NAIZ

Realaren kamiseta berrian «efektu grafikoek» dute garrantzia; bigarrena beltza izango da

Realak aurkeztu ditu hurrengo denboraldirako kamisetak. Etxekoak arima klasikoa izango du, txuri-urdina, alegia eta kanpokoa beltza izango da, marra horizontal grisekin apaindua. Berritasun nabarmenena babesle nagusiarena da, aurtengoan Cazoo enpresa britainiarra izango baita.

Zale txuri-urdinak kamiseta berrien esperoan zeuden. Azken asteetan grinatsu azaldu dira –batez ere sare sozialetan– eta ostegunean denboraldi-aurrearekin hasi baino lehenago, klubak elastiko berriak aurkeztu ditu. Nabarmentzen duenez, «efektu grafikoek» garrantzia hartu dute bietan eta Cazoo babesle berria ere bi elastikoetan agertuko da.

Espero legez, etxeko kamiseta edo elastiko nagusia, txuri-urdina izango da, izaera klasikoa mantenduko duena.

Bigarren elastikoa, bestalde, berritasunak ageriagoak dira, aurtengoan beltzez ariko baita kanpoko partidetan –iazkoa, kolore granatekoa izan zen–. Marra horizontal grisek apaintzen dute azal beltza.

Bi kamiseten barrualdean, armarria eta "Realaren bihotza" leloa ageri dira. Bularraren eskuinaldean, "Macron Hero" eta, ezkerraldean, Realaren armarria erliebean. Lehen kamisetaren kasuan, koloretan eta silueta zuriz; bigarrenean, urdinez.

Kamiseta txuri-urdinarekin, praka txuriak erabiliko dituzte jokalariek; beltzarekin, berriz, beltzak.

Hilaren 16tik aurrera, salgai

Astearte honetan elastiko berrien nortasuna iragarri bada ere, oraindik ez dira salgai jarriko. Kamiseta txuri-urdinaren kasuan, salmentak uztailaren 16tik aurrera ahalbidetuko dira; bigarren kamiseta, bestalde, hilaren amaieran egongo da salgai, klubak azaldu duen legez.

Bestalde, klubak adierazi du "Zubieta 1952" bildumako kamiseta berriak jada salgai daudela. Imanol, Nerea, Isak, Oyarzabal, Aritz, Remiro eta Merino dira protagonistak horietan. Diseinuak Marrazketabarrenak dira, eta kamisetak gris antrazita kolorekoak. Jokalari bakoitzak bere kolorea du eta guztiek dute, gainera, bertsio komun bat.