NAIZ

Adifek AHTa Gasteizen lurpean integratzeko oinarrizko proiektua esleitu du

Adifek 2,4 milioi eurotan eta bi urteko exekuzio-epean esleitu dio Sener Ingenieria y Sistemas enpresari Gasteizen AHTa lurperatzeko oinarrizko proiektua erredaktatzeko kontratua.

AHTaren aurkako protesta, Gasteizen.
AHTaren aurkako protesta, Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Adifek, espainiar Estatuko trenbide azpiegiturak kudeatzen dituen erakundeak, 2,4 milioi euroren truke eta bi urteko exekuzio-epean esleitu dio Sener Ingenieria y Sistemas enpresari AHT Gasteizen lurperatzeko proiektua erredaktatzeko kontratua. Kontratu honen baitan Bilbo, Gasteiz eta Donostia lotuko dituen linea eta Gasteizko geltokiaren berriztatzea sartzen dira.

Espainiar Estatuko Garraio Ministerioak jakinarazi duenez, Sener Ingenieria y Sistemas enpresari esleitutako proiektuak AHTaren sarearen loturak zehaztuko ditu bai Burgos noranzkoan, bai Bilbo/Donostia noranzkoan, eta baita Altsasurako/Iruñearako linearekin. Era berean, Madril eta Hendaia lotuko dituen linearen loturak zehaztuko ditu proiektuak.

Ibilbidea Krispiñatik (Gasteiz) hurbil hasiko da, Jundizko poligonoaren ondotik igaroko da, Gasteiz zeharkatuko du eta Arkautetik gertu iparralderantz biratu ondoren, Arratzua-Ubarrundia udalerrian bukatuko da.

Proiektuan hainbat obra sartuko dira: zibila, trenbidekoa, elektrifikazioa, arkitektura eta hirigintza-integrazioa, Gasteizko geltokiaren birmoldaketa eta Abiadura Handiko linearen txertaketa hiriburu arabarrean, besteak beste.

Proiektuak Gasteizerako sarbideak 7,2 kilometro inguru izango dituela aurreikusten du eta Pedro Asua Kaletik Salburua bulebarra arteko tartea, 3,6 kilometrokoa, lur azpitik joango da. Era berean, korridore berrian zabalera estandarreko bi trenbide ezarriko dira bidaiarien trafikoentzat, eta zabalera mistoko beste bide bat salgaientzat eta distantzia ertainerako lokomotorentzat.

«Albiste ona»

Gorka Urtaranek, Gasteizko alkateak, AHTaren lurperatzearen proiektua esleitu izana «albiste on» bat dela ebatzi du. Ildo horretatik, «aurrerapauso gehiago» aldarrikatu ditu AHTaren proiektuari begira. Alkateak Gasteiz-Burgos linea goraipatu du, besteak beste.

«Urratsak ematen jarraitu behar da, ez bakarrik abiadura handia Gasteizen lurpean txertatzeko, baita Gasteiz Burgosekin eta abiadura handiko gainerako sarearekin lehenbailehen lotzeko», baieztatu du.

Geltokiaren eraberritzea

Geltoki berriak merkantzien trafikoa eta bidaiariena fisikoki banatuta izango ditu. Geltoki berriak zabalera estandarreko bost trenbide, zabalera mistoko bat, abiadura handiko hiru eta zabalera konbentzionaleko trenbide bat izango ditu.

Hori horrela, egungo eraikina anden berrien konfigurazioari egokitu beharko zaio, hortaz, bi sarrera izango ditu: bata egungo eraikinetik (Eduardo Dato kaletik) eta bestea kontrako aldetik (Unibertsitate paseotik). Gainera, birmoldatze lanen ostean, geltokiak 400 plazako lurpeko aparkaleku bat izango du.

Arkauteko korapiloa'

Proiektuak 'Arkauteko korapilo' gisa ezagutzen denarekin zerikusia duten jarduerak ere bere baitan hartuko ditu. Korapilo horrek Gasteizko sarbidearen amaiera (egungo Madril-Hendaia eta Errekaleor ibaien arteko bidegurutzearen parean) Arratzua/Ubarrundia-Legutio I abiadura handiko linearen zatiarekin lotzen du.

Ibilbidearen zati hau hiriaren ekialdetik igarotzen da, Zerio eta Arkaute ingurutik. Alternatiba Gasteizera sartzeko hiru trenbide ezartzea izango litzateke (zabalera estandarreko bi eta zabalera mistoko bat). Honen helburua merkantzien trafiko estandarra prestazio handiko zerbitzuetatik banatzea izango litzateke.

Trenbide honek 7,4 kilometroko luzera izango du gutxi gorabehera, eta gaineko hiru pasabide eta azpiko lau izateaz gain, hainbat zabalerako biaduktuak ere izango ditu, zeinek 2,8 kilometro inguru izango dituzten.