian jokatzen duenean ere oso maila onean egoteko duen gaitasuna azpimarratuko nuke, oso garrantzitsua iruditzen baitzait horrelako txapelketa batean. Eta joko aldetik, nik uste dut oso indartsuak garela trantsizioetan eta baloia abiaduraz mugitzen».

Espainiaren arma garrantzitsuena jokoa bera izango da Paredesen ustez. «Europan ez dago guk bezala jokatzen duen selekziorik», azaldu du. Puntu ahulena arlo fisikoan egon daiteke, «batez ere Europa Iparraldeko jokalariekin konparatuta. Oso altuak dira eta estrategian eta aireko jokoan igarri egiten da. Baina gure jokoa inposatu eta baloia azkar mugitzea lortzen badugu, ez genuke larregi sufritu behar».

Badaude, hala ere, Espainiako selekzioaren maila, gutxienez, berdindu dezaketen selekzioak. Legazpiarraren ustetan, Ingalaterra litzateke faborito handia dominen borrokan sartzeko, «onak izateaz gain, etxean jokatzeak ematen dien plus horrengatik. Alrmania ezin dugu inoiz ahaztu eta Herbehereeak ere borroka horretan egongo dira, ziur».

Olympique Lyonnais taldeko erdilariaren kinielan ere Sarina Wiegmanen taldea agertzen da, «bereziki etxean jokatuta. Frantzia beti ikusten dut faboritoen artean, jokalariak banan-banan begiratuta talde onena daukala uste dudalako. Suedia fisikoki oso indartsua da, oso ondo heltzen da beti eta oso talde sendoa da. Eta Espainia ere sartuko nuke faboritoen artean».

Biek asmatzen badute, baliteke Txapeldunen Ligako «errebantxa» egotea, eta Paredes eta Egurrola aurrez aurre borrokatzen ikusteko titulua eskuratzeko. «Amets bat izango litzateke. Oraintxe bertan sinatuko nuke… baina emaitza aldatuz», dio atzelariak. Adostasunik ez dago puntu horretan, noski. Kluben mailako trofeo garrantzitsuena eskuratu duen lehen emakume euskalduna bilakatu ondoren, Damarisek denboraldia borobildu nahi du. «Etxera oporretan joan nintzenean Championsa eta Liga irabazita, denek zoriondu ninduten baina nik esan nien oraindik amaitu barik zegoela denboraldia, udan oso erronka ederra zetorrela eta hirugarrena ere nahi nuela. Gogo handiekin nago, talde guztia bezela, motibazio handiarekin eta gauza garrantzitsuak lortzeko prest».

Realzaleek badute nor animatu

Inor gutxik ulertu duen Jorge Vildaren erabakiaren ondoren, Amaiur Sarriegik eta Nerea Eizagirrek etxetik jarraitu beharko dute Europako Txapelketa. Realzaleek, ordea, badute nor animatu, Sanni Franssi eta donostiarrek fitxatu berri duten Andreia Jacinto Ingalaterran ariko baitira.

«Multzo zaila daukagu –onartu dio GARAri aurrelari finlandiarrak–. Alemania, Espainia eta Danimarka izango ditugu aurkari, eta, rankinga begiratuta, gu gara talde okerrena, baina txapelketa ona egin eta gure zaleak harro sentiarazteko ilusioarekin ariko gara. Saiatu, saiatuko gara».

Ametsetako denboraldi baten ametsetako amaiera izango da Franssirentzat. «Oso animatuta nago. Sekulako denboraldia egin dugu Realean, sari ederra jaso dugu eta nire lanarekin ere oso pozik amaitu dut. Orain, berriz, horri guztia nire selekzioarekin borobiltzea gustatuko litzaidake».

Garaikurra altxatzeko faboritoei dagokienez, aurrelariak bi selekzio aipatzen ditu. «Bada denbora Espainia ikusten dudala irabazteko faborito nagusia. Eta Frantzia gehituko nioke, batez ere euren kontra otsailean jokatu genuenean eduki nituen sentsazioengatik. Hala ere, sentitzen dut eurengatik, biek ikusi beharko baitute Finlandia trofeoa altxatzen», esan du irribarre eginez.

Multzo konplikatua egokitu zaio Andreia Jacinto talde txuri-urdineko jokalari berriaren selekzioari ere. Portugal, izan ere, Suedia eta Herbehereak faborito nagusien aurka arituko da lehen fasean. Multzoko laugarren selekzioa Suitza da.