NAIZ

CAFek 300 milioi euro inguruko kontratua lortu du Suedian

SJ AB Suediako Estatuko operadoreak CAF aukeratu du eskualde mailako 25 tren unitate hornitzeko. Gainera, kopurua 60 unitatera handitzeko aukera egongo da kontratuan aurreikusitako zabalkuntza aukerak eragingarri eginez gero.

SJ AB Suediako Estatuko operadoreak CAF aukeratu du eskualde mailako 25 tren unitate hornitzeko.
SJ AB Suediako Estatuko operadoreak CAF aukeratu du eskualde mailako 25 tren unitate hornitzeko. (CAF)

CAFek jakinarazi duenez, Suediarako egingo dituenak CAF Civity Nordic plataformako unitateak dira, eskualdeko eta eskualde arteko zerbitzurako erabiliko dira, eta bertako muturreko klima baldintzei aurre egiteko prestatuta daude (-40 gradu arteko tenperaturarekin eta elurrarekin).

Trenek bost kotxe dituzte eta 200 kilometro orduko abiaduran zirkulatuko dute. Gainera, edukiera handia izango dute (akoplatutako hiru trenek 1.000 eserleku inguru eskainiko dituzte), eta sarbide erraza eta malgutasuna izango dituzte bidaiari mota guztientzat.

SJ Taldea 5.400 langile dituen enpresa publikoa da eta Suediako tren sarearen zati handiena kudeatzen du. Hala, Stockholm Eskandinaviako beste hiriburuekin lotzen du (Kopenhage eta Oslo). Egunero 150.000 bidaiari baino gehiagoko bolumenarekin, ingurumena errespetatzen eta eragingarritasun handiko zerbitzua eskaintzen duen enpresa da. Horren erakusgarri da SJk jasotako sariak: Suediako marka jasangarrienari emandakoa eta herrialdeko garraio enpresa onenari eta Europako garraio enpresa digitalenari emandakoa.

Kontratu berriak CAFek Eskandinaviako merkatuaren alde egindako apustua berretsi du. 2019an, CAF Taldeak EuroMaint Suediako enpresa erosi zuen (Eskandinaviako tren merkatuan erreferentziazko enpresetako bat eta trenen mantentze lanetako segmentuan bere herrialdeko liderra, eta tren flotak mantentzeko negozioan merkatu-kuota handia duena). Jarduera hori, gainera, eskualdeko operadoreei zuzendutako tren elementuen hornikuntzarekin osatzen du.

Erosketak sendotu egin zuen CAFek eremu hartan zuen posizionamendua Eskandinavian proiektu berriak eskuratzeko aukerari dagokionez. Hain zuzen ere, hurrengo urteotan, merkatu hartan lizitazioen kopuru handia garatzea aurreikusi du.

Bestalde, CAFek proiektu ugari garatu ditu Eskandinavia aldean, hala nola Norvegiarako abiadura handiko unitateak hornitzea, Helsinkirako metro unitateak fabrikatzea eta Suediarako (Stockholm eta Lund) eta Norvegiarako (Oslo) tranbia flotak hornitzea.