Igande honetan, hasi eta buka, lehiatu da Marimurumendi lasterketa, Arrastaka mendi elkarteak antolatuta. Sona handiko hiru lasterketa antolatzen ditu aipatu mendi elkarteak, Ehunmiliak proba da entzutetsuena, eta balantze oso positiboarekin bukatu da 11. edizioa, bi urteko atsedenaldiaren ostean.
Eguraldia lagun izan dute asteburu guztian eta beraz, korrikalari zein ikusleentzat, sekulako giroa egon da ibilbide guztian zehar. Igande honetan Marimurumendi lehiatu da eta Alvaro Ramos eta Larraitz Aragon izan dira azkarrenak, maratoi luzerako proban.
Gainontzeko korrikalariekin dezenteko tartea aterata gailendu dira Ramos (3:39.06) eta Aragon (4:44.14). Gizonezkoetan, Iñigo Arantzamendi ondarrutarra izan da bigarrena. Irabazleak baino bost minutu gehiago behar izan ditu (3:44.33) azken edizioan hirugarren postua lortu zuen korrikalariak. Podiuma Martin Mac Grach arabarrak (3:49:48) osatu du.
Emakumezkoetan, bestalde, lehia gehiago egon da bigarren eta hirugarrenaren artean. Aragonek lehen aldiz parte hartzen zuen maratoi batean eta bera baino kasik 15 minutu beranduago helmugaratu dira Cristina Fargas (5:01:41) eta Maria Sanchez (5:03:10).
Hala, ikuskizun paregabeaz gozatu ahal izan dute ibilbidean zehar batu diren ikusleek. Larunbatean bukatu ziren Ehunmiliak proba eta Goierriko bi handiak lasterketa eta zenbait errekor apurtu zituzten irabazleek. Emakumezkoetan, Elena Calvillo beasaindarrak irabazi zuen proba nagusia, 28 ordu eta 53 minutuko denborarekin. Irene Guembe (29:39.22) eta Leire Martinezek (29:57:16) osatu dute podiuma. Gizonezkoetan, Javi Dominguez nagusitu zen, seigarren aldiz.