NAIZ

Esperientzia handiko Xavi Rabaseda fitxatu du Bilbao Basketek datozen bi denboraldietarako

Hegaleko katalanak 33 urte eta 1.96 metroko altuera du, eta Hereda San Pablo Burgosetik helduko da, talde gaztelarrarekin bi Champions League eta Kontinentearteko bat irabazi ondoren.

Xavi Rabasedak Bilbao Basketen jokatuko du datozen bi denboraldietan.
Xavi Rabasedak Bilbao Basketen jokatuko du datozen bi denboraldietan. (BILBAO BASKET)

Surne Bilbao Basketek badu beste jokalari berri bat datorren denboraldirako. Xavi Rabasedak talde bilbotarrean jokatuko du datozen bi denboraldietan.

33 urteko jokalariak eperienzia nahikoa du ACB Ligan. Hereda San Pablo Burgosetik helduko da, talde gaztelarrarekin bi Champions League eta Kontinentearteko bat irabazi ondoren. Ez hori bakarrik. Izan ere, Burgosko taldera iritsi aurretik, Rabaseda munduko txapeldun izan zen 2019. urtean Sergio Scariolok zuzendutako Espainiako selekzioarekin.

Hegaleko katalana Bartzelonaren behe mailetan hezi zen, eta bertan ekin zion ACB Ligako ibilbideari 2008-2009ko denboraldian. Garai horretan Liga ere irabazi zuen, oso gutxi jokatu arren.

2010-2011ko denboraldia Fuenlabradan egin ondoren, Bartzelonara itzuli zen hurrengo bi denboraldiak bertan jokatzeko, eta Kopa eta Superkopa irabazi zituen. Jarraian, Kanaria Handira joan zen eta bost denboraldi egin zituen bertan, 2016-2017ko denboraldiko Superkopa irabaziz.

Modu honetan, Bilboko taldearen fitxaketa berriak 410 partidako esperientzia dauka ACBn, eta Euroliga, Eurocup eta Champions League txapelketetan ere aritua da.

Rafa Pueyo Surne Bilbao Basketeko kirol zuzendariak nabarmendu du Xavi Rabaseda «esperientzia handiko» jokalaria dela. «Lidergoa emango digu, bere ibilbideagatik eta Liga oso ondo ezagutzen duelako. Jokalari bezala oreka emango digu kanpoko jokoan. Defentsan maila oso altuko jokalaria da, eta uste dut hori falta zitzaigula. Oso pozik gaude fitxaketarekin», azpimarratu du.