Espero zitzakeen emaitzarik txarrenak eman dizkiote Unai Alberdiri egindako froga medikuek eta, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsia duela jakinda, azpeitiarrak denbora luzea eman beharko du kantxetatik kanpo. Asteleheneko sanferminetako jaialdiko lehen partidan hartu zuen min azpeitiarrak, Imazekin batera, Vitctor-Tolosaren aurka markagailuan 16-12 zirelarik eta beroan partida amaitzea lortu bazuen ere, hasierako beldurrak goitik behera berretsi ditu Gasteizen egindako erresonantzia magnetikoak.
Baikok zabaldutako txosten mediku laburrean esaten denez, aurrelari gipuzkoarrak ebakuntza bat jaso beharko du eta, itzulera eperik ematen ez bada ere, halako lesio batek 6-8 hilabete behar izaten ditu guztiz osatzeko. Momentuz, ez dauka datarik ebakuntza horretarako, handituta duen belauna bere onera itzultzen denean egitera itxoingo dute eta. Gauzak ondo, hurrengo urteko udaberri aldera erabat osaturik izango da azpeitiar gaztearen helburua.
Halako lesioak sekula ez datoz une egokian, baina Unai Alberdiren kasuan nekez etor daiteke une txarrago batean, apenas bete baitu urte erdi profesionaletan. Urtarrilaren 21ean egin zuen debuta Baikorekin eta azkar eta ondo ari zen egokitzen maila berrira. Azken Promozio mailako Buruz Burukoan finalerdietara heldu zen –Jon anaiak kanporatu zuen– eta azkenaldian izandako emaitza onei esker, normalean estelarretan aritzen diren zenbait pilotarirekin aritzeko ateak zabaldu zizkion enpresak.
Asperentzat Urzante desafioa
Sanferminei dagokionez, Aspek eraman zuen asteazken gaueko Urzante Desafioa, jokoan ziren hiru partidetan Eibarko enpresako pilotariak nagusitu ziren eta. Lau eta erdian Peio Etxeberriak 14-18 irabazi zion Peñari, binakakoan Ezkurdia-Martijak tanto bakarraz Urrutikoetxea-Imazi eta dena erabakia zela, Zabalak sekulako astindua eman zion Jon Alberdiri, 18-1.