Javi Dominguez korrikalari gasteiztarrak irabazi du Ehunmiliak lasterketa. Seigarren aldia da garaipena lortzen duela Beasaingo helmugan. 2011an, 2014an, 2016an, 2017an eta 2018an ere lehen postua erdietsi zuen eta 2013an bigarrena izan zen.
Ostiral arratsaldeko 18.00etan abiatu zuen lasterketa eta 23 ordu, 4 minutu eta 6 segundu behar izan ditu ibilbidearen 168 kilometroak betetzeko. Ezin izan du hobetu 2019an Jon Aizpuruk ezarritako marka. 22 ordu, 21 minutu eta 54 segundu, hain zuzen ere.
Ander Erice izan da bigarren sailkatua, bi ordu eta ia 32 minutura. Hirugarren tokian berriz, Oscar Perez de Nanclaresek amaitu du garailearengatik bi ordu eta 55 minututara.
495 mendi lasterkari parte hartu dute proban. Horietatik, 470 gizonezkoak dira eta 25 emakumezkoak. Iluntzean espero da lehen emakumezkoa helmugara iristea. Goierri, Urola Kosta eta Tolosaldeko 30 udalerri zeharkatu behar dituzte 168 kilometroko luzera eta 11.000 metroko desnibel positiboa duen proban.
Bestalde, Aritz Egea urretxuarrak eta Gemma Barrabeig kataluniarrak irabazi dute Goierriko Bi Handiak mendi lasterketa. Ostiral gaueko 23.00etan abiatu ziren korrikalariak Beasaindik, Ehunmiliak lasterketakoak baino bost ordu geroago, eta gaur goizeko 9.00ak baino arinago iritsi da Egea helmugara. Urretxurarrak hamar ordutik behera jaistea zuen helburu eta 9 ordu eta 51 minututan bete du 88 kilometrotako ibilbidea. Egeak errekor berria ezarri du. Goar Lopetegi izan da bigarren sailkatua eta Joseba Escudero hirugarrena.
Gemma Barrabeig kataluniarrak berriz, 14 ordu eta 6 minutu behar izan ditu eta ezin izan du 2019an Uxue Frailek egindako 12 ordu eta 11 minututako marka gainditu. Korrikalari kataluniarrak lehen aldiz parte hartu du lasterketan eta eskerrak eman dizkio antolakuntzari. Amaia Larreategi eta Amaia Otxoa de Alda igo dira podium-era.