NAIZ

Gipuzkoako papergintzako hitzarmena ostiralean sinatzea espero dute LABek eta CCOOk

LAB eta CCOO sindikatuek Gipuzkoako papergintza sektoreko patronalak egindako azken proposamena begi onez baloratu dute, eta aurreratu dute ostiralean aurreakordio bat sinatzeko «prest» daudela. ELAk, aurrerapausoak ikusi arren ez dago ados proposamenarekin.

Gipuzkoako papergintza sektoreko langileen manifestazio baten artxiboko irudia.
Gipuzkoako papergintza sektoreko langileen manifestazio baten artxiboko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gipuzkoako papergintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bileran aurrerapauso handiak izan dira. Patronalak «azken proposamena» egin du, eta LAB eta CCOO sindikatuek begi onez ikusi dute. Sektorean 1.000 langile inguru daude lanean eta sindikatuek hauen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena berritzeko negoziaketetan daude urte hasieratik.

Laburbilduz, ADEGIk 4 urterako hitzarmen bat proposatu du, 2022tik 2025era arte. Soldata igoerei dagokienez, lehen bi urtetan KPI bermatzen da eta beste bi urteetan KPIaren gaineko igoerak. KPIa negatiboa bada, bere balioa ez da kenkari bezala hartuko soldata igoeretan.

Patronalak langile guztiei errelebo kontratua neurri berean aplikatzeko konpromisoa hartu du, Fabrikako edo administrazioko langileak bereizi gabe, besteak beste. Gainera, proposamenak hitzarmen osorako ultra-aktibitate mugagabea aurreikusten du, baita anexoentzako ere.

Proposamenak Geroari egindako ekarpenetan ere igoerak planteatzen ditu, %2ra iritsiko baitira hitzarmena indarrean dagoen bitartean.

LABek «oso positiboki» baloratu du negoziaketa luzeen ondorio den azken proposamen hau, «langileen eros ahalmena bermatzeaz gain, baimenetan aurrerapausoak ematen direlako eta batez ere langile guztiei errelebo kontratuan sartzeko aukera ematen dielako».

Horregatik, uztailaren 15ean aurreakordioa sinatzeko prest agertu da sindikatu abertzaleak.

CCOOk ere «oso ontzat» jo du proposamena. Ohar batean azaldu duenez, sindikatuaren oinarriek bat egiten dute edukiaren defentsarekin, eta aurreakordio bat sinatu nahi du hilaren 15ean, hurrengo astean fabriketan bozkatzeko.

«Testuinguru sozioekonomiko oso zailean, gure apustua eduki oneko hitzarmen bat lortu ahal izatea bermatzea izan da, aurrerapen esanguratsuak lortuz eta beharrezkoak ez diren gatazkak saihestuz. LABekin batera egindako elkarrizketaren eta testuingurua behar bezala identifikatzearen bidez lortu dugu patronalak proposamen hau negoziazio-mahai gainean jartzea, eta espero dugu sektoreko plantillen bermea izatea», adierazi du CCOOek.

ELA

ELA sindikatuak, zeinak, sektoreko ordezkaritzaren %48,98 duen, «positibotzat» jo du proposamena, bereziki soldata igoeraren aldetik, baina patronalak ELArekin adostutako eduki onuragarri batzuk kendu izana salatu du.

«ELAk akordioa lortu zuen, eta, horren arabera, enpresek ez zuten inolako arbitrajerik ezarriko, eta hitzarmenaren edozein aldaketa langileekin adostuta egin behar zela onartzen zuten. Konpromiso hori desagertu egin da azken eskaintzatik», azaldu du ELAk.