Ramon Sola

31 urteko etenaldi ofizialak ez du Riau-riau-a betirako isilarazi

Aurten ere ‘Porque llegaron las fiestas...’ abestu dute milaka lagunek Udal Plazan, 18etatik aurrera, La Pamplonesa udal bandaren doinuak dantzaz lagunduz. Berriz ofiziala egingo -eta osatuko– ote den zalantzazkoa da, ordea.

Riau-riau berriz Udal Plazan, zinegotzirik gabe.
Riau-riau berriz Udal Plazan, zinegotzirik gabe. (Endika Portillo | Foku)

‘Porque llegaron las fiestas/ de esta gloriosa ciudad/ que son en el mundo entero/ unas fiestas sin igual’. Bitxia bada ere, Iruñean oraindik helduek eta gazteek ondo dakite Astrainen valsaren letra (edo koru hori behintzat), nahiz eta 1990. urtetik ez da ofizialki bururaino eraman, Udaletxetik San Lorenzoko elizaraino alegia.

1991. urtean Alfredo Jaime alkateak sortutako polemika handia –txosnak hondeamakina baten bitartez suntsitzeko agindua eman zuen– eskuetan eztanda egin zitzaion, zenbait partehartzailek Udal Gobernuari bidea itxi eta Udaletxeari eraso egin ziotenean. Aurretik jada oso liskartsua zen ospakizuna bertan behera geratu zen geroztik. Eta geroko bi saiakera ofizialek –1996. urtean Javier Chourraut alkatearen eskutik eta 2012an Enrique Mayak bultzatua– porrot egin zuten.

Ekimena berpizten saiatuko ote da berriz Navarra Sumako alkatea? Horren aldekoa da Mutilzarra izeneko peña, Baleztena familia espainiarzale aski ezagunak duela 30 urte sortua eta Peñen Federazioko kide ez dena. Eta horregatik urtero Udal Plazara bertaratzeko gonbita egiten du.

Gaur ere gertatu da. Kide gutxi du talde horrek baina asko dira Riau-riau berreskuratu nahiko luketen iruindarrak, pentsaera ezberdinetakoak, eta horregatik arrakasta izan du berriz deialdiak. 18.00etarako bete-betea zen berriz Udaletxe Plaza, goizean baino eguraldi goxoagoaz gainera.

Zenbaiten ustez ospakizuna berreskuratzen saiatzeko baldintzak ematen dira. Baina beste askok giroa zikintzen duten jokaerak gogoratzen dituzte

La Pamplona udal bandak jarri du musika aurten ere, Udaletxetik atera ondoren. Alaia izan da giroa, eta agintaririk gabe batere arazorik ez da gertatu. Zenbaiten ustez, hau ikusita ospakizuna berreskuratzen saiatzeko baldintzak ematen dira. Baina beste askorentzat giroa nabarmen tenkatzen duten jokaerak ageri dira aurtengo bezperetan ere, esaterako alkateak Herri Sanferminei jarritako oztopoak.

Momentuz gaurko deialditik ondoriozta daitekeen bakarra hauxe da: Riau-riau-ak iruindar gehienen gogoan iltzaturik segitzen duela eta urtero-urtero, Sanferminetatik haratago gainera, adierazten dela kalean.