EuskarAbentura 2022 espedizioaren 10. etapak Araban murgildu ditu 'jzioquitarrak', Errioxan dagoen Yuso monastegia bisitatu ostean.
«Goizean goiz abiatu dira Lizarratik, autobusez, Errioxara, eta Donemiliaga Kukula herriko Yuso monasterioa bisitatu dute. «Bertan ulertu dute espedizioaren 'Jzioqui dugu!' leloaren zentzua. Izan ere, euskaraz idatziriko inoizko esaldirik zaharrena da 'Jzioqui dugu', eta hain justu Yuso monasterioan gordetako latinezko liburu batean topatu zuten, bazter batean ohar edo glosa modura idatzirik. Adituek diote 1000. urtean idatzi zirela Donemiliagako Glosak eta, esanahia guztiz argi ez badago ere, 'Piztu dugu' izan liteke itzulpen fidelena», azaldu dute ohar batean antolatzaileek.
Monasterio alboko belazean bazkaldu ondotik, berriro ere autobusez, Arabaranzko bidea hartu du espedizioak. Añana izan dute helmuga, eta bertako gesaltzen paisaia eta historia bertatik bertara ezagutzen eman dute arratsaldearen lehen partea.
Horren ostean, «ongietorri instituzionala» jaso dute espediziokideek. Juan Carlos Medina Añanako alkateak eta Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zuzendariak hartu dituzte. Alkateak sentitzen duen «harrotasuna» azpimarratu du, EuskarAbentura espedizioa hirugarren urtez bertatik pasatzea «ohorea» delako. «Itzuli zaitezte, familiarekin eta lagunekin, ongietorriak izango zarete eta», adierazi die.
Lexuri Ugarteren hitzetan, «liluragarria» da hainbeste gazte euskaldun Añanan batuta ikustea, eta aitortu du espero duela jzioquitarrekin batera euskara ere «are gehiago» sartzea arabar lurraldean. Jzioquitarrei aholkatu die probestu dezatela EuskarAbentura disfrutatzeko eta euskara erabiltzeko: «Agian oraindik gazteegiak zarete jabetzeko, baina sekulako altxorra duzue, eta laister konturatuko zarete nolako balio erantsia duen euskaraz ikasteak eta lan egiteak».
Gaua Añanako igerilekuko belazean igaroko du espedizioak. Bihar, uztailak 11, bestalde, oinezko bideari helduko diote berriz, Argantzunerantz, Trebiñun.
EuskarAbentura 2022
EuskarAbentura 2022 Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 16-17 urte bitarteko 128 gazte euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da. 2018ko eta 2019ko udan izan ziren aurreneko bi edizioak, EuskarAbentura izeneko eta irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, aldiz, pandemiak galarazi zuen, eta 2021ekoa ere osasun larrialdiak baldintzatu zuen neurri handi batean.
Baina 2022an EuskarAbenturak jatorrizko izaera berreskuratu du, eta ibiltaria izaten ari da berriro ere. Hilabetez, uztailaren 1etik 31ra bitarte, Mauletik Getxora arteko bidea osatuko dute 31 etapatan; 700 kilometro baino gehiago orotara, horietako 500 oinez.