NAIZ

Iruñea eta Baionako peñek elkarlanerako hitzarmena sinatu dute

Iruñeko Peñen Federazioak eta Baionako Peñek elkarlan hitzarmen bat sinatu dute bi hirietako festa ereduen inguruan era bateratuan lan egiteko.

Iruñeko peñen giroa 2022ko sanferminetako lehen zezenketetan.
Iruñeko peñen giroa 2022ko sanferminetako lehen zezenketetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iruñeko Peñen Federazioak eta Baionak Peñek lankidetza hitzarmena sinatu dute astelehen honetan Iruñean. Hitzarmenaren xedea bi hirietako jai ereduekin lotutako arazoak, beharrak eta erronkak elkarrekin kudeatzea eta afera hauek konpontzeko proposamen edo irtenbide bateratuak diseinatzea da.

Hitzarmena Iosu Sanchezek, Iruñeko Peñen Federazioko presidenteak, eta Andre Lalannek, Baionako Peñen presidenteak, sinatu dute. Hitzarmena bi erakundeen arteko lankidetza esparru zabalagoa ezartzeko lehen urrats bat izan da. Hori horrela, lankidetza esparru honen baitan hainbat lan eremu zehaztu dituzte, hala nola, kontsumo arduratsua, tokiko ekonomiaren sustapena, ingurumenaren iraunkortasuna, jaien eragin ekologikoaren murriztea eta genero berdintasuna.

Sinadura ekitaldira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria ere bertaratu da. Hala ere, sinaduraren aurretik hainbat lan bisita izan ditu Ollok bi erakundeen egitura eta antolaketa ezagutzeko eta mugaz gaindiko lankidetzarako aukerak aztertzeko, esperientziak trukatzeko eta antolaketari eta herritarren parte-hartzeari buruzko ezagutzak partekatzeko.

Bestalde, azken hilabete hauetan zehar, bi elkarteak Baiona eta Iruñeko zenbait agintarirekin harremanetan egon dira mugaz gaindiko elkarlana nola bideratuko duten zehazteko.

Olloz gain, ekitaldian Nafarroako Gobernuko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusia eta Baionako zinegotzi eta Euroeskualdearen, Mugaz Gaindiko Lankidetzaren, Portuen eta Aireportuen kontseilari delegatua egon dira.

Baionak eta Iruñeak 1960az geroztik daramate senidetuta eta, ordutik hona, hainbat esparrutan sortu dituzte lankidetza akordioak: ikasleen elkartrukean, bisita ofizialetan, kultura topaketatan edo ondare material eta ez-materialari balioa emateko proiektuetan, besteak beste.